Musika

Zenaren eta izango denaren epika

Errepidera ateratzeko nahiari jarraituta sortu zen Occhi Di Farfalla. Lehen kantuak egin, eta haiekin heldu ziren estreinakoz Alemaniara, Suitzara, Txekiara eta Esloveniara, hogei eguneko bira batean. 2013. urtea zen, eta Miren Arangurenek eta Hodei Estebanek bikote akustiko gisa eman zioten hasiera taldeari. Urte berean grabatu zuten lehen diskoa, taldearen izen berekoa. Handik bi urtera, errepidean ziren berriz; orduko hartan laukote formatuan, kantuak taldean eta elektrikoan jotzeko gogoz. Alemania, Suitza, Txekia, Espainia, Euskal Herria… Jokin Azpiazu Carballorekin (baxua) eta Batirekin (bateria), estreinakoz laukoan sartu ziren estudioan Lerroetatik ihes (2016) grabatzera. Beste bira akustiko bat egin, eta laukoan atera ziren errepidera, Batiren lekuan Ibon Guerra Loinaz zela.

Occhi argazki berria

Hodei Esteban + Miren Aranguren + Jokin Azpiazu + Ibon Guerra = Occhi di Farfalla. (Juxe A. Goñi)

Iritsi behar zirenean iritsi direla, eta beti berandu iritsi direla. Talka horretan sentitu izan direla aitortu dute Arangurenek eta Estebanek. Eta horri zor dio izena lan berriak: Destino epikoak. «Askotan sentitu izan dugu gure belaunaldiak izan zenaren eta izango zenaren artean mugitu behar izan duela, beranduegi edo goizegi iritsi garela. Aurreko belaunaldien borrokak, musikak, egiteko moduek… askoz ere adore gehiago eskatu zutela, eta gurea, aldiz, zuriune moduko bat zela», dio Arangurenek. Bizitako «garai gogorren» aitortza bat ere jasotzen du diskoak. «Pasatutako urte horiek bazuten epikatik, datozenek duten bezala».

Argi dute lan berria heldu behar zenean heldu dela, halere. Musikan bezala, taldekideak beste hamaika alorretan ari direla eta bakoitzaren erritmoak eta egiteko moduak zaintzen dituztela diote. Azken urtea eman dute kantu berriak sortzen, fintzen, hitzak idazten… hau ere laukoan: Esteban, Aranguren, Guerra eta Azpiazu. 11 kantu dira, eta «intentsitate aldaketak eta melodia ilunak» dira nagusi, Estebanen esanetan, nahiz eta «argi izpi ugari» nahasten saiatu diren. «Kantu berean giro ezberdinak sartzen saiatu gara, eta disko osoan zehar kantuen artean nahasketa egotea ere nahi izan dugu hasieratik». Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute lana, Ander Barriusok gidatuta. «Ezagutzen gaitu, ezagutzen du aurretik zer egin dugun, eta harekin hitz egin dugu zer nahi genuen. Horrek gauzak asko errazten ditu», esan du Arangurenek. Craig Bjerring (Old Seed) aritu da ekoizle lanetan, eta Arangurenek aipatu du harekin zenbait kantuk «beste buelta bat» hartu dutela. «Aberasgarria eta oso dibertigarria izan da kantuak sortu eta non bukatu duten ikustea. Bjerring musikari aparta da, eta oso eskuzabal jokatu du gurekin».

Haienak dira kantu gehienen musika eta hitzak. Ez denak, baina: IRAk egin ditu “Segur ziur”-en hitzak eta Nora Strejilevitx-en Una sola muerte numerosa liburutik atera dituzte “Herio bakarra, heriotz ugari”-renak. “Warsaw” kantuan Batik jo du bateria, eta Bjerringek gitarra “Galdu ordez” eta “Nora joan” kantuetan; Bjerringek abestu ere egin du “Mamaxola” eta “Porlanez ase”-n. Masterizazioa Ben Chilsonek (Chelsea Woolf) egin du. Hasieratik taldearen izaerarekin eta «jarrera politikoekin» konexio handia izan duela esan du Estebanek: «Milaka kilometrora egon arren, hemengo askok baino hobeto ulertu du taldearen izaera».

Etxean, espazio txikietan
Bidaiatzea etenik izan ez duen asmoa izan da Occhi di Farfallan. Aranguren: «Hasieratik argi izan dugu hori, eta ahal dugun guztia luzatuko dugu». Musika egiteko zein gozatzeko modu bat dela diote, «bizipoza» ematen diena. Gaur abiatuko dute bira berria, Besançonetik (Frantzia); bederatzi kontzertu emango dituzte Frantzia, Alemania, Suitza eta Txekian, eta Bjerring ariko da haiekin biran, gitarran eta baxuan. Espazio txikietan ariko dira, tabernetan, aretoetan, gune okupatuetan… «Hor sentitzen gara eroso, etxean. Espazio horiek sekulako balio sozial, politiko eta artistikoa dute. Erdigunea hura partekatzen dugun pertsonek osatzen dugu; ez markek, ez korporazio handiek, ez diruak». Taldea ezagutu gabe ere, jendea kontzertuetara hurreratzen da zirkuitu horretan, Estebanen iritziz. Eurak ere aritu ohi dira kontzertuak antolatzen, eta badu eragina eszena ulertzeko moduan: «Besteen gaitasun eta miserien berri izateak asko laguntzen du honen guztiaren eraikuntzan. Euskal Herriko musikari askok katxetak asko jaitsiko lituzkete antolatzaile izango balira inoiz». Egun, musika, beste zerbait egin bitartean itzalean egon ohi den hori dela uste du Estebanek. «Oso gutxitan jartzen gara soilik musika entzuten». Gonbit hori egin du: tarte bat hartu, dena utzi, disko bat jarri, eta gozatzen saiatzea. Horretarako, ordea, gaurko gizarteak eskaintzen duen «pazientzia» baino gehiago behar du musikak. «Egia esan, ez musikak soilik. Denak».

ETIKETAK:Craig BjerringHodei EstebanIbon GuerraJokin Azpiazu CarballoMiren ArangurenOcchi di Farfalla