2014.07.24
Eszenatokietatik aparte dabil Miren Aranburu azken urteetan, ogibide duen bikoizketa lanari emana, baina kantagintza erabat albora utzi gabe. Goenkale telesailean egindako antzezpenagatik ezagutuko dute batzuek, jazz abeslari gisa argitaratutako diskoengatik beste batzuek, baina askok ez dakitena da 70eko hamarkadan, frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran, kantautore aritu zela Aranburu, Iñaki Eizmendi eta Ruper Ordorikarekin besteak beste. Disko bat grabatu zuen Madrilen, Lehertu da (Movieplay, 1977). Garaiko “zapalkuntza” egoera politiko, sozial eta kulturalean, barruko amorrua, kezka eta ezinegona askatzeko beharraren emaitza dira Aranbururen kantuak. “Sentitzen genuenari buruz hitz egin nahi nuen; bizi genuenaren kontra panfleto asko egiten zen, eta zakar eta gogor agertzen ginen oso, dena zen aldarrikapena. Nik sentimenduak aztertu nahi nituen, indibiduoa, bizi genuenaren eragina gutariko bakoitzaren barnean, taldeak utzi eta etxeratzen ginenean sentitzen genuen negargura hura”. Urruñako plazako kafetegi batean egin dugu elkarrizketa, uztaileko goiz eguzkitsu batean.
“Ni naiz Lazkaoko herrian jaioa praile-kale inguruan, ume koxkorra nintzen hura utzi ta etorri ginanean…” abesten zenuen.
Kanta hori oso gustukoa zuen Xabier Letek… Ni Lazkaon jaiotakoa naiz, bost anai-arrebatatik laugarrena, baina 3 urte nituela aitari eskaini zioten lana Bilbon. Dirudienez buelta asko eman zioten gaiari, gure ama Errotakoa baitzen eta behin ere ez baitzen atera Lazkaotik. Baina pentsatu zuten agian komenigarria zela umeek ikasketak egiteko… eta horrela joan ziren Bilbora. Beraz, erdi bilbotarra naiz, han bizi izan naiz ia hona etorri arte. Urruñara, 1989an etorri nintzen. Nahiz eta Bilbon bizi izan, Lazkao nire ideala izan da beti: umetako zelaiak, baserriak, herria… Nik beti aldarrikatu dut lazkaotarra naizela, eta ikusten duzunez saiatzen naiz hitz egiten Lazkaoko erara, pixkat aldatuta, hemengoa eta hangoa nahastuta… Ez dut galdu nahi izan.
Zuen etxean kanturatu zaletasuna zegoen?
Duela gutxi jakin dudan gauza bat kontatuko dizut. Bilbora joan ginen hartan, Zegamako neskame euskaldun bat hartu zuten gurasoek, Mari Carmen. Oraindik harremana dugu. Eibarren jaso genuen, eta berak esaten dit Eibarren bertan hasi nintzela kantatzen, eta ez nintzela isildu ere egin Bilbora iritsi arte. Dirudienez, asko, asko, asko maite nuen kantatzea. Nik ez dut gogoratzen, baina hori esaten didate. Etxean zerbait zegoenean, beti kantatzen nuen, ezkontzetan… Orain baino askoz gehiago. Orain ez dut behin ere kantatzen etxean.
“Gure belaunaldiko emakumeak ez gara inon agertzen, omenaldietarako-eta ez dira gurekin akordatzen”
Eta kantuak sortzen eta jendaurrean abesten, gogoan duzu noiz hasi zinen?
Nik Ez Dok Amairu 11 urterekin ikusi nuen lehen aldiz, eta izugarrizko eragina izan zuen nigan. Gogoratzen naiz Bilboko Santiago Apostol kolegioan izan zela, gurasoekin joan ginen, eta orduan aretoak bete egiten ziren euskarazko emanaldietan. Halako inpresio handia egin zidaten Lourdes Iriondok, Benito Lertxundik, Mikel Laboak, Xabier Letek… orduantxe hasi nintzen neroni etxean hitzak asmatzen. Artean ez nuen gitarrarik. Baina Bilbon asko harremantzen nintzen bertakoekin eta Gipuzkoatik joandako ikasleekin. Gauza asko egiten ziren euskararen inguruan: jaialditxoak, literatur emanaldiak… Ez dakit nola, Natxo de Feliperengana iritsi nintzen, eta hark erakutsi zidan gitarra jotzen. Niri eta Ruper Ordorikari. Bolada batean biok joaten ginen San Anton elizara. Hango apaiza, Don Claudio, euskaldun sutsua zen, hark masak mugitzen zituen, igandetan jendea kabitu ezinik geratzen zen. Frankismoaren aurka, sistemaren aurka berotzen gintuen, baita fededunak ez ginenok ere. Hark zabaltzen zituen ateak edozein euskaltzalek eskatzen zion edozein ekitaldirako. Gu hara joaten ginen Natxorekin ikastera, eta gero Natxoren etxera joaten hasi nintzen, edo haren lagun baten etxera. Jendearen aurrean bakarrik jotzeko adina ikasi nuen.
Jendaurrean jotzen ez dakit noiz hasi nintzen… A, bai!!!! Aurreneko aldia Abrako jaialdian abestu nuen, 16 urte inguru nituen. Ni beti oso lotsatia izan naiz jendearen aurrean abesteko, baina Natxok eraman ninduen, eta gogoan dut Gontzal Mendibil ere han zela. Oso ondo gogoratzen dut abestu nuen kanta, Nafarroako mutil batena zen, sekula ez du ezer grabatu, izena ahaztuta daukat… Abesteko ordua iritsi zitzaidanean dardarka hasi nintzen, oina ere mugitu egiten zitzaidan, publikoa ere tentsio handi batean zegoen, eta aurkezleak esaten zidan jaisteko, eta nik ezetz, aurre egin behar niola egoerari, eta lortu nuen abestea. Oso ondo abestu nuen. Bigarren saria eraman nuen, eta lehen saria Gontzal Mendibilek irabazi zuen.
Hortik aurrera askotan joaten nintzen Natxorekin, nire kantuak abestera. Gero hasi ziren Natxoren kontra, eta igual niri deitzen zidaten eta Natxori ez… Hori dena ere bizi izan dugu. Oso bide latza egin dugu, bai. Aztertzekoa da hainbat egoeratan zein erraza den iristea halako jarrera erradikaletara. Nola eramaten zaituen giroak berak: nirekin ez dagoena nire kontra dago, honekin ezin naiz joan ez duelako nik bezala pentsatzen… Oso egoera izugarriak bizi izan ditugu… Eta zorionez, hortik atera gara, espero dut. Baina aztertu egin behar da hori, ez dut uste orrialdea pasa egin behar denik, besterik gabe. Bestela ez du ezertarako balio.
Garai hartan emakume bakarlari asko ez zineten izango. Lourdes Iriondo, Estitxu…
Orain ere asko al gara ba? Eta izan ginenok eta garenok inon agertzen al gara? Batez ere gu, gure belaunaldikoak, ez gara inon agertzen. Garai hartako abeslarien inguruko zerbait antolatzen denean, edo Imanol eta Xabier Leteren omenez, gehiengo handi bat gizonezkoak dira. Eta ez dira gurekin akordatzen. Beti betikoak daude.
Gu Gira, Baionatik Bilbora eta horrelako emanaldiei buruz ere ari zara?
Bai. Kuriosoa da… Ni horrek ez nau mintzen, paso egiten dudalako, benetan, baina kuriosoa da. Garai hartan zenbat emakumezko geunden? Lourdes Iriondo —Lourdes beti egon da aurrean, egia da—, Maite Idirin, Lupe, Estitxu… eta beranduago Itziar Egileor. Baina ez gaude inon. Niri beti iruditu zait herri honek gizonezkoen seminario baten edo soziedade baten antza duela. Ez dut entenditzen. Beste gauza bat da nik ezetz esatea, esango balidate seguruenik ez nintzateke joango, baina aurretik ez akordatzea ere! Nik Leterekin oso harreman pertsonala neukan, komunikatzen genuen asko, inork ez daki, ez du zertan jakin, baina hemen denok ezagutzen dugu elkar. Berdin-berdin zait, baina esan egiten dut, esan beharra daukat.
Haatik, bakarka disko bat grabatu zuen lehen emakumeetakoa izan zinen. Nola sortu zen aukera?
Kardantxakoek deitu zidaten goiz batean. Zer egin nahi zuten azaldu zidan Antonio Goñik, eta zur eta lur geratu nintzen… disko bat! “Eta zer behar dut?”, galdetu nion. “Daukazuna, grabatu itzazu kanta batzuk etxean eta emaizkiazu”. Seguruenik kontzertuetatik ezagutzen ninduen. Etxeko nire gelan grabatu nituen kasete batean kantak nire erara eta eman nizkion. Ondoren, Madrilera joateko egun bat zehaztu zidan eta hara joan nintzen. Hegazkina hartu nuen, Movieplay estudiora iritsi nintzen, entzun nituen kantak eta ia-ia konortea galdu nuen. “Baina hau da nire musika?”, pentsatu nuen. Pentsa ezazu, gitarra ziztrin batekin etxean abestutako gauza bat, aurreneko aldiz entzuten nuen orkestratua… Inpresio handia egin zidan, niretzat shock bat izan zen.
“Ia konortea galdu nuen Madrilgo estudioan nire kantuak orkestra moldaketekin entzun nituenean, ‘shock’ bat izan zen”
Madrilen zer egin zenuen?
Nire kasetea entzun zuten, harekin partitura bat idatzi zuten eta orkestrak jo zuen. Ni joan nintzen ahotsa gainean jartzera. Ahots guztiak daude aurreneko aldian grabatuta. Bitan edo hirutan entzun nuen musika, moldaketa berrietara ohitu arte, eta arratsalde batean grabatu nituen ahots guztiak. Aurrerago eskaini zidaten disko gehiago grabatzea, baina ez nuen nahi. Ez dut behin ere izan anbiziorik, gogoa da niretzat inportantea. Iñaki Eizmendiri deitu zioten gero, nik esanda. Niri asko gustatzen zitzaidan Iñaki, biok askotan egiten genuen elkarrekin emanaldia, berak laguntzen zidan gitarra eta ahotsarekin eta alderantziz.
Kantu guztiak zureak dira, hitza eta musika; ez zenuen herri kantutegira jotzen. Horretan ezohikoa zinen.
Ni ez naiz behin ere folklore edo tradizio zalea izan… Gustatu izan zaizkit bertako kantuak, eta nire disko batean [Gorri isila, 2002] “Zibilak esan naute“ dago, beste era batera moldatuta. Nik nahi nituen nire gauzak esan, nire kantuak egin. Behin Donostiako lizeo batean egin genuen emanalditxo bat Iñaki Eizmendik, Ruperrek eta hirurok, uste dut Bernardo Atxaga ere han zegoela, eta afixan Kantagintza Urbanoa? leloa jarri zioten emanaldiari. Nahi genuen gauza berriak egin; Ez Dok Amairuk egin zuen errekuperatu tradizioa, gaurkotu, eman jendeari. Guk nahi genuen gurea egin.
Emakume bezala, inoiz sentitu zinen gutxietsia edo oztoporik izan zenuen zure lana egiteko, zabaltzeko?
Batere ez. Arazo bakarrak Poliziarekin, denok bezala. Hain zuzen, diskoan kantu bat falta da: 29. Grabatuta dago, orkestrazioa eta guzti, baina ez zuten baimenik eman argitaratzeko. Segoviako ihesari buruzko kantu bat da. Kantu hori maite zuen bereziki Goyo Lopez Irasuegik. [Burgosko prozesuan auzipetu zuten Lopez Irasuegi]
Euskal gizarteari buruz kritiko eta zorrotz azaltzen zara hainbat kantutan. Eta guk? abestian, esaterako: “Gizon faltsuek dituzte munduan txaloak eta guk? Gezur handia ikusirik, txalotu…” . Igarlearena ere egiten duzu kantu berean: “Badakigu guztiok zer dagoen herrian. Futbolean burua ondo garbitu. Ikusten dugu garbi nola dugun bidea. Batzuk aurrera, besteak gelditu”.
Gaur gauza bera esaten dut (kar kar)… Nire alabari esaten diot: umea nintzelarik grabatu nuen hau eta orain, hainbeste urte eta gero, oraindik arrazoi gehiagorekin. Garai hartan guk errua botatzen genion frankismoari, baina gaur nori bota behar diogu? Denok gaude saltsan-eta! Manipulazioaren kontzientzia soziala betidanik izan dut.
Euskal Herriaz penatuta ere agertzen zara. Esaterako, Gaurko Euskal Herriari izenekoan (“Euskal Herri zahar zoro, zuhurra, baldarra. Galtzen ikasi nahi ez duzun herri zakarra”) edo Kantauri baztertxo honetan izenekoan.
Iparraldera lagunekin egin nuen bidaia batek asko markatu ninduen. Errefuxiatu batzuk ezagutu nituen, haien artean Josu Artetxe. Lagun egin ginen, eta ezkutuan elkar ikusten ginen. Egun batean, abenduan, esan zidan oso kezkatuta zegoela: “gauza bat gertatzen da, hitz egingo dugu…”. Akordatzen naiz nola besarkatu nuen mutil hura eta haren taupadak entzun nituen belarrian; handik ordu batzuetara, lagun batek deitu zidan esateko hil egin zutela Donostian [Altzako bere etxean hil zuen Poliziak, 1973ko abenduaren 6an; 21 urte zituen]. Gero jakin nuen mutil horrek bazekiela Carrero Blancorena [bi aste geroago hil zuen ETAk], eta klaro, bere burua harrapatzen ez zuen utziko. Horrek asko markatu ninduen gaztaroan, heriotza horrela ezagutzeak; adin horretan ez duzu pentsatzen heriotzean eta ez duzu uste heriotza horrela ailegatzen denik.
Garai hartan bizi ala hil zen, ezin duzu imajinatu. Oso itota bizi ginen. Etxean gure aita gerra egindakoa zen, gudari izandakoa, oso-oso abertzalea… eta horrek eragina izan zuen. Eta gero inguratu nintzen ni bezalako gazteekin, oso aurre egiteko prest zeudenak.
“Garai hartan frankismoari botatzen genion errua, baina gaur nori bota behar diogu?”
“Lehertu da ene barrua, ezin nuen gordeta eraman, izkutuan, sentimendua” kantatzen duzu diskoari izenburua ematen dion abestian. Diskoaren funtsa laburbiltzen du.
Nik sentitzen nuenari aurre egin behar nion, borroka egin behar nuen eta ezin nuen gehiago jasan egoera. Nik. Beste batzuentzat ez zen horrela. Ezin nuen gehiago. Oso azalean bizi nuen egoera, kontzientea nintzen, eta euskal munduan oso sartuta nengoen. Oso sentibera izan naiz beti eta orduan… Gaur ere horrelakoa naiz, gauzak nola ikusten ditudan esan beharra daukat. Berdin zait besteek zer pentsatzen duten, sakon-sakonean hori da. Ez dut kalkulatzen, berdin zaidalako.
Kanta hori berreskuratu duzu hurrengo diskoetan.
Jean-Louisek [Hargous] moldatu du. Gustatzen zitzaion musika. Hitza, garai hartan, Atxagari gustatzen zitzaion. Oso benetakoa da kanta hori.
“Sortu orduko, jaio berria izanik, pentsamendua ezagutu orduko, bere betirako den izakeraren errua gure herriak zainetan duen zapalkuntzari bota dion edozeini, agian zuri, zure barruko zerbaitek leher egin duela sentitu duzun horri”, eskainita dago diskoa.
Ikusten nuen jende asko zegoela.. Orain hori deskribatzea ez da hain sinplea, baina inor ez zen ohitu bizitza horretara. Oso presente zegoen, agian ez etxe guztietan, baina nirean bai, nire giroan, nire lagunen artean ere bai… Oso-oso aurrean zegoen errepresioaren presentzia, beldurra, .
Diskoaren azalean leiho bat zabalik ageri da, baina atzealdean itxita dago. Erraz egin daiteke interpretazioa: argia sartu da, gela aireztatu.
Inkontzientea izan zen, asmo estetikoz egina dago. Xabi Oterori esan nion zer nahi nuen, eta berak egin zituen argazkiak. Berari ere gustatu zitzaion ideia. Inkontzientea izan zen, baina gerora egin daiteke zuk diozun interpretazioa.
Ia hogei urte igaro ziren hurrengo diskoa, Etorkizunaren memoria (1996) argitaratu arte. Zer gertatu zen?
Lantegi handi batean lanean hasi nintzen, eta langileen borrokan eta borroka sozialean murgildu nintzen. Herriko errepresioari buruz hitz egiteari utzi nion pixka bat eta gatazka sozialean sartu nintzen. Agian ez nuen sentitu hori komunikatzeko horrelako premia. Niretzat ez zen esentziala kantagintza, nahiz eta beti abesten egon. Hura bukatu zen, eta seguruenik betiko bukatuko zen Jean-Louis aurkitu izan ez banu. Nahiz eta gero kolaborazioak egin nituen Imanol, Iñaki Eizmendi, Jabier Muguruzarekin… eta bikoizketan film askotako kantuak nik abestutakoak diren (Doraemon…). Jean-Louisekin kantatzen hasteko arrazoiek ez zuten zerikusirik garai hartako gogo haiekin. Jean-Louisekin musika zer den, kantatzea zer den, instrumentua.. ezagutzen hasi nintzen.
Gaur egun utzita duzu kantagintza?
Ez, ez, lanean ari naiz. Ensemblerekin emanaldi gutxi genituen, bost ginen eta zaila zen hori mantentzea. Utzi egin genuen, eta urte batzuetan ez dugu gauza handirik egin, baina Jean-Louisi esaten nion prestatu beharko genukeela zerbait bikote formatuan, ahotsa eta klarinete baxua, saxofoia… Klaro, horretarako behar dira oso kantu… nola esan, oso landuak behar dute izan, oso batera joateko. Eta horretan ari gara. Aurreko diskoetako kantu batzuk lantzen ari gara, eta nazioarteko kantuak: frantsesak, ingelesaren bat, portugesak eta espainolez ere bai. Youn Sun Nah japoniarrak egiten duenaren antzera. Asko gustatzen zait, eta badut haren estiloarekin lotura. Ez dakit diskoan argitaratuko den edo emanaldietan bakarrik geratuko den…