Musika

Gotzon Barandiaran

2015.01.14

Gotzon Barandiaran

Zertarako abestu?

Nori? Zer? Zelan? Askorentzat aspergarriak diren galderok aldiro aldiro, inertziak kokorrotu aurretik erantzuten ahalegindu beharrekoak gomutatzen zaizkigu guri. Gero eta euskaldun gehiagok kanturako ingelesa hautatzen dutela azalarazteko egunkarietako erreportajeetan, sortzaileek, erreferenteak, imaginarioa, giroa, ereduak aipatzen dituzte denik eta hizkuntzarik inperialistena hautatzeko. Zertarako kantak diskoratu entzulearengan zein eragin izango duen axola ez badigu? Zertarako idatzitakoa libururatu irakurlea ez bada ezinbestekoa? Plazaratzen den sorkuntza ororen xederik behinena ez ote da komunikazioa? Orduan, zertarako abestu ingelesez, ez dakien euskaldunari? Niko Etxartek 1979an karrikaratu zuen 2 kantako diskoan frogatu zuen herri kantagintza eta AEBetatik edandako rocka uztargarriak direna, biak ala biak, hizkuntza gurean. Baina gaurko kantariek, egungo idazleek, zertarako kantatzen dugu? Zer esateko? Nori kantatzen diogu?

Arkaitz Minerrek iazko Azokaren bezperetan plazaratu zuen Esan izenburuko diskoan Iñigo Aranbarriren Aberriaren zera hau ahairetu du.

Nola arindu hainbeste egonezinen zama
Nola higatu gure harrotasun zigortua

Nola gorrotatu gure mintzoaren merkatu zuria
Aspaldi eraitsi behar genituzkeen arbola santuak
Inoiz eraitsi behar ez gintuzkeen
Ez genituzkeen txara hezigaitzak
Nola ahantzi itzal iluneko hegaztiei
Harrika eman izan diegun zelaiak
Nola ahantzi hainbeste bide hesitu hainbeste hesi bidetu

Esan nola erakutsi behar dugun gure etxea
Gela bakar bat giltzatu gabe
Nola erakutsi eskuak nola bildu begiak
Nola mututu hauen kodea
Esan nola zikindu behar dugun gure memoria
Hain hauskor hain barne
Hain geografia basa non bidezidorrak
Itsasora amiltzen diren
Itsasora amiltzen gaituzten
Gorpu ahantziak besarkatzen dituzten harkaitzak
Antzinako ametsak urrumatzen dituzten urak
Esan nola maitatu behar den
Hain astiro ernemintzen dena
Kristalezko arrosa hau, hain zauri bozatua
Nola aurkitu haren aurpegia itsu hatzez ez bada
Nola eman ahora haren hatzak horzkada ttikirik gabe
Nola ikasi ahal dugun hainbeste eginbehar
Nola ikasi behar dugun

Nola idatzi lur zokorretan
Nola desidatzi zorua larratu gabe

Mixel Ducauk, Anje Duhaldek eta Daniel Landartek osatzen zuten Errobi. Kantugintzaren funtzioaz egundo irakurri ditugun azalpenik argienak idatzi zituen Landartek “Gure lekukotasuna” abestian:

Zuen aurrean, jaun-andereak,
ibiltzen gara askotan…
bozkarioa ezarri nahiz
denen gogo-bihotzetan!
Baina giroa, ez dago naski,
alaitzeko denboretan…
Oraindik ere gure herria
ari baita negarretan! (bis)

Ez dugu segur gauza haundirik
Herriari eskaintzeko…
Bakar-bakarrik zenbait olerki
hemen zuei kantatzeko.
Guk ere zinez, gure Herria
asko maite dugulako.
Eta kantuaz, gure moldean,
nolazbait zerbitzatzeko… (bis)

Badakigu bai, kantuaz beste,
nahi duela Herriak…
Bainan ez dira denontzat berdin
iraultzaren iturriak
Bakoitzak beraz, bere sailean,
ezar ditzala harriak…
Elkarren lanak, ongi uztartuz,
altxatzen dira etxeak !

Etxe batean, nork ez du maite
beti kantuz ari dena ?
Baina kantua, ez da ez aski,
egin behar ere lana !
Gaurko kantu hau izan dadila
gure lekukotasuna…
Burruka gaiten irabazteko
Euskadin askatasuna! (bis)

Kantua Herria askatzeko, kantatu Herria zerbitzatzeko. 1975ean karrikaratu zen disk bati buruz ari gara, Espainiak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zitueneko giroa sortutako kantez, Franco hil zen urte bereko askatasun goseaz. Bi urte lehenago, J. A. Artzek sano argi adierazi zuen zergatik eta zertarako kantatu:

ZURE ASKATASUNAGATIK
zure askatasunagatik
borrokatzen banaiz
kantatzen badut,
ez dut, urrikia dizudalako
kantatzen
ez.
Ez eta zure malkoak
xukatzeagatik bakarrik
lurrak ura
eta sua
zuhaitzek haizea
harkaitzak uhinak bezala
neuk zu zoriontsu
libre behar zaitudalako baizik
zure askatasunean
zure zorionean ez ezik
ez baitut neurea
beste inun ikusten

Benito Lertxundik ez eze, Sen taldeak ere bere egin zituen Artzeren kantuaren funtzioari buruzko hitzok 2002an Metak diskoetxe desagertuak plazaratutako Gaizki esanak diskoan.

Imanolek Mikel Arregiren izenburu bereko kanta ondu zuen 1979an Sentimenduen hauspoz diskorako. Disko hartan bertan eta Mikel Arregi beraren berbak ahotan, “Poeta kaxkarra” kantan zera aitortzen zuen:

Ni poeta kaxkar bat naiz
eta kolore urdinez
eskribatzen dut gauez,
desio irrixtakorrak
itsuturik doaz ihes
gauaren leize-zulora,
mundua azpikoz gora,
dena jartzen dut aldrebes.
(…)

1973ko Herriak ez du barkatuko! bilduman, Imanolek berak, bere hitzetan, “Zergatik kantatu?” erantzun zien zalantza berbera zekarketenei. Amari semea hiltzen diotenean kantariak gitarra eskuratu behar baitu borroka tresna. Rafa Ruedak ehundutako Gabrielen lekua diskoko Arestiren “Egia bat esateagatik” haren maneran. Ez dago kantariaren ahotsa isilaraziko duen polizia, juje, lege ez komunikabiderik.

Benito Lertxundik, 1974an askatasunagatik kantatzen bazuen, 2002ko Nere ekialdean sortan, Pete Seeger iaz zenduaren ahaireak eta Anne Warnerren berbak moldatu zituen Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?” aldarrikatzeko.

Nere bizitza, munduko arranguren
Gainetik, amaiezinezko
Kantu batean, airos doa
Nere bizitza, kantu batean.
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?

Urrun bada ere, sorkuntza berri bat
Iragartzen duen doinu hori
Entzuten dut, harrabots eta
Borroka ororen artean.
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?

Ekaitza, ondoan ziztuka
Ari bada, zer axola!
Egia bizirik dela badakit
Bizirik dela badakit.
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?

Zer axola nere inguruan
Iluna hertsitzen bada?
Gauean kantak sortzen ditu,
Gauean kantak sortzen ditu.
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?

Nere pake kuttunena
Izutuko duen trumoirik ez da,
Harkaitz horri lotzen natzaion
Lotzen natzaion bitartean.
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik uzti kantatzeari?

Amodioa, zeru-lurren
Jauna bada, jauna bada
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?
Zergatik utzi behar ote diot,
Zergatik utzi kantatzeari?

Nor eta Pete Seeger eredu, oroz gain, kantuak funtzio soziala, kolektiboa, askatzailea izan behar duela ozen gogoraraziz hil zen koblakaria. Josu Landak euskarara ekarri zituen 13 kantetako honetan ezaguna zaigun zeregina damaio kantuari:

Baldin mailu bat banu, joka nenbilke goizez,
joka nenbilke gauez, herri osoan,
joka arriskuaz, joka egon erne,
joka amodioa neba-arreben artean
herri osoan.

Baldin kanpai bat banu, danga nenbilke goizez,
danga nenbilke gauez, herri osoan,
danga arriskuaz, danga egon erne,
danga amodioa neba-arreben artean
herri osoan.

Baldin kantu bat banu, doinuz nenbilke goizez,
doinuz nenbilke gauez, herri osoan,
doinuz arriskuaz, doinuz egon erne,
doinuz amodioa neba-arreben artean
herri osoan.

Orain badut mailua, eta badut kanpaia,
kantu bat kantatzeko herri osoan,
justizi mailua, libreen kanpaia,
kantuz amodioa neba-arreben artean
herri osoan.

Lertxundik berak, 2008an, Itsas ulu zolia diskoko lehen eskaintzan, Mikel Laboa aurrez musikatua zuen Jose Mendiageren Kantuz bertso-sorta moldatu zuen. Laboak bere kantugile ibilbidearen lehen laurdenean kantatu zuelarik, helburu finkatze gisa uler genezake kanta. Lertxundik bere kantugile ibilbidearen azkenaurreko igerialdian hautatu zuen, berrespentzat edo, zergatik ez, epilogotzat:

Kantuz sortu naiz eta, kantuz nahi bizi,
Kantuz igortzen ditut, nik penak ihesi,
Kantuz izan dudanian zerbeit irabazi
Kantuz gostura ditut guziak irazi
Kantuz ni bezelakoa hiltzia du merezi.

Kantuz pasatu ditut, gau eta egunak
Kantuz izan dirade ardura ene lanak
Kantuz bildu izan ditut aldeko lagunak
Kantuz eman daiteke obra gabe famak
Kantuz hartuko al nau
Gure ama lurrak?

Kantuz eman izan dut askotan berria
Kantuz gustatu izan zait erraitia egia
Kantuz eginez gero mundura sortzia
Kantuz ein beharko dut ene ustez hiltzia
Kantuz egin natzaizun bihotzean sartzia.

Kantuz ehortz nezaten hiltzen naizenian
Kantuz ene lagunek harturik airian
Kantuz ariko dira ni lurrian sartzian
Kantu frango utziko diotet mundian
Kantu egin dezaten nitaz oroitzian.

Badu berrespenetik, badu aldarritik, badu kexutik, badu Seegerretik Koldo Izagirrek idatzi eta Joseba Tapiak, egun desagertuta dagoen trikitiaren etorkizuneko jorrabidearen kinkela datekeen Real Politik itzelean, “Etorbide profesionala” argigarrian ohartarazi ziguna:

Zenbat trikiti, zenbat fandango
zenbat pasodoble jo dudan nik
ezker eta eskuin, esku eta zango!
Zer ez dut nik jo?
Txaloak gaiztotzen du harroa
baina sekula ez dut jo
ez dut jo sekula jotakoa.

Mila mandio, mila teilape
mila taberna alaitu dut nik
bete eta hutsik, hutsik egin gabe!
Non ez dut nik jo?
Zoko guztietan jo dizut nik
baina sekula ez dut jo
ez dut jo sekula pulpitutik.

Jotzen dut uda, jotzen dut negu
egunero naiz jo beharrean
soinuak estu ninduen heldu.
Noiz ez dut nik jo?
Giro sortzen zenbat ibilera!
Baina eskula ez dut jo
ez dut jo sekula epelera.

Zenbat trikiti, zenbat fandango
zenbat folk eder joko dudan nik
zenbat egia eta gezur esango!
Nola ez dut joko?
Joko dut zoli, joko dut grabe
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz jotze alde.

Ezintasunak joko nau baina
orduan ere joko dut bero
saiatuko naiz tentatuz gero.
Nola ez dut joko?
Dardara batean naiz jarriko
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz belauniko.

Joko dut karu, joko dut merke
eta ez daukanak behar banindu
joko dut pozik musu eske.
Nola ez dut joko?
Joko dut hauspoak eman arte
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz maite ez banaute.

Eskertuko genuke inoizko baldintzarik kaxkarrenetan, inoizko babes sozial eta instituzional gutxien duten garaiotan, kantugintzan ari direnek antzeko gogoetak proposatuko balizkigute.

ETIKETAK:Arkaitz MinerBelarribegietanBenito LertxundiErrobiImanolJoseba TapiaMikel LaboaNiko EtxartRafa Rueda