2015.05.29
Euskal Herriak betidanik izan du musikarekiko erlazio estua, nahiz eta gaur egun ateratzen ateratzen ari diren talde gehienek euskal sustrai arrastorik ez eduki (musikalki, alegia). Pop edo rock alorrean mugitzen diren talde guztien artean, zoriontzekoa dugu 6Nemen9 Elgoibarko talde hau, azken boladako diskorik interesgarrienetako bat argitaratu baitu.
Yogur baten promoziorako balio duen azal orijinal horren azpian, badira identitate berezi eta pertsonal bat duten hamaika arrazoi. Gau ezezagun batekin hasten dute diskoa, lehen minutuak pop giro batez kutsatuz. Laboari omenalditxo bat euskal mistikoetan, tristuraz abesten diote ondoezik dagoen aitari, malko mingotsez zipriztinduz doazen heinean, irribarre arraro eta obsesibo bat erakusten dute errebantxa eskatuz, estanke batean atsekabez ito beharrean dabiltza (Laboa berriro?). Zazpigarren arrazoian hortzak ateratzen dituzte, zortzikoak dantzatzen dituzte eta zorabiatuz itzuliko diren galdetzen dute. Kalitatez gauza gehienek bezala, emeki dastatzea komeni da.
Disko honetan izugarrizko elkarrizketak bermatzen dira baxu, gitarra eta ahotsen artean. Euskara aberatsa erabiltzen dute, eta ezohikoak eta guztiz euskal kutsukoak diren melodiekin jostatzen dira. Egia esan, kanpoko taldeekin konpara genitzake, baina zertarako? Hauek gureak baitira… Zorionak.
Testua: Iban Urizar (Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-22)