Musika

Olatz Silva Rodrigo

2022.11.25

Olatz Silva Rodrigo

Zea Maysen Frankenstein bat

Kanta bikote bakoitza disko bat balitz bezala landu du Zea Mays taldeak, bakoitza bere azalarekin eta bideokliparekin. Pandemia garaian kontzertuak egitea ezinezkoa zela ikusita, abestiak sortu eta grabatzen hasi ziren joan den urteko martxoan. Binaka joan dira abestiak sareratuz ere, eta orain arte entzun gabeko beste lau abesti gehituta osatu dute Adore, Kemena, Kuraia diskoa. «Frankenstein disko» bat dela diote. Hamaikagarren lana dute; taldeak berak ekoitzi du, Garden Records zigiluarekin. «Abestiak binaka egin izanak sekulako freskotasuna sortu du», esan du Aiora Renteria abeslariak. Kanta bikote bakoitza lantzeko ekoizle batengana jo dute, gainera. Eta lau estudiotan egin dituzte grabaketak. Aurkezpenean, abestien ibilbideari buruz aritu dira taldeko lau kideak, baita taldearen nortasunari eta izaerari buruz ere.

Zea Mays - Adore Kemena Kuraia

Ruben Gonzalez, Asier Basabe, Aiora Renteria eta Iñaki Imaz Piti Zea Mays taldeko kideak, atzo, Bilbon. (Oskar Matxin Edesa / Foku)

«Diskoa joan den urtearen amaieran argitaratzekoa zen, baina ez zen posible izan», aitortu du Renteriak. Minbizia zuela jakin zuelako eten behar izan zuten prozesua. Zortzi kanta bazituzten ordurako, eta, Renteria osatutakoan, beste bi gehitu zizkioten zerrendari.

Ricky Falkner, Santi Garcia, Dave M. Allen, Paco Loco eta Aritz Aranburu ekoizleak izan dituzte laguntzaile kantak osatzeko. Baina, taldekideen hitzetan, abesti guztiek dituzte zenbait kontu komun. Diseinua Fortun Fortunek egin du, eta masterizazioa, Victor Garciak. Renteria: «Gainera, gu gaude abesti guztietan».

Oro har, formula horrekin pozik daude. «Oso hunkigarria izan da, itzela», adierazi du Renteriak. Eta Ruben Gonzalez baxu jotzaileak gehitu du «aberasgarria» izan dela hainbeste ekoizle eta estudio ezagutzea: «Zerbait aldatzeko, gauza desberdinak egin behar dira; eta guk lan egiteko modu asko ezagutu ditugu». Konfiantza irabazi dutela nabarmendu du Iñaki Imaz Piti gitarra jotzaileak. «Orain duela gutxi arte, ohiko estudio eta ekoizleekin egin dugu lan; hor oso eroso eta ondo zainduta geunden. Hortik atera eta bizi izandako esperientziari esker, segurtasun handia lortu dugu».

Zea Maysek argi dauka aurrera jarraitzeko denek bat egin behar dutela. «Ikasi dugu gauzak ondo eta baldintza egokietan egiteko laurok batera egin behar dugula lan; ez du balio batek aurrera egin eta beste hirurak atzean geratzeak», azpimarratu du Pitik. Eta gehitu du norbait atzean geratzen bada gainerakoak moldatu egin behar direla. «Itxaron behar bada, itxaroten dugu, eta, aurrera jo behar denean, denok aurrera egiten dugu». Hori da taldearen diskurtso demokratiko eta asanblearioa.

«Artista batzuk gara», esan du Pitik. Eta horixe bera uste du Basabek ere: «Rock-and-rollaren super banda bat gara».

25 urte daramatzate oholtza gainean, Basabek gogoratu duenez. «Musikaren profesionalak gara, baina ez gara horretan bakarrik aritzen». Izan ere, hori izan daiteke bizirik jarraitzeko gakoetako bat, haren hitzetan. «Hipoteka ordaintzen duen» lan bat izateak «askatasuna» ematen die bandarekin nahi dutena egiteko, eta irabazten dutena horretan gastatzeko. «Zorionekoa da astelehenetik ostiralera hipoteka ordaintzen dizun hobby bat izatea, eta profesionala izatea arratsaldeetan, gauetan eta asteburuetan». Bakarrik rockaren profesionalak izango balira dena desberdina izango litzatekeela uste du musikariak. «Bandarekin nahi duguna nahi dugunean egiteko libre egotea puntu positiboa da».

Bizitzaren elikagaia

Taldearen izenaz ere aritu dira musikariak. Zea mays artoaren izen zientifikoa da, baina badu beste esanahi bat ere, Pitik zehaztu duenez: «Bizitzaren elikagaia da». Hori da kideentzat taldea: «Guretzat, Zea Mays gure bizitzako janaria da. Gure lanekin edo dena delakoarekin elikatu gaitezke, baina benetan bizitza honetan elikatzen gaituena Zea Mays da».

Diskoa sarean entzun daiteke osorik, eta Durangoko Azokan aukera egongo da formatu fisikoan erosteko. Eta, horren ostean, dendetan egongo da salgai. Biniloan ere aterako dute. Aurkezpen bira datorren urteko otsailean hasiko dute, Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi). Besteak beste, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan egongo dira. Eta Europan ere eskainiko dituzte kontzertuak, Zurichen, Frankfurten eta Berlinen. «Disko bat atera dugun bakoitzean, beti nahi izan dugu erosotasun gunetik atera, turismo pixka bat egin, eta jendea eta lekuak ezagutu», nabarmendu du Asier Basabe bateria jotzaileak.

ETIKETAK:Zea Mays