2015.02.19
Karlos Arko (Anaitasuna aldizkaria, 376. zenbakia, 1979-01-16)
Txomin Artolak bere diskotan (Anaitasuna 373. zenbakia) errekuperatu duen Walt Whitmanen obraren parteari, hainbat kritika egin zaio eta lan hori euskal merkatuaren goi mailetara iristen ari da. Horregatik, Anaitasunak are hurbiletik agertu nahi izan du, itsasoak eta mendi giroak ukituriko Ondarribiako hogeita hamar urtedun musiko gazte honen nortasuna.
“Ondarribian jaiotakoa naiz, eta itsasoaz, gure herriaz eta euskaraz sakonki maitemindurik nago. Nire ustetan, euskararen galtzea, El Prado-n, Louvre-n edo Art Galery-n bonba bat jartzea bezala litzateke, edo are gehiago, zeren daukagun erantzukizuna handiagoa baita. Euskara defendatu egin behar dugu, mintzairarik zaharrenetarikoa baita. Ni gizon arrunt bat naiz, trukorik gabea eta euskara eta Euskal Herria maitatzen duena”.
Orduan, zuk maila pertsonal batean definitzen duzu zeure sentitze politikoa eta egia da, zure obra ez dela politikoa zentzu konbentzional eta zuzen batean. Baina, nire ustez, beste zentzu batean politika da, hau da, konbentzionalismoak hautsi eta alderdi edo ideologien eskemetan sartzen ez diren elementuak agertzen diren aldetik. Zerbait al dago zure ahotsean, jendeari konfidantza eta hurbiltasunaren antzeko zerbait sentiarazten diona?
“Nire ahotsa normala da, guztiz arrunta eta nik ez dut uste, zuk “politiko-ekologista” bezala definituko zenukeen estetika bat sortzera iritsi naizenik. Ez naiz kantaria ere. Seguru asko, desfakultate hori daukadalako dateke.”
Agertzen zaizkizun duda profesionalen mailan, non daude segurtasun falta eta etsipena?
“Nire frustrazioa, euskal musikoa herrikoia ttikitatik ez jasotzetik datorkit. Ezagutzen dudana, kantutegi eta liburuen bidez izan da. Honek min ematen dit, zeren kantu bat osatzerakoan, gehien influentziatzen zaituztenak, zeure herriko tradizio musikalak baldin badira, hori, modu eboluzionatu batez isladatuko da normalki zure nortasunean. Lotsatu egiten naiz, neure haurtzaroa Beatles, Tom Paxton, Paul Simon edo McCarty-ren musiken influentziapean pasatu dudala esatean. Eta bestalde, kezkatu egiten nau jakiteak hogei urteren buruan, haurrek orain egiten ari garen musika hau entzunen dutela beronen influentzia jasoz, eta horrela pausoka, oinarrituko dela gure herriaren nortasun berezia.”
Balio autobiografikorik al du egiten duzun musikak? Esate baterako, Belar hostoak diskoaren bidez, sakonki ezagut zaitzakegu?
“Bai. Diskoan gorabehera desberdinak agertzen dira, eta ene bizitzean ere, depresioak eta mementu optimistak ba dira. Hori, entzulearen sentikortasunaren arauerakoa ere ba da. Diskoak ene izateko moduaren irudi zuzen bat agertzen du. Nahiko lan zintzoa da eta, beraz, nire parte zuzen bat.”
Hogeita hamar urte bete dituen gizon batentzat, zail samarra gerta daiteke, Whitman-ek baserri bizitzaz zituen ideiak praktikara eramatean, batik bat, bizi garen hipermerkatu eta maxihamburgesen sasoi honetan…
“Burrukatu, gauza guztien kontra egin behar da, eta bakarrik aurkitzen gara. Orduan, nortasun eta indar handiren jabe ez baldin bazara, eta batez ere, barne bizitze aberats bat ez badaukazu, argi dago, bizitza sintetikoaren aparatua martxan jartzen duzula. Niretzat, baserri bizimodua, aberasten nauen bakartasunarekiko enfrentamendu bat da; aberastu egiten nau, ene buruz ezagutzen laguntzen nauelako, eta horrela gizartearengana itzultzean, horri esker, nire esperientzia eman diezaioket, berarengandikoa jasotzen dudan artean. Baserri bizimodura itzuli beharrean gaudela uste dut.”
Barne bizitzeaz mintzo zara. Mistiko bat zara?
“Hori hitz handia duzu. Dena den, egun osoa pentsatzen ematen duen pertsona bat naizela esan diezazuket, eta maniako depresiboa naizela, nahiz eta paranoiarik izan ez.”
Nolakoa da, zure ustez, zure musika zuzentzen diozun herriaren desarroilo sozial eta nazionala?
“Ez dakit. Beste batzuk erantzun dezakete hau. Zer nahi duen ba dakielako bizi den herri bat dela uste dut. Dena den, krisialdietatik beti ateratzen da zerbait berri eta onik.
Berriz zure diskoaz hitzegiten, herri honetako mugimendu kultural batzuk extranjerizaletzailetzat kritikatu dute Whitman-en poemetaz burutu duzun lana, batez ere, Euskal Herrian diskografikoki oraindik ezaguturazteko dagoen poeta asko dela ikusirik.
“Horik, errespetatzen ditudan eritzi pertsonalak dira. Whitman-ek bizitzen lagundu nau. Ni ez naiz profeta bat, eta ez dut izan nahi. Baina gustatzen zaidan jaun bat ezagutzen dut. Kantu batzu osatzen ditut. Diskoa grabatu eta… eginik dago. Jendeak bestelako gauza bat eskatzen badit, nik zintzoki, bestelako gauza hori ezagutzen ez dudala erantzun dezaket. Dena den, Belar hostoak diskoan dauden zortzi kantu horik, ezin izan daitezke Whitman-en definizio bat. Whitman definitzeko bere obra osoa behar da. Errepresentagarriak izatea ere ez da izan ene helburua
HIRU EPEDUN ISTORIO BAT
Olaxta oinarrizko disko bat izan zen, zuen sentsibilizazio ahalmenagatik, eta orduan genituen premia musikaletara hurbiltzen zen estilo bat agertarazi zigulako. Nola dakusazu gaurregun disko hura?
“Zerbait baliogarria izan zela dakusat eta onartu egiten dut. Hala ere, ez nago konforme ondorioaz. Teknikoa da. Nire asmoa, zerbait sakonago egitea zen, lan instrumental handia egin nahi nuen Gaur hobatzeko gauza nintzateke, baina orduan oso gaztea nintzen eta “txapuzazko” zirkunstantzietan grabatu nuen. Agian, urte batzu barru, bertsio berri bat egingo dut.”
Haizea, hemen ezezagunak ziren zenbait ideia bota zuen talde bat izan zen. Orain, Txominik gabe, nola dakusazu Haizea?
“Nik biziki ona izatea nahi nuke. Horrela lasai geratuko nintzateke, ez bainukeen lagunduko gure panorama musikalean premiazkoa den zerbait desagertzeko. Harremanetan nago Haizeakoekin eta pozik daudela somatu dut grabatokira sartzeko gogo handiz.”
Eta orain Belar hostoak. Ezagutu nahi genuke lan honen jatorria.
“Hippien urteetako Whitman-en ezagumenduaz jaio zen ideia. Filosofiazko maisu bat zen. Berarekin identifikatu, eta berehala bururatu zitzaidan haren “Lan Osoak” itzuli eta musikatzeko ideia. Orduan, nire lehen diskoa kaleratu gabe zegoen oraindik. Jendea bilatzen hasi nintzen. Haizea agertzen da. Baina ez genuen orduan Whitman-en temarik ukitu, Haizeakorekin musika tradizionala desarroilatu nahi nuelako.”
Belar hostoak lanak izan duen gogorrena zer izan da? Whitman-en poemak euskarara egokitzea, konponketa musikalak egitea, ala lan horretan aritu diren musikoek zure ideiarekiko beharrezko konpenetrazioa lortzea?
“Itzulpena problema handia izan zen, poeta hori bere hizkuntzaren bidez expresatzen baita. Halabaina, barregarria litzateke lana ingelesez egitea. Jatorrizko hiru iturri erabili genituen, ingelesa, nahiz eta Whitman-ena ingeles hutsa izan ez, Iparrameriketako argota erabiltzen baitzuen. Ingeles Arkaikoaren aldekoa zen Whitman. Frantsesezkoa, eta azkenik, gaztelaniazko bertsioa.
Lagundu ninduten musikoekin, lan serio serioa egin genuen. Ba nekien zer zen lortu nahi nuena. Ez nuen Madrilen grabatu nahi, horiek gure nortasuna ez baitute ezagutzen. Iparraldean egin nuen. Errobi taldeko Ange eta Mitxel Ducau-rengan adiskidantza eta konpenetrazioa aurkitu nituen. Beraien posibilitateak koordinatu egin nituen, eta erresultatua, bistan da, entzun nahi duten guztien eskura.”
Eta Belar hostoak honen ondoren?
“Folklorea ikertzen ari naiz. Orain, hogeita bost urtez, ikusmena galdu duen poeta adiskide baten kantuak prestatzen ari naiz. Izugarri sentikorra da bere obra eta, agian, berorri dedikatuko diot nire hurrengo diskoa. Bestalde, bizibide bezala, euskara eta kitarrazko klaseak ematen segitzen dut.”