Ondarea

Josu Larrinaga

2018.05.22

Josu Larrinaga

‘Lore bat, zauri bat’ (Xabier Lete, 1978)

Lore bat, zauri bat, Xabier Letek 1978an —Antton Valverderen laguntza musikalarekin, karpetan esaten den legez— grabatu eta argitaratu zuen diskoak despedidaren kutsu argia du, laster utziko dituzte kontzertuak, eta oro har musikagintza, biek, eta baita jadanik Leteren bikotea den Lourdes Iriondo kantariak ere. Hamar urte baino gehiago daramate zeregin horretan —neurri handi batean engaiamendu politiko edota kulturala suposatzen duen zeregina, alegia, nahiz eta sen artistiko handia duenarentzat dakarkion proiekzio publiko eta jendearen begirunea positiboa dela suposatzen den—, Ez Dok Amairu taldea aspaldian desagertu da eta kantari eta kantaldien loraldiak —Estatu espainiarrean Francisco Franco jeneralaren diktadura, haren heriotzarekin eta, batez ere Euskal Herrian, hedatu den aurkaritza sozial handiarekin, arrakalatzen ari den momentu batean— ez dio zapore goxoa utzi gure hirukoteari. Ez dituzte asko maite kantaldietan agertzen ari diren manera berriak —etengabeko aldarrikapen politikoak, ikurrinen erakustaldia, musikari eta euren behar tekniko eta musikalekiko begirune urria…— eta giroarekin gogaituta beste zeregin batzuetan arituko dira.

XABIER LETE  HG-181 LS

Juan Luis Goikoleak egin zuen azalaren diseinua.

Baina, aldi berean, urte batzuk geroago nor bere aldetik bueltatzen direnean —Lete eta Valverde, Iriondori osasun arazo handiek ez zioten beste aukerarik emango— Lore bat, zauri bat diskoan erakutsitako estilo eta zaletasunak islatuko dira produkzio berriago horretan: musika klasikoaren sonoritatearekiko hurbiltasuna, kantaera hanpatu samarra, instrumentazio sotila pianoaren erabateko protagonismoarekin, chansonier frantsesekiko larregizko mimetismoa… Ez ziren, ez, 1978an kantaldietan nagusitzen zen giroarekin bat etor zitezkeen formak… Eta ziurrenik, ez diote ere asko laguntzen diskoaren betikotasunari, Lore bat, zauri bat ez da ondo zaharturiko produktua, baina, bestalde, bere dohaiak hain erabatekoak dira!

Lehenengo eta behin, kantuak. Hortxe dago “Xalbadorren heriotzean”, Leteren abesti ezagunena, entzunena eta, batez ere, kantatuena: nahiz eta orain arte esan dugunagatik nolabaiteko elitismoa leporatu dakiekeen, Letek eta Valverdek herri kanta, bertso, kopla eta abarren ezagupen entziklopedikoa dute eta, batez ere, horiekiko sentsibilitate aparta; horrela lortzen dute mahaiaren bueltan, mendian gora edo behera, tabernako ordu txikietan edota edozein zita kultural edo politiko-sozialean, euskaldun jendearen artean koruan kantatzeko grina sortzen denean, ia automatikoki, Urepeleko artzainarekiko akordua sortzea eta “Non hago, ze larretan…” kantuka hastea guztiak. Baina Xalbadorren bizitzaren ezagupena duenak badaki kantu horretan Euskal Herrian korapilatzen diren ikuskera, jarrera eta portaera kultural askoren erradiografia aparta egiten dela…

Edo “Teologia, ideologia”, non Brassens edo Dylan edo Txirrita kaustikoenen eragina hain nabaria den: abestian kristau onaren betekizunetatik iraultzailearen militantzia perfektura jauzia eman duenaz trufatzen da –askoz geroago zientzia sozialek nabarmendu dute (Juan Aranzadi antropologoak edo Pérez-Agote soziologoak) Euskal Herrian garai horretan ematen den “sakralitate transferentzia”–, baina Letek tipoa marrazten du, fenomenoa bere gorian zegoenean: paradisu erruraletik Sestaoko Altos Hornosetara lanera, baina militantziagatik, langileak antolatzeko, joandakoa ez da fikzioa. “Handik aurrera Adan jartzen da / su ta gar kausaren alde / folleto batzuk eman diozkate / hutsaren truke, debalde / Marx eta Lenin irakur ditzan / gehiegi nekatu gabe, / hiru astean egiten zaigu / fede berri baten jabe // Eta horrela bihurtzen dira / teologiak programa, / nolabaitean arindu nahirik / gizonak daraman zama / Ez baldin badu guztiz galdu nahi / nahiko eskas duen fama / Moscu aldera itzul liteke / Erromako elizama”. Eta kanta honetan melodiek, gitarrek, pianoek ere, kar-kar sarkastikoa egiten dute.

Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Antton Valverde, Donostiako Trueba zinema aretoan, 1976an.

Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Antton Valverde, Donostiako Trueba zinema aretoan, 1976an.

Berak askotan esan duen legez, esistentzialismoari, eta bizitzaren ikuskera tragikoari, asko zor dio Letek eta hori nabaria da “Haizea dator ifarraldetik” bezalako kantuetan. Eta halako abesti sakon bezain tristeetan sonoritatearen klasizismo hanpatu hori, epe luzean, kalte bilakatu badaiteke ere, ezin ukatu moldeak eduki duela gero itzal luzea beste sortzaile batzuengan: Imanolen azken diskoetan; noski, Lete eta Valverderen osteko produkzioan; Zuberoa aldetik datozen hainbat kantarirengan; edota, era sotilagoan, agian, Jabier Muguruzarengan edota Mikel Laboaren azken produkzioan ere.

Lehenago ezagututako Lete azido eta ironikoa faltan bota daiteke, baina ezin uka tokatu zitzaion bizitza latzari ere aurre egin ziola Oiartzungo kantariak bere musika eta kantu triste, eder eta sakonen bidez; disko honetan ekiten dio bide beltz horri, urte batzuk geroago berrartuko duen bideari, alegia.

Nahiko hunan, Beatriz / poeta baten bertsoz / hire gaztetasuna / ispiluan mirestu / Nahiko hunan gaur ere / bizitzaren kaliza / ardo gorriz beterik / gozamenetan hustu”, kantatu zion Letek disko honetan Beatriz Allenderi; orduan ez zuen jakingo bizitzan berak, bere gorputzean eta hurbilekoengan, gaixotasunaren kalizatik sobera ardo edan beharko lukeela. Inork ordezkatzen baditu belaunaldi baten gogo eta ezinak, eta autokritika, horixe izan zen Xabier Lete, bere bizitzan bizi izan zuena eta bere obran gelditu dena.

ETIKETAK:Antton ValverdeDiskoakEz Dok AmairuHerri GogoaImanolJabier MuguruzaLourdes IriondoMikel LaboaXabier Lete