Ondarea

badok

2015.03.12

badok

Hunkitzeko apustua

Zure minari

‘Zure minari’ (Bide Ertzean, Gaztelupeko Hotsak, 1999)

Diskoaren kutxazalean haiek dioten bezala, “esku artean duzun disko hau berezia da”; izan ere, Jose Luis Otamendiren poesian oinarritutako testuak musikatuz eraikitakoa da. Halako proiektuak edo apustuak latzak bezain arriskutsuak izaten dira; hau da, emaitza kaskarra lortuz gero, bai musika bai hitzak porrot egindako txakur amets legez har daitezke.

Hala eta guztiz ere, ez da hori gertatu Bide Ertzean taldearen estreinako lan luzearekin. Pozez hartu beharreko lana da. Bertan, lehen diskoek ez duten heldutasuna nabarmentzen da.

Dotoretasunez, eta askotan etsipenez, dardarti uzten gaituzten pop-rock doinuak marrazten dituzte, eta edonork bizitako zenbait momentu eta egoera gogora ekartzen dizkigute tolosarrek. Era ezberdineko kantak batzen dituzte; betiere amodio eza, zalantzak, betiluna… azken finean, amodio hitz ikaragarriak dituen esanahi eta atal asko aztertzen dituzte.

Lan zaila da abesti bat edo bestea azpimarratzea, baina agian “Ene ezpainetan”-ek sortutako bihotz zorabioa —primeran sartu dituzte koruak— edo “Zuk esan zenidan” itxaropen goibelez zipriztindutako kanta ditut gogokoen. Azken finean, hunkitzeko estreinaldia dugu Zure minari.

Hariz Quintana (Euskaldunon Egunkaria-ko Barkatu, ama gehigarria, 1999ko irailaren 23a)

ETIKETAK:Bide ErtzeanDiskoakEuskaldunon EgunkariaHaritz QuintanaHemerotekaKritikakZure minari