Musika

Zoritxarrari irri eginez

“Euritan dantzan kontraesana da; eguraldi txarrari aurpegi ona jartzea». Baikortasunerako deia egin du Alex Sardui Gatibuko abeslariak Euritan dantzan diskoaren harira. Horixe da-eta lana; «gauzak dauden bezala egonda, parte positiboa ikusteko saioa». Zazpi pieza ditu, sei abesti eta musikatutako bertsoekin osatutako kanta bat.

Gatibu

Donostiako Bulevarrean eskainitako kontzertu txiki baten bidez aurkeztu zuen Gatibuk ‘Euritan dantzan’ disko berria. (Jon Urbe / Argazki Press)

Esentzia alai horri egin nahi izan diote gorazarre, eta, horregatik, ez dute nolanahiko era hautatu lana aurkezteko. Joan den astean, asteazkenez, kontzertu sorpresa eskaini zuten Donostiako Bulebarrean. Kioskora igo, eta bildutakoen aurrean jo zituzten sortutako abesti berri guztiak. Dena bat-batean, eta iragarri gabe. Hori ez zen izan traba, ordea, lagun mordoxka bertaratzeko. «Gure lanak ematen zigun aukera, eta pentsatu genuen ideia ona izango zela. Agertu ginen, eta jendea batu zen!». Kontent daude lortutako ikuskizunarekin.

Dantzaren neurrira
Gauzak beste era batean egiteko bidean, bestelako hautuak ere hartu dituzte, diskoaren formatua kasurako. Hiru formatu jarri dituzte salgai zaleen eskura: biniloa, USBa eta CDa.

Gaiei dagokienez, berriz, ohiko estiloari eutsi diote. Eguneroko kontuak dira ardatz: «Poza, alaitasuna, une tristeren bat ere bai…». «Denetarik» dago. Ez dute nahi, gainera, zentzu hertsi batean uler daitezen hitzak; hori dela eta erabaki dute esanahiaren inguruan sobera azalpenik ez ematea. «Bakoitzak nola interpretatzen duen eta bakoitzak zer ulertzen duen norberaren ardura da».

Autoekoizpenaren bitartez kaleratu du taldeak seigarren lana; besterik gabe, «abentura propioa edukitzeko gogoa» zutelako. «Bost gaude hau egiteko, eta proiektua bultzatzeko indarra dugunez eta sinesten dugunez, bada, aurrera!». Berritasunean murgildu dira; ez soilik plazaratzeko moduan, estilo plurala jorratzen ere animatu dira. Hala, lanak rock oinarria badu ere, bestelako doinuak ere entzun daitezke. «Rock-dance» estiloa duela diote Gatibuko kideek. Hori baino gehiago ere bada, ordea: «Funka dauka, 80ko hamarkadako musikaren ukitua…». Dena den, garrantzitsuena da «dantzarako» soinuak direla. Plazaren neurrira asmatu dituzte piezak.

Ez da aurretik kaleratutako lanetatik urruti ibiliko azken sorkuntza, azken hamabi urteotan eraikitako estiloari eutsi dio eta boskoteak. Aldaketa, egotekotan, soinuan dago. Hobera egin duela uste du Sarduik. «Horretan zentratu gara, eta lortu dugu gorakadatxo bat». Gauzak horrela, badaki ez dutela taldekideek epaitu behar emaitza; argi dauka ikus-entzuleen egitekoa dela. Zain dago orain zaleek zer pentsatuko. «Gure ustez, apurka-apurka hobera goaz, baina publikoak esan beharko du». Ikus-entzuleen erantzuna, nolanahi ere, bikaina izan da Durangoko Azokak iraun duen egunetan. Han izan dira taldekideak egunero, eta, azkenerako, amaitu egin zaizkie ale guztiak. 

Taldea martxan hasi zenetik, bi urtetik behin atera izan dute diskoa, eta aurtengoan ere, ohitura zaharrei jarraiki, horrela egin dute. Orain, egindakoa zabaltzea baino ez zaie geratzen. Lanik ez zaie faltako. Kontzertu mordoa dute aurrera begira. Vianan (Nafarroa) ariko dira hilaren 13an, Basaurin (Bizkaia) 19an, eta urtarrilaren 10ean Iruñean.

(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 11n argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Egilea editoreEuritan dantzanGatibu