2016.01.14
Apoaren edertasuna diskoan, musika ez ezik behatzen mugimendua ere entzun daiteke, hain dago grabazioa soildu eta bere esentziara bildua.
Estimatzekoa da hori beti ere. Are gehiago, trikiti klonikoa modako jarri zaigun –diguten– honetan. Modako formulak –modako zer gehienek bezala, bestalde– ez du sekreturik, sinplekeria izan ezik. Gaur egungo gizarte honetan, izan ere, horixe behar baitu arrakasta lortu nahi duen edozerk. Ez musikan bakarrik: literaturan, artean, zer esanik ez hedabideetan.
Enzensbergerrek, ohi duenez, maisuki dauka adierazia, Mediocridad y delirio bere liburu aipatzen sekula aspertuko ez naizen horretan. Hedabideek, dio alemaniarrak, eduki edukigabetuak behar dituzte irauteko. Hori omen da irrati-telebistetako programatzaile guztien ametsa (eta Enzensbergerrek ez du, nik dakidala, ETB ezagutzen). Zerri goseak ezkurra bezala, apote aseak baraua izaki, antza, amets.
Beharrik, hizkuntzak berak ezartzen die, nahi ez dutela ere, ezinbesteko eduki gradu gutxieneko bat, ezinezkoa baita deus esan gabe hitz egitea, nahiz hedabideak askotan asko hurreratzen diren helburu horretara.
Hizkuntzak berak ezinbestean daraman eduki-gradu hori zenbat eta hurrago, orduan eta programatzaileak kontentago. Hala dio, zakar-bildurik, Enzensbergerrek.
Modako diguten trikiti klonikoarekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Kantatu egin behar izaten baita, eta kantuak hitza ekartzen, eta hitzak, nahi ez dela ere, edukia. Kontua, beraz, traba hori gainditu, eta hitzei ahalik gutxien esanaraztea bide dute. Horixe dute bide.
Irrati-telebistan, azaleko «zarata» edonolakoaz estali –ezen ez bete– nahi izaten da edukirik eza. Deus esatekorik ez, eta etengabe hitz eginez; Informazioa sakontzeko asmorik ez, eta lorito-jardunean itxuragabe jardunez; errealizazio gero eta zoroagoak erabiliz, segundu bat baino gehiago iraunez gero ikus-entzulea aspertu eta uxatzeko beldurrez edo; intonazioa esan beharrekoari egokitu beharrean –ez baita deus esan nahi–, beti hil-edo-biziko, fuera-penak, gora-gu-ta-gutarrak gisako enfasi hiperbaikor, anfetaminatu, edozertarako batean hitz eginez. Zergatik nahi ote gaituzte denek hain zoriontsu?
Trikitilari klonikoek, berriz, kantaera barroko jasanezinez performatzen dituzte beren kantuak, melodian hartarako aukera non, han ahotsari kiribisto, jira-buelta eta txilipurdi eraginez, aukera bakar bat ere hutsik egiteke.
Bere baliapideak muturreraino daramatzan estiloa omen da, Borgesen arabera, barrokoa, edozein delarik ere estilo hori. Trikiti klonikoaren kasuan, barroko esan, kitsch esan, ez dago mila alderik. Dudarik gabe, ona da trikiti-modu hori, asko saltzen baitu. Eta nor ausartuko da gaur egun Audientziaren hitza kolokan jartzera? Demokrata demokrata den batek ez behintzat.
Panorama horretan, basamortuko ur freskoa baino preziatuagoa da Tapia/Izagirreren azken disko apo-armatua. Harrigarria da Koldok kantugintzan –letragintzan– lortu duena. Disko osoa batasun batean harilkatuz, metafora fosildu bat biziberrituz, alegoria berri bikaina eraiki digu, igel/apo bikotearen goruan. Ahozko literaturaren moldeak maisuki darabiltza –frogatua zigun lehenago ere–, imitazio mekaniko antzutik mila legoatara, tradizioan sakonduaren sakondu beharrez tradizio hori traszendituz, haratago joanez.
Suizidio bat ere izan liteke hori, jakina: hitzek –Koldoren hitz horiek– arreta eskatzen dute, zehar-esanak eta erdi-esanak lana eragiten diote entzuleari. Baina, nik dakidala, hori da benetako komunikazioa gauzatu eta plazer estetikora iristeko bide bakarra.
Koldoren libreto horri jantzi ezinago aproposa paratu dio Josebak. Melodiak, moldaketak, kantaera, den-denak soildu ditu trikitilariak, enfasia dagokion lekuan jarriz: esan nahi denaren zerbitzura.
Alai behar duenean alai, burlaizetik ironiara, ironiatik sarkasmora, badaki –Apoarenean ederki erakusten duenez– urragarri izaten ere. Zenbait kanturi blues kutsua hartu diet, nola melodian hala kantaeran ere. Nire gusturako, horiexek dira disko eder honetan pasarterik ederrenak. Bluesa aipatu dut, baina cante hondoa ere aipa nezakeen, hedabideek andaluziarren lantu-kantu sakon eta eder horren imitazio klonikoa espainiartasun ikur okaztagarri bihurtu izan ez balute.
Ez dakit nola moldatuko den Apoa merkatuan. Ikusi dudanez, gainerako diskoei egiten zaien harrera bera egin zaio, gutxi gorabehera. Izan ere, horixe baita hedabideen beste ezaugarrietako bat: eduki guztiak hutsaren hurrengora errenditurik, denak maila bereko egiten dituzte: Kosowo eta Mar Flores, Udalen Biltzarra eta Errelaren porrot tamalgarria, umeak akatzeko moduko zakurren katalogoa eta Cibeleseko pasarelakoa….
Disko bat plazaratzen delarik, plazaratzen den egunean eman beharra dago haren albistea. Ez diskoarena, noski, plazaratzearena baizik. Gauzak horrela, profesional ona egun hartan albiste hori ematen duena da. Hori egin ahal izateko, jakina, diskoa entzun gabe joaten dira kazetariak, eta, borondaterik onena izanik ere, erantzutea merezi duen galderarik apenas egin litekeen horrela. Diskoa entzuteko pare bat egun hartu eta gero haren kronika egingo lukeen kazetaria, berriz, motela, demodatua, profesional kaskarra litzateke. Ez naiz, beraz, horrela dabilen kazetaria kritikatzen ari, denon artean eratu dugun sistema baizik.
Niretzat zorionez, sistema horretatik kanpo ari naiz aspaldion. Badakit berandu natorrena, baina, deus gutxirako balioko duen arren, esan egin nahi nuen: disko hau disko bat baino gehiago da. Nik neuk, behintzat, aspaldian horrelako gozaturik hartu gabe nengoen, gutxi baitira, kontsumitzen ditudan kultur produktuetan –erdaretakoak barne–, Apoarena bezain unibertsal-ederrik.
Azken batean, Rubert de Ventos filosofo katalanak dioen bezala, «vulgar es siempre y sólo la incapacidad de traducir fielmente la propia coyuntura». Ez kanpoko estandarrak mekanikoki imitatuz, ez gure tradizioaren urazalean besterik gabe plisti-plasta eginez aterako gara arrunkeriatik.
Geure tradizioa hor dago. Hartaz jabetu eta hartan sakondu, hura beldurrik gabe baliatu, egokitu eta –behar denean– aldatzea beste biderik ez daukagu unibertsaltasunerako.
Tapiak eta Izagirrek, nork berean, bidea erakutsi digute disko honetan. Ez gaitzala bideak lelotu: bakoitzak berea egitea da hemen kontua, eta Apoarena bideetan bat baino ez da. Norabidea, norabidea ikasi behar genioke Apoari.
Testua: Joxerra Gartzia (Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-17)