Ondarea

badok

2015.02.27

badok

Kalitate onekoa, ausarta eta ganberroa

Amonaren mengantza

‘Amonaren mengantza’ (Amaia Zubiria, IZ, 1995)

Kantagintzan jorratu duen bide luzearen ondorio moduan, orain arte kaleratutako dozena inguru disko utzi digu Amaiak. Baina ba omen zuen ezkutaturik beste era bateko kutiziarik, bere gustu-gustukoen bilduma egitea alegia: izugarri maite dituen Indalezio Bizkarrondo Bilintx handiaren zenbait kanta, beste zenbait herrikoiak eta beste batzuk Amaiak berak idatziak.

Abesti zaharren bertsio eguneratuak egin ditu, bertso zaharrak rantxera, runba —”Biyotz erituaren runba”, “Biyotzeko asto gaxua”…— eta trikiti doinuan emateko. Horra hor ausardiaren lehena. Baina horietaz gain, Amaia berak barru-barrutik idatziriko zenbait poema zuzen eta argi ere biltzen dira. Orain arte euskal musikagintzan sekula edo ia sekula izan ez den zintzotasunaz agertzen ditu zenbait gai tabu, baina ideiak eta pentsaerak askatasun osoz ematen dizkigu, argi eta garbi, modu xehe eta apal batean. Hor dira “Zaldi bat daukat”, “Ametsetik ametsera”… horra ausardiaren bigarrena.

Orain arte euskal musikagintzan ia sekula izan ez den zintzotasunaz agertzen ditu zenbait gai tabu

Bere boz eder eta paregabea ohiko bidetik, baina erregistro ezberdinetan kantatzeko gaitasuna ere erakusten du, Maite Idirinekin batera “Adizan Gabriela” edo diskoa zabaltzen duen “Amonaren mengantza” kasu.

Emaitza? Ekoizpen ezohiko eta bilduma moduko batek eman dezakeena oso emaitza berezia da, zenbait jende eskandalu bidean jartzeko modukoa edota erakutsiriko ausardiaren aurrean, bideari jarraitzeko modukoa. Badirudi hastapen-adarrikapen baten bilduma dela, norberak bere gustuak asetzeko egina; baina erne, bihar beste hastapen-aldarrikapen batekin harrituko gaitu apika. Umorea nagusitzen da disko osoan, baina ez zaio noski kalitateari muzin egiten. Ganberro samarra beraz, jostaria eta indarrez betea. Harribitxi hauen guztien artean, bi azpimarratzeko, “Adizan Gabriela” eta “Ametsetik ametsera”. Erne, bost handira bota du, entzulearen esku eustea.

Ritxi Lizartza (Argia aldizkariaren 1557. zenbakian, 1995eko abenduaren 24an)

ETIKETAK:Amaia ZubiriaAmonaren mengantzaArgiaDiskoakHemerotekaIZKritikakRitxi Lizartza