Musika

Zeharkaldi berri bat hitz zaharren gainean

«Egunak eta gauak, uda eta neguak/ etsipen ilunenak, zorion orduak/ bizitzaren zauriak, helburu galduak/ laztanik xamurrenak, bide erratuak/ elkarren babesean igarotakuak». Xabier Leteren kantua etorriko zaio bati baino gehiagori hitzok irakurtzean, eta Karlos Gimenezek sortutako doinuz, beharbada. Juan Luis Perez Mitxelena Petti-ren ahots grabez datoz orain, ordea, Bider 5 kolektiboaren lehendabiziko diskoan: Abestiak gogoan du izena, eta beste hainbatek abestu zitzaten Gimenezek idatzitako melodiak ditu oinarrian. «Niretzat, benetan, opari bat izan da kantu hauetara itzultzea eta horien inguruan talde berri bat osatu ahal izatea. Opari bat», errepikatu du pianistak.

Karlos Gimenez + Nerea Gorriti + Iñaki Salvador + Francisco Herrera + Petti = X5 kolektiboa

Maiz bigarren planoan baina beti lehen mailako kantarien ondoan aritutako musikaria da Gimenez (Rosario, Argentina, 1956). Imanol Larzabali pianoan lagundu zion urte luzez, baina baita Xabier Leteri, Antton Valverderi, Pier Paul Berzaitzi, Amaia Zubiriari eta besteri ere, eta haientzat idatzitako doinuak berreskuratu diu orain Bider 5 kolektiboak. Iñaki Salvador eta bera hasi ziren taldea martxan jartzen, Imanol jazz proiektuan elkarrekin aritu ostean, lau eskutara. «Gogoa gelditu zitzaigun bi pianorekin lanean jarraitzeko, eta pentsatu genuen disko bat grabatu genezakeela nire bizitza profesionalean sortutako abestiekin; hortik Abestiak gogoan izenburua». Beste kide batzuk ere behar zituztenez, hala batu dira taldera Petti eta Nerea Gorriti ahotsetan eta Francisco Herrera biolinean eta biolan.

Hamahiru piezak osatzen dute diskoa, eta Gimenez bera arduratu da hautaketaz. Moldaketak Salvadorrek eta biek egin dituzte, baina taldean bilatu diote azken forma kantuei. Bilaketa momentu horietan sortutako giroa nabarmendu du, hain justu, piano jotzaileak: «Entseguetan eta solasaldietan konplizitate ederra sortu zen, eta horrek lan artistikoan asko lagundu duela pentsatzen dut. Niretzat behar-beharrezkoa da hori, bai lan artistikoan eta bai eguneroko bizitzan».

Musikariarentzat berezia den kantu batek irekitzen du diskoa: Berriro igo nauzue ene mendira. Artean elkar apenas ezagutzen zuten garaian, Gimenezek melodia bat pasatu zion Imanoli kasete batean, eta Leteren olerki bat ondo joan zekiokeela ikusi zuen hark; horrela sortu zuten kantua. Gainontzean, oro har, piano gainera heltzen joan zaizkion poemak musikatu izan ditu.

Beste salbuespen bat ere badator diskoan, ordea: Jardin bat zuretzat. Orduan ere aurrez zeukan doinu bat erakutsi zion Gimenezek Leteri, eta haren gainean idatzi zuen olerkia poetak.

Diskoan bildutako kantu gehienen hitzak Letek idatzitakoak dira, bada, lau izan ezik: Orixeren Nere maite baso, Joseba Sarrionandiaren Oroimeneko portua, Joxerra Garziaren Izarapean eta John Donneren Musde Herio. «Shakespeareren poeta garaikide bat da Donne, eta heriotzaren kontrako poema bat idatzi zuen. Zuberotar batek euskaratu zuen gero, eta hortik abiatuta egin nuen nik kantua, Pier Paul Berzaizentzat», oroitu du.

Badira multzoan hiru kantu berri ere. Leteren hitza dutenak, baina Letek inoiz entzun ez zituenak: Imanol lagunari agurra —Larzabalen hileta egunari jarritakoa—, Neguan izan zenLurdes Iriondoren heriotzari eskainia— eta Biluts azkenean. Gimenez: «Xabierrek azken disko bat egin nahi izan zuen; bidali zizkidan olerki batzuk, ni orduan hasi nintzen zerbaitetan, baina gero tarte batez utzi genuen, eta azkenean bera joan zen, eta ez zituen entzun». Tonu goibelekoak dira hiru piezak, baina sorburuan emozio argitsuago bat ikusten du pianistak. «Nahiago dut gogoratzea maitasunetik sortu direla kantu horiek, ez tristuratik».

Diskoa Pottoko Studion grabatu dute, Fredi Pelaezekin, eta lan arina izan da, «sinplea», Gimenzen hitzetan. «Ohikoena izaten da lehenengo gauza bat grabatzea, haren gainean beste bat, gero beste bat… baina azkenean hoztu egiten da dena. Aldiz, elkarrekin grabatzeak nolabaiteko kontzertu giroa ematen dio diskoari, eta hala egin dugu. Oso denbora gutxian, dena prest zegoen».

Gelditzeko kolektiboa

CD formatuan kaleratu dute lana, eta Gimenezek azpimarratu du «mimo handiz» saiatu direla zaintzen formatu fisikoa. Internetez eta ohiko saltokietan jarri dute eskuragarri, eta kontzertuak noiz aterako zain daude orain. Aipatu du, baina, zuzenekoen zirkuitua beste garai batzuen aldean askoz konplikatuago ikusten duela egun. «Oskorrirekin hasi nintzen ni, eta asteburuero herriz herri aritzen ginen. Orain zaila da kontzertu bat lotzea, eta ez zait iruditzen programatzaileen kontua denik. Gu gara askotan ez garenak mugitzen; ez gara joaten kontzertuak entzutera, ez ditugu diskoak erosten». Abestiak gogoan zuzenean aurkezteko borondatea berretsi du, hala ere, baita Bider 5 kolektiboarekin lanean segitzeko gogoa ere. «Hau lehen proiektua izan da, baina badaukagu beste batzuekin jarraitzeko asmoa».

ETIKETAK:Francisco HerreraIñaki SalvadorKarlos GimenezNerea GorritiPettiX5 kolektiboa