2014.07.16
Elgoibarren egin dugu hitzordua Alberto Gonzalez Lodosorekin eta Asier Etxanizekin. Helburua, 6nemen9 taldearen ibilbidea gogora ekartzea eta irakurleari Pop-atic diskoa entzuteko gonbitea egitea. 90eko hamarkadan euskal rockak izan zuen irekidura estilistikoaren beste adibide bat da 6nemen9. Lehen maketarekin eta zuzenean apenas trebatu gabe, Euskadi Gaztea irratiak antolaturiko lehiaketa irabazi zuen orain dela 20 urte, baina horrek apenas izan zuen eraginik taldearen etorkizunean. Ur lasterraren kontra ez bada ere, bere bidea bakarrik egin zuen Elgoibarko boskoteak, pop melodiak eta gitarra elektrikoak oraindik ere nortasun propioa erakusten duten kantu ilun eta iradokitzaileetan josten. Gurean talde bakana izan zen 6nemen9, baina garaiko pop eta rock alternatiboarekin bat egiten zuen bete-betean. “Garaiko taldeen fansak ginen: Sonic Youth, Afghan Whigs, Pavement…”.
6nemen9-k Ondarroako Gaztetxean eman zuen lehen kontzertua, 1993ko maiatzean, espero zutena baino askoz jende gehiagoren aurrean. Izan ere, egun berean Su Ta Gar jotzekoa zen herriko plazan, baina kontzertua bertan behera geratu zen azken momentuan, eta Eibarko heavy taldea ikustera joandakoetatik askok Gaztetxerako bidea hartu zuten. Anekdota ez da hutsala, aurrerago asko zainduko baitzuten, ahal zutenean bederen, norekin eta norentzat jo.
ALBERTO GONZALEZ: “Jotzen hasi ginenean oso zorrotzak ginen, beharbada zorrotzegiak, orduan zeuden taldeekiko. Guri jotzeko deitu eta behin baino gehiagotan galdetzen genuen: norekin jotzeko da? Ez bagenuen gustuko, ezezkoa ematen genuen. Hori behin baino gehiagotan egin genuen”.
ASIER ETXANIZ: “Exigenteak izan ginen, eta agian gure kalterako ere izan zen. Orduan, euskaraz, Su Ta Gar, Negu Gorriak, EH Sukarra, Lin Ton Taun… zeuden. Baina guri La Secta, Los Bichos, Cancer Moon, La Perrera, Nuevo Catecismo Catolico, Los Clavos, El Inquilino Comunista… gustatzen zitzaizkigun. M-ak zale amorratuak ginen, baina ordurako bukatuta zegoen taldea”.
A.G.: “M-ak izan zen burua berotu ziguna jotzen hasteko. Elgoibarko jaietan kontzertu bat eman zuen, eta euskal musikan horrelako zuzenekorik ikusi gabeak ginen. Orduan hasi ginen gitarra bat erosteko aukera komentatzen…”
Lehen urratsak 1990-91. urteetan eman bazituzten ere, taldea ez zen erabat osatu 1992ra arte. Alberto Gonzalez Lodoso eta Asier Etxaniz gitarristek, Martxelo Mendizabal bateria jotzaileak eta Josu Iriondo baxu jotzaileak sortu zuten, eta ondoren Mikel Cornejo abeslaria batu zitzaien. “Lau musikazale eta artista bat ginen”, dio Albertok. Piano eta solfeo ikasketak zituen Albertok; Asier solfeoa eta armonia ikasitakoa zen, baina txistua jotzen zuen, eta 18 urtera arte ez zuen gitarra bat hartu. Expresion Sonora eta Koska taldeetako Gabi Agirregomezkortari erosi zion gitarra, hura ikusi gabe. Albertok berriz, Telecaster bat erosi zuen, “forma gustatzen zitzaidalako”. Mahaian hatzekin erritmoa eramateko ohitura baitzuen, Martxelori bateria egokitu zitzaion; eta Josuk baxua aukeratu zuen, funk musika gustuko zuelako. Mikelek bestelako gustu musikalak zituen, “Madonna eta horrelakoak”, dio Asierrek, baina “irudimen eta kreatibitate handikoa zen” eta bere ahotsak “iluntasuna ematen zion gure musikari”, Albertoren hitzetan. Taldearen izena “ezerezetik” sortu zen. “Garai hartako izenek asko esaten zuten taldeari buruz, eta guk hortik ihes egin nahi genuen, kontrara jo”.
Donostiako Boomerang estudioan grabatu zuten lehen maketa, euren kasa, eta Euskadi Gaztea lehiaketara aurkeztu zuten itxaropen handirik gabe. Epaimahaiaren erabakia publiko egin aurretik jakin zuten irabazleak zirela. 600.000 pezetako dirusariaz gain, nazioarteko talde batekin jotzeko aukera izaten zuten lehiaketako irabazleek.
A.G.: “Txibatazoa eman ziguten. Lagun batek Joseba Iriondorekin topo egin zuen Zarautzen eta hark esan zion Elgoibarko talde batek irabazi zuela maketa lehiaketa. Orduan Gaztea lehiaketa irabaztea zen lehenengo mailara igotzea bezala… Deskoloke bat izan zen, ordura arte ez baikenituen 2-3 kontzertu baino gehiago eman. Gutxi batzuk. Bat-batean, gure burua imajinatzen genuen Yo La Tengorekin jotzen…”
A.E.: “Aurreko urteko irabazleek [Psicosis eta Hor Konpon] Yo La Tengorekin jo zuten ETBko egoitzan, Miramonen, eta hurrengo urtean, 1995ean, PI.L.T.-ek Buffalo Tom eta Teenage Fanclubekin jo zuen Gwendolynen. Tartean guk irabazi genuen, eta Sorotan Belerekin jotzea egokitu zitzaigun”.
Sariak ez zuen aldaketarik eragin taldearen ibilbidean, ez zuen ezagunago bilakatu, ezta diskoetxe baten eskaintzarik ekarri ere. “Euskadi Gazteak ez zigun bonbo handirik eman”, dio Asierrek, baina taldekideek eurek ere ez zuten ahalegin handirik egin taldearen zabalkundea handiagoa izan zedin.
A.G.: “Ez genuen harremanik jende askorekin, eta ez genuen harreman publikoetarako gaitasunik. La Perrera eta NCCkoak ezagutzen genituen, baina ia lotsa ematen zigun haiei pop talde bat genuela komentatzeak. Lotsatiak eta itxiak ginen. Talde horien oso fansak ginelako, hain zuzen”.
A.E.: “Harremanetarako hutsaren hurrengoa ginen, eta ez genuen talde koadrila bat izan. Mendaroko Lili Moon eta Zumaiako Po ziren gure koadrila”.
A.G.: “Hain zuzen, talde bakoitzeko kide banak sortuko genuen geroago Uler 600“.
Hortaz, beste maketa bat grabatu zuten: Ertzetik. Oraingoan, Little Fishen Maesmaje Records estudiora jo zuten, Bilbora. “Little Fishek gora hartu gintuen”, gogoan du Asierrek. Harekin ikasi zuten gitarraren soinua moldatzeko tresneria erabiltzen (anplifikadoreak, pedalak, efektuak…). Sei kantu grabatu zituzten, eta bitan Patziku Perurena eta Joxerra Gartziaren hitzak musikatu zituzten (“Hi, Jainko Beltza” eta “Askatasun zale”, hurrenez hurren). Hurrengo hilabeteetan, Xabier Montoia, Ama Say, Deabruak Teilatuetan, Bap!!, Cancer Moon eta Bartzelonako Parkinson D.C. taldeekin partekatu zuten eszenatokia, besteak beste.
Diskoetxe baten eskaintzarik iristen ez zela ikusita, lehen diskoa bere kasa grabatzea erabaki zuen taldeak. Berriz ere Little Fishen esku utzi zuten grabazioaren ardura, eta 10 kantu berri jaso zituzten, grabazioetan kanturik ez errepikatzea baitzen taldearen oinarrietako bat. Albertoren ustez, “taldean sormena zegoen, eta freskotasuna. Zorrotzak ginen gustatzen ez zitzaizkigun gauzekin”.
Little Fishek lan handia egin zuen taldearen soinua ona izan zedin, baina estudioko gabezia teknikoek asko baldintzatu zuten azken emaitza —”nabari da lonja batean grabatuta dagoela, ez estudio profesional batean; baina gitarretan egindako lanarekin gustura gelditu ginen˝—; hala ere, 16 urte igaro ondoren Pop-atic osatzen duten 11 kantuek ez dute erakargarritasunik galdu. Besteak beste, “Euskal mistikoak” —“guk bat egiten ez genuenaren parodia bat da”—; “Hegoak dakar” —”zortziko bat da, ez daude asko euskal pop musikan”—; “Zaude horretan” —”kantu hori asko gustatzen zitzaion Gonzalo Ibañezi [Nuevo Catecismo Catolico], baina gu garai hartan talde zaleak ginen abesti zaleak baino gehiago, ez ginen kantuen analistak. Taldea maitatu edo gorrotatzen genuen”; “Zer dagizu” —”diskoko kanturik onena”, Asierren iritziz—; edota “Estanke ahaztua” nabarmendu ditzakegu —”soinu aldetik kaltetuena, igartzen da ez gaudela estudio batean. Hotzegia da. Moteltasun estremo batean grabatu genuen”—. Mikel Laboari egindako keinu pare bat daude “Euskal mistikoak” eta “Estanke ahaztua” kantuetan, eta “Itzultzen banaiz”-ek ere Laboaren oihartzuna dakar. “Mikel Laboa asko gustatzen zitzaigun, eta zuzenean, “Sorterriko koblak” jotzen genuen. Txinaurriak edo Txerokee bezalako diskoek inbidia ederra ematen digute”, dio Asierrek.
Haatik, diskoaren grabazioa amaitu zutenean ez zuten argi zer egin masterrarekin.
A.G.: “Diskoetxe bati saldu beharrean, zain gelditu ginen, ez genuen aterik jo, eta azkenean guk atera genuen”.
A.E.: “Ni grabazioarekin oso gustura nengoen, baina ez publikatzearen aldekoa nintzen, ez zuelako merezi dirua gure poltsikotik jartzea ezer ez saltzeko… Gogoan dut lehen maketa hainbat herritan banatu genuela eta Euskadi Gaztea irabazi ostean ez ginela saldutakoaren dirua jasotzera joan inora. Oso zabarrak ginen”.
A.G.: “Nik, inkontzienteki, burua Uler 600-en jarrita neukan. Ordurako taldean gauzak nahiko deskafeinatuta zeuden. Diskoa ateratzeko gehien jarri zuena Mikel bera izan zen”.
A.E.: “Besteok nahiko epelduta geunden, nahiz eta ni diskoaz oso harro nagoen”.
A.G.: “Martxelo, Asier eta hirurok gehiago disfrutatu genuen grabazioarekin. Guretzat estudioan sartzea zen saria, ez hori editatzea eta argitaratzea. Diskoko masterra Mikelen esku zegoen, eta nahi zuena egiteko esan genion. Hark lortu zuen akordioa Zabaltzenekin diskoa banatzeko”.
A.E.: “Diskoa atera eta gero Mikelek egin zuen lehen gauza Tangerrera ospa egitea izan zen, bere bizitza berriz egitera. Diskoa atera aurretik bazekien bazihoala”.
Mikel Cornejok egin zuen diskoko azala, ausarta, zirikatzailea, konplexurik gabekoa. Aurretik erabakia zuten Pop-atic izango zela diskoaren izenburua, eta Mikelek gay aldizkari porno batetik hartutako ipurdi baten argazkia hautatu zuen zeru urdin baten gainean jartzeko. Barrualdean, mahaiko mantel zuri baten gainean Espainiako banderaren marra hori-gorriak jarri zituzten. Diskoa fabrikatik jaso zutenean damutu egin zitzaien, eta ondo pentsatu ondoren, atzera egin eta gainetik urdinez margotzea erabaki zuten. Baina ordurako ale batzuk salduta zeuden. “Gerora pentsatuta, uste dut hasieran bezala utzi behar genuela”, azaldu du Asierrek.
Taldeak kontzertu bakarra eman zuen diskoa kaleratu ondoren. Mikel Cornejo Tangerrera joan zen, eta Alberto Gonzalezek Uler 600 sortu zuen Ina Munlet eta Imanol Manterolarekin. Geroago, Aterkings punk-rock taldea sortu zuen Martxelo Mendizabalekin eta Markinako beste lagun batzuekin. Gainerako taldekideetatik, Mikel Cornejok c69projekt proiektu elektronikoa du gaur egun, baina Asier Etxanizek, 6nemen9ren kantu gehienen egilea izan arren, edo agian horregatik, ez du beste talderik izan, eta etxean erakusteko gorde du sormena. “6nemen9-rekin ez genuen lortu soinu ekipo on batekin jotzea, eta zuzenean sekula gozatu ez izanaren frustrazioa geratu zait barru-barruan”. Halaber, taldearen musika oharkabean pasatzeak eta hari buruzko iritzirik ez jasotzeak dezepzioa eragin zion. “Ez nuen ezer objektiborik irakurri 6nemen9-ri buruz. Inork ez zigun esan beste inoren antzik genuen edo ez. Orduan, egiten duzunak ez badu kanpoan proiekziorik, beharbada momentua da txoriak burutik kentzeko eta ez dagoela ezer onartzeko”.
A.G.: “Nik beste aldea ere ezagutu dut Aterkings-ekin, dena erraz izatearena. Guk autoa hartu eta Bizkaia osoa zeharkatzen genuen maketak banatzeko, eta Egin-eko kontaktuen orrian gure izena jarri behar genuen, bestela desagertuta geunden. Aterkingsen berriz, ezer grabatu aurretik jendeak galdetzen zigun taldeari buruz, kontzertuetara joaten zen… Harremanen mundua oso erraza zen, punk-rocka garai hartan boladan zegoen, Sevillatik deitzen diguten jotzeko… Hori ez genuen ezagutu 6nemen9n, eta beharbada hori falta izan zitzaigun”.