2014.06.26
Brassens mugatua omen zen konposizioan, Lizardik ez omen zuen euskara sakon menderatzen… Ikasteko guztiak ikasiak diren zenbat konpositore ez ote dauzkagu, abesti jator bat sekulan moldatuko ez dutenak? Zenbat euskaltzain oso, bertso baten erdia graziaz koplatzeko gai ez direnak?
Hiru akorde, lelo bat: badoa arranoa airez aire.
Dena jakitea baino, daukagun gutxi-asko horrekin zer egin jakitea da kontua. Imanol, ikasteari uko egin gabe, ongi moldatu zen bere moztasunetan. Ez zen ez elastikoa ez hiztun beldurgarria, eszena bete egiten zuen ordea; ez zen letragilea, baina arretaz hautatzen zituen besterenak; ahots lodi zakar antzekoa zuen, eta maitasun kantu hunkigarriak utzi dizkigu…
Poetikoa baino politikoagoa izan zen Imanolen lehen kantagintza; gero abesti letradunaren oreka zail hori lortu zuen kantu gogoangarritan Mikel Arregi, Joseba Sarrionandia eta Jon Miranderen testuekin, eta azkenik, bere bizitza eta bere jardun publikoa inoiz baino politikoagoa zen aldian, liriko hutsa bihurtu zuen kantua. Bere jarreran egin zen kritiko, ez bere kantuan. Gatazkarik gabeko harreman baten bila ikusten nuen nik Imanol kantaria, euskaraz kantatzearen nostalgia balu bezala, ez premia.
Sobera urrun goratua zen arranoa.
Maiatzeko Plazako amei ETA zer den esplikatzera joan zitzaien Madrilgo Complutenseko irakasle Fanny Rubiok kronika bat argitaratu zuen El País egunkarian “Contra el miedo” kantaldia egin zenean. Morroskoak malkotan eta zirimiria bezalako topikoen artean, Imanolek kantatu zenbait abestiren pasarteak itzuli zituen, gaineratuz: “Ezker abertzaleko horiek letra hauek konprenitzeko sentsibilitatea balute…”. Letra haiek, hain zuzen, ezker abertzaleko idazle birenak ziren. Haietarik bat, kronikagilearen ahalkegarri, ETAkide izateagatik kondenatua zen, eta profugo dabil oraindik.
Denok ez gara noski sentsibilitate berekoak.
Baina ezkerreko eta abertzale ez gutirentzat, Imanol gure kontradikzioen parte da, gure bizitzaren gazi-gozagarri.
Eta hustasun mikatza utzi digu esateko zeuzkanak kantu ez bihurtuak.
(Berria egunkarian, 2004ko ekainaren 27an argitaratutako artikulua, Koldo Izagirrek idatzia. Imanolek musikatutako Nire euskaltasuna poemaren egilea da Izagirre)