Musika

badok

2015.11.05

badok

“Zortziak bat”, Peiremans+ taldearen abesti berria

Peiremans+ taldearen kanta berria estreinatzen dugu gaur BADOK atarian. “Zortziak bat” du izenburu abestiak eta bertan, 1932. urtean Boisen euskaldun batek idatzitako bertsoak musikatu ditu laukoteak. Peiremansek Bilboko Kafe Antzokian joko du gaur gauean, taldearen itzulerako birari hasiera emateko. Izaki Gardenak taldearekin partekatuko duen emanaldi horretarako sarrera guztiak saldu dira.

Peiremans +

Peiremans+ laukoteak zazpi kontzertu eskainiko ditu azaroan. (Josetxo Perez)

Peiremans+-ek “Zortziak bat” kantuan musikatutako bertsoak Simon Gandarias elantxobearrak idatzi zituen 1932an, Idahon, Anjel Lertxundi idazleak hitzaldi batean azaldu zuenez. Bertso sortaren izenburua Today-ko neskatilak da, baina Peiremans+-ek aipamen hori “Today-ko gazteak” bihurtu du abestian, genero ikuspegitik egokiagoa delakoan. Honako hau dio kantuaren letrak:

We are plenty in here
Euzkaditik eginak
and we want to advertise
pasatzen dan egiak

Today-ko gazteak
janzten dira pretty,
powder ipini eta
enseguida all ready

Side-walkien pasatzen den
people guztiari
begia ginatu eta
come on right, in honey

Oskorri taldeak ere musikatu ditu Gandariasen bertsoak, “Idahoko berriak” abestian (Landalan, 1995).

Gorka Urbizuk (ahotsa, gitarra), Imanol Ubedak (ahotsa, gitarra), Haritz Beristainek (bateria) eta Marino Goñik (baxua) osaturiko laukoteak zazpi kontzertuz osaturiko bira hasiko du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Hauek dira kontzertuen datak eta lekuak:

  • azaroak 5: Bilboko Kafe Antzokian (+ Izaki Gardenak) —sarrerak agortu dira—
  • azaroak 6: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (+ Nire)
  • azaroak 7: Iruñeko Zentral aretoan (+ Monte del Oso)
  • azaroak 12: Donostiako Dabadaba aretoan (+ Estankona) —sarrerak agortu dira—
  • azaroak 13: Baionako Le Magneto aretoan (+ Last Fair Deal)
  • azaroak 14: Gernikako Iparragirre aretoan (+ Sueder)
  • azaroak 15: Tolosako Bonberenean

Joan den astean beste kantu berri bat plazaratu zuen Peiremans+-ek: “Bemidji”. Bi abestiak Karlos Osinaga soinu teknikariarekin grabatu dituzte Tolosako Bonberenea estudioan.

ETIKETAK:Gorka UrbizuHaritz BeristainImanol UbedaMarino GoñiOskorriPeiremans+