Ondarea

badok

2015.02.24

badok

Suak, eguzkia eta itzala

Lau eskutara

‘Lau eskutara’ (Julio Pereira eta Kepa Junkera, Elkar, 1995)

Kalejira al-buk diskoa entzun baduzu, disko hau %100ean ulertzeko eta berarekin lehertzeko moduan egongo zara. Kalejira al-buk Infusioneko mutilen eta Keparen aldi triki-folkiaren gurutzaketa oso bariatu bat bazen, hau, Trans-Europe Diatonique-n bezala, motibo berezi batean (Julio Pereirarekiko ‘ezkontza’) tinkatutako lana da eta, areago, arnas kolpe oso luze eta sakon batean biltzen den oihu estetiko bat.

Ba al dakizu zer den bi mutil ‘detallista’ juntatzea? Ixpi bat hemendik, beste bost hortik… detallezko erregaliz beteko dizkigute belarri barrenak. Kalejira al-buk hobeto ulertuko dugu: hango proposamen zuzen eta asko haiek, hemen, dosi txikietan eta Pereira patriarkaren itzal goxo eta lasai baina izugarri ‘bello’ eta distiratsuaren pean gerizatuko dira eta beren freskotasun guztia adieraziko. Agian, Kalejira-n dena eguzkia zen eta lagungarri onena bilatu du: itzala.

Pereirak txispak ateratzen dizkio musikari bere zilargin mailuarekin. Portugalgo gitarrakien hotsa gauza ederra eta atsegina da, trikitia ere baden bezala. Baina a ze parea juntatu diren, biak ere beren musika ustegabeko gailur eta ahaireetara eraman dutenak!

Guk Keparen trikitia entzun nahi eta Portugal-kutsua dago nonahi: mestizaia delako hori dagoela? Ea, Zialtzeta edo Auntxaren soinua entzutean nori ez zaion belarria joan izan Alto Minhoko soinujoleengana edo Ribatejoko fandangoetara.

Hemen erakusten du sokak, eta maisuki jota gehiago, zeinen ondo janzten duen soinu txikia (eta alderantziz). Zer enkantoa Juliorena, sokei driz-driz metal eta egur noblezko txinpartak darizkiela. Lan honek depurazio esan nahi du, doinuak kontraste garbiz garatzea. Matiz diferenteak sortu dituzte, hots efektoak, musikarien injenioaren irudimenaren erakusgarri, eta, hari gordean, Phocasen maisutasuna grabatzerakoan.

Mielanjel Arana (Argia astekaria, 1.561. zenbakia, 1996-01-21)

ETIKETAK:ArgiaDiskoakElkarHemerotekaKepa JunkeraKritikakLau eskutaraMielanjel Arana