Musika

Uxue Rey Gorraiz

2023.03.09

Uxue Rey Gorraiz

Zorura arteko distantzian

Hiru abestitan bildu du Burutik musika taldeak gatazka baten kontakizuna, Zerua eta zorua: hiru kanta bakardadeari izeneko EPan. Argitara ateratako hirugarren lana dute, eta kontrastez beteriko bidaia garratz bat eskaini diete entzuleei; zeruratzea eta zoruratzea, biak ala biak dituena. Bihar taularatuko dute lehenbiziko aldiz. Kontzertua emanen dute Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoan. Etxekalte eta Baizera taldeak ere ariko dira.

Burutik

Burutik musika taldeko kideak. (BEÑAT GOIA)

Taldearen berezko ezaugarri musikalei eutsita baina ausart jokatuz ondu dute lana kideek: Mikel Gorraiz (gitarra eta ahotsa), Iraitz Gonzalez (bateria), Asier Capon (akordeoia eta ahotsa), Luar Alberdi (gitarra eta ahotsa) eta Jokin Barriola (baxua eta ahotsa). Etapatan banatu dituzte EPko kantuak: I. etapa: EKINetikan GUTIZIA, II. etapa: Datozen etsipenak, eta III. etapa: Uxoa.

«Etapetan» azkena izanik ere, Uxoa izan zen sortzen aurrena, eta hain justu ere horregatik erabaki zuten horrek beharko zuela kaleratzen lehenbizikoa. Barriolak oroitu duenez, Alejandro Gonzalez Iñarrituren Birdman filmak inspiraturik ekin zion hura konposatzeari. Kontatu duenez, pelikulan, erreferenteei buruzko galdera bat egin zioten protagonistari, eta Barriolari atentzioa eman zion haren erantzunak: «Orain tribial bateko galdera baten erantzuna naiz». Ordea, Barriolak azaldu duenez, sortutako harridura ez zen hain bizia izanen Tatxersek egun batzuk lehenago ateratako Goizean oskorri abestia aditu ez balu. Tatxersenak honela dio: «Erreferente izan zinen». Burutik-enak, filmekoak eta kantu horretakoak uztartuta, honela: «Erreferente izan zinen/ tribial kutre baten galderen erantzuna baino lehen/ dena ikusia duzu/ baina zenbat da memoria eginez bizi zarela?».

Hala, kontakizun baten hasiera izan zen Uxoa, ordena aldrebes bada ere. «Kantu bakoitzak jarrera bat du», zehaztu du Barriolak. Esate baterako, esplikatu duenez, pertsona nagusiaren aurkezpena egiteko balio du lehenbizikoak (EKINetikan GUTIZIA). Erritmo frenetikoa du horrek, eta hitzek pertsonaia «axolagabe» bat trazatzen dute abestiak aurrera egin ahala. «[Pertsonaiari] Berdin zaio atzean uzten ari dena izorratzea, ingurukoei min egiteak ez dio axola», azaldu du Barriolak. Halaber, arrakastaren bila axolagabe dabilen artista gazte baten modura deskribatu du Gorraizek pertsonaia, zeruratu egiten den baten gisan. «Gero helduko zaio nostalgia», ohartarazi du.

Lurrikararen ondokoa

Beste kutsu bat dario bigarrenari: II. Etapa. Datozen etsipenak. Hitzetan agertzen den kontzeptu batek franko laguntzen du abestiaren esanahia ulertzen: kenopsia. «Kenopsia esaten zaio noizbait mugimendu handia izan duen toki bat hutsik gelditzen denean izaten den giro arraroari. Kantuak ere hori azaltzen du: nola dagoen zorua lurrikara baten modura pasatu den pertsonaren ondoren», esplikatu du Barriolak. Istorioa ulertzeko, ahots aldaketa ere baliatu du taldeak. Lehenbiziko kantuan, Barriola da abeslaria. Alberdik jartzen du ahotsa bigarrenean, «traizioa» sentitu duen pertsonaren azalean jartzeko, zorutik.

Eta, etsipenen ondotik, hirugarren kantua: III. Etapa: Uxoa. Kideen esanetan, protagonista nostalgiara heltzen denekoa da kontatzen dena. Bidaiaren amaiera, zorura bueltatzeko pausoa, Barriolak iradoki duenez. «Itzuli beharra du noizbait bizkarretik labanak sartu zituen tokira, eta, orduan, galdetzen du ea zoruak maiteko duen oraindik».

Gorraizek aitortu duenez, taldea oso «ilusionaturik» dago labetik atera berri duten lanarekin. Batik bat, nabarmendu dute EP honekin erdietsi dutela orain arteko feedbackik handiena. «Sentitu dugu gure inguru hurbilekoa ez den jendea ere ari zela EP honen zain», aitortu du gitarristak.

Emaitzari so ere, zaila zaie duten poza disimulatzea. Lana «indartsua» delakoan dira bi kideak, eta onartu dute sumatzen zaiela denboraren joanak ekarri dien «heldutasuna». 2020an Paradisua izeneko diskoa kaleratu zuten; 2022an, 15 segundo deiturikoa. Gaiei dagokienez, baina, aitortu dute ez dela berrikuntza handirik. Adibidez, berriki konturatu dira sarri lantzen dutela heriotzaren gaia. EP berriko hiru kantuetan landu dute, bide diferenteak baliatu badituzte ere.

Musikaren eta hitzen arteko zubia sendotu izana nabarmendu dute kideek. Kontzienteki egin dute horren alde, baxu jotzailearen esanetan: «Bigarren diskotik, saiatzen gara musikaren eta lantzen dugun gaiaren arteko koherentzia handiagoa izaten, musika laguntzaile bat izan dadin. Badakigu musikak berez duela istorio bat kontatzeko eta emozioak helarazteko gaitasuna».

Betiko burutik

Eboluzionatu izanaren baina esentziari eutsi izanaren sentsazioa dute Burutik-ekoek. Jakitun dira zenbait zigilu dituztela: abestien progresioak eta koruak, adibidez.

Akordeoiaren erabilera ere bai. Caponen eskuek astintzen dute hura, eta, kideek aitortu dutenez, sarri erantzun behar izan diete horren gaineko galdera dudatiei: «Elkarrizketa batean, galdetu zidaten jendeak nola hartzen duen akordeoia jotzea trikitiaren herrian», kontatu du Barriolak. Ziztuan jakin omen zuten zer erantzun: betetzen duen «funtzioan» dago kontua. «Caponek beti dakar berrikuntzaren bat akordeoi tipikotik aldentzen duena».

Kameleoi gisara dute akordeoia. Saxofoia balitz bezala batzuetan, sintetizadorearen pareko beste inoiz, eta baita gitarra elektriko bat imitatuz-edo ere. Behin Gorraizek erabilitako azalpen bat ekarri du gogora Barriolak, hari begira: «Esan zenuen bi gitarrista dauzkagula, horrelakoetan ohikoena dela bata erritmikoa izatea eta bestea bakarlaria izatea. Eta argitu zenuen gure kasuan berezia zela: akordeoia zelako gure gitarra bakarlaria».

ETIKETAK:Burutik