2025.01.24
Bideoaren egileak: Oli Artola eta Nagore Arin.
Iragan berri den urtean Badok atariak 15 urte bete zituen, eta hainbat ekimen antolatu zituzten ospakizun modura. Hainbat musikari bildu zituzten binaka, animalia bat aipatzen duen kantu baten bertsioa egin zezaten elkarrekin, asko baitira halakoak euskal kantutegi zabalean. Hartara, musikaren inguruan ardaztutako fauna bat islatu nahi zen, komunitate bat, azken finean.
Ahots Hutsez (Ah!) eta Arkaitz Minerrek Piztien bertsoak-en moldaketa ondu zuten, ahotsez hutsez eta biolinaren laguntzaz, Juan Kruz Beloki Motza bertsolariak idatzi eta Unai eta Eñaut Agirrek ezagun bihurturiko bertso sortaren moldaketa bat. hain zuzen ere. IbonRG-k (Ibon Rodriguez) eta Mursegok (Maite Arroitajauregi), aldiz, JC Perezen Être kantuaren bertsioa egin zuten, eta Ibil Bedi pop-rock boskoteak eta Ke Lepo musikari elektronikoak Xori erresiñula Zuberoako kantu herrikoia gaur egungo soinuetara ekarri zuten. Hiru kantu horiek, eta euren errepertorioko beste hainbat, zuzenean aurkeztu zituzten Hendaiako Borderline Fabrikan, azaroaren erdialdera.
Urtemugaren ospakizunek Durango Azokan izan zuten hurrengo geltokia. Benizzek (Beñat Goitia) eta Ødeik (Odei Barroso) Galdurik izeneko pieza sortu zutenaurrez, musika elektronikoa eta rapa uztartuz, eta Ahotseneako plazan eman zuten zuzeneko kontzertua, Durangoko Plateruena aretoan, alegia.
Proiektuko bosgarren bikotea Micek (Miren Narbaiza) eta Moxalek (Hannot Mintegia) osatu dute, Itoiz taldearen Tximeleta Reggae kantuaren moldaketa eginez. Kantu horixe eta bakoitzaren beste lauzpabost kantu jo zituzten elkarrekin eta zuzenean Berriako-erredakzioan bertan, langileen eta hainbat Berrialagunen aurrean, iazko abenduaren 17an. Esperientzia gertukoa, goxagarria, Badok 15. Gure Musika Fauna egitasmoari errematea eman ziona. Orain kontzertu hori, oso-osorik, ikus-entzungai dago BERRIAn eta BADOKEN, etxeko ikus-entzunezko taldeak egindako lanari esker.