2016.01.25
Diskoaren aurkezpena medio izandako elkarrizketetan adierazi dutenez, kantari eta bertsolariaren elkarlan hau bertsoari iraunkortasun apur bat emate aldera gauzatu zen, plazetan jarritakoen bizialdi laburra luzatzeko asmotan edo. Bide berria da, neuk dakidala, eta bertso munduak zerbaiten beharrik izatekotan, bide berrien beharra duenez, ongi etorria izan dadila saio hau.
Bada, bestalde, bertsoaren osasunerako onuragarri izan daitekeen beste alde bat: gaur egun bertsolariak mozorrotzea modan bada ere, eta bertsolariari beste norbaiten lekuan kanta dezala eskatzea tradizio luzea izanda ere, ene ustetan bertsolari bakoitzaren nortasun publikoa, aurreritzi-eritzi-estiloak osatzen duten irudia indartu beharrean dago. Inoiz bertsolaritza topiko eta errepikapenez libratuko bada, bertsolariaren indibidualitatea bultzatu egin beharko litzatekeela iruditzen zait, ez baita posible guztiek mundu ikuskera berbera izatea, batzu errealzale eta beste batzu atletizale izateaz at.
Testua: Gerardo Markuleta (Euskaldunon Egunkaria, 1991-03-16)