Musika

badok

2023.03.01

badok

Zetak taldeak ere joko du ZEID Fest jaialdian

Talde bakarra falta zen kartelean: Zetak taldeak antolatu du ZEID Fest jaialdia (Zeinen Ederra Izango Den Fest), bigarren urtez, eta Pello Reparaz abeslari eta musikariak orain arte esan izan du taldeak ez zuela asmorik apirilaren 1ean BECeko Bizkaia Arenako agertokian aritzeko. «Azken hilabeteetako eskaerak» ikusirik, ordea, iritziz aldatu dute: Zetak ere ariko da aurten ZEID Festen.

Jon Urbe / Foku

Zetak taldearen kontzertu bat, iaz, Donostian. (Jon Urbe / Foku)

«Harrigarria izan da egun hauetan gertatu dena», adierazi dute, ohar baten bidez. Entzuleei beren harrera eskertzeko, deskontu bat abiatu dute: ZETAK kodea jarriz gero, erosleek 2 euroko deskontua izango dute sarreretan. Zeidfest.eus webgunean daude eskuragai.

Orain arte, beste hainbat musikarik parte hartuko dutela baieztatu dute: Gozategi, Esne Beltza, Nogen, Txiltxoko, Albina Stardust eta Euskal Trabestiak, Elektropottotte, Kukai, Olaia Inziarte eta Doctor Deseo euskal taldeek, besteak beste. Baita Don Patricio, Zahara Rave, La M.O.D.A. eta Samantha Hudsonek ere.

Zeinen ederra izango den abestiak, 2020an, «itxaropena» ekarri zien entzule askori, taldearen esanetan, eta horixe bilatu nahi dute jaialdiarekin ere: «Galdutako denbora berreskuratzea musikaren bidez, ingurukoekin une eder bat bizitzea». Iaz abiatu zuten jaialdia, eta milaka lagun elkartu zituzten Barakaldoko BECen (Bizkaia).

ETIKETAK:ZEIDZetak