2015.03.05
Esan Ozenki disketxeak 1997ko diskorik interesgarrienetakoa kaleratu digu udarekin batera, disketxearen ohiko soinu azkar eta gogorrak alde batera utziaz.
Ez da disko erraza, ez baikaude ohituta Anari-k proposatzen dizkigun soinuetara. Dudarik gabe, diskoa entzuteko beharrezkoa da une egoki bat, lasaia, eta ez goizaldean herriko jaien zaratapekoa.
Disko intimo bat burutu du azkoitiarrak, bera da protagonista ia kantu guztietan, bere beldurrak, kezkak, galderak… bere ahotsean. Testu guztiak idatzi ditu, “Minaren funtsa” izan ezik, eta iturritzat Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika… eta besteren lanak izan ditu kontuan.
Bi zatitan banaturik dago diskoa: batean Anari talde baten laguntzaz agertzen den kantuan biltzen dira (“Gure mundua”, “Galderak” eta beste), eta Mikel Abrego eta Xabi Strubellen parte hartzea funtsezkoa antzematen da. Bestean berriz, Anariren beste alde bat ikus daiteke, bakarrik bere gitarrarekin. “Tren bat zure barrura” edo “Desnúdame, desdúdame” kantuen sinpletasunak benetan erakartzen du, bere ahotsa eta gitarrarekin soilik abesti ederrak sortzeko duen gaitasuna.
Ez da kolaborazio ugariko lana, baina bai bakoitza behar den momentura egokitua. Eneko Bap!!-ek “Galderak 2″ kantuan bere ahotsa sartzen duen bitartean, Mikel Azpirozek teklekin laguntzen dio abesti batzuetan, “Gure mundua”-n kasu. Estibaliz Oraárekin txeloak ere bere garrantzia du diskoan, eta Kaki Arkarazo-ren eskuak.
Bi doinu azpimarratzekotan, “Galderak 2″ eta “Desnúdame, desdúdame”, diskoaren erpin gustagarrienak. Oso disko intimista beraz, sinplea eta arreglo handirik gabea; hala ere, bere sinplean konplexua eta aberatsa.
Koldo Otamendi
Argia astekariaren 1631. zenbakian argitaratutako kritika, 1997ko ekainaren 29an