Musika

badok

2021.05.14

badok

Zea Maysek ‘Adore’ kaleratuko du hilaren 21ean

Zea Mays taldea grabazio estudiora itzuli zen martxoaren bukaeran. Tarragonako (Katalunia) La Casamurada aukeratu zuen kanta berriak Jordi Mora soinu teknikari eta Ricky Falkner ekoizlearekin grabatzeko. Abesti horiek Adore izeneko EPan bildu ditu laukoteak eta maiatzaren 21ean argitaratuko ditu plataforma digital guztietan. Bezperan, singlearen bideoklipa plazaratuko du.

Zea Mays Falkner

Zea Mayseko kideak Jordi Mora (ezkerretik hirugarrena) eta Ricky Falknerrekin (eskuinetik lehenengoa), La Casamurada estudioan.

Azken diskoetan kanpoko ekoizle batekin lan egiteko ohitura hartu du taldeak; hala, Carles Campionekin grabatu zuen Atera (2019), eta Dave M. Allen ingelesarekin Harro (2016) eta Da (2013). Zea Maysen hamargarren diskoa izango da Adore, eta Ricky Falkner musikari eta ekoizlea arduratu da ekoizpenaz. Aurretik beste zenbait euskal taldek egin dute lan Falknerrekin, Berri Txarrak, Gatibu, Ken Zazpi edota Niña Coyote eta Chico Tornadok, hain zuzen ere.

Zea Mays Adore

Fortun diseinatzaileak egin du ‘Adore’ diskoaren azala.

Oraingoz ez dago diskoaren aurkezpen kontzerturik iragarrita, baina litekeena da taldea zuzenean ikusteko aukera ugari izatea datozen hilabeteetan.

ETIKETAK:Berri TxarrakCarles CampionDave M. AllenGatibuJordi MoraKen ZazpiNiña Coyote eta Chico TornadoRicky FalknerZea Mays