2015.03.03
Reggae musikarekin betidanik harreman estua izan badu ere, orain arte ez du izan Fermin Muguruzak roots izpirituz beteriko lan oso bat egiteko aukera. Brigadistak Sound System hau, ordea, reggae disko bat da oso-osorik. Hori baino askoz gehiago esan beharko genuke, estilo horren aldaera ezberdinek —roots, ragamuffin, ska, jungle— tokia baitute bertan. Bidaia disko bat ere bada. Munduko beste hainbat tokitan grabatua, euskal musikari batek mundu osora zabaltzeko egindako lana da, irekia bai musikalki bai hizkuntzaren aldetik —euskara lan osoaren ardatza bada ere, beste hainbat hizkuntza ere aditu daitezke—.
Radici Nel Cemento taldearekin batera jotako “Urrun” reggaearekin hastearen da diskoa eta abesti beraren gainean Mad Professorrek egindako dub bertsioarekin amaitu. Bien artean, denetarik aurki dezakegu. Desorden Público taldeak (“Hitza har dezagun”) eta Los Van Vanek (“Oasiko erregina”) izugarrizko festa giroa ematen diete jo duten kantuei. Aztlan Undergroundek (“Nazio ibiltaria naiz”) eta Xabi Peryk (“Puzka”), berriz, jungle eta erritmo programatuak sartzen dituzte. Diskoak askoz gehiago eskaintzen du, baina aipa ditzagun beste bi kantu ere: “Maputxe” Manu Chaoren parte harzearekin eta “Newroz” Iñigo Muguruzak idatzitako kantu ederra.
Mikel Lizarralde (Euskaldunon Egunkaria-ko Barkatu, ama gehigarrian, 1999ko ekainaren 10ean)