Musika

badok

2022.02.22

badok

Zea Mays oholtzara itzuliko da 25. urtemuga ospatzeko

Negua indarrak hartzen igaro ostean, udaberriarekin batera loratuko da berriro Zea Mays. Taldea agertokietatik kanpo egon da iazko urriaz geroztik, Aiora Renteria abeslariak umetokiko minbizia izan duelako. «Oholtzan eusten nauen gorputzak lehentasunez zaintzeko deia egin dit», esan zuen azaroaren 1ean albistea ematearekin batera. Urgentziazko ebakuntza bat egin behar izan zioten, baina, “atseden hartu ondoren eta zaintza pertsonalari denbora bat eskaini ostean”, bueltan direla iragarri dute. Taldeak 25 urte beteko ditu aurten, gainera, eta hori ospatzeko lehen kontzertua apirilaren 9an eskainiko dute, Bilboko Santana aretoan, 25 urte joan dira ta! izenpean.

Itzulera eta kontzertua soilik ez, single berria prest dutela ere aurreratu du taldeak, “Kuraia” izenburu duena, zeina martxoaren 3an argitaratuko duten. Kontzerturako sarrerak, berriz, bihar, otsailaren 23an jarriko dituzte salgai, 12:00etatik aurrera, zea-mays.com helbidean. Bidenabar, zaleei esker ona adierazteko ere baliatu nahi izan dute oharra taldekideek: “Oso eskertuta gaude orain arte jasotako babesagatik, eta denok batera abestiek duten indarra partekatzeko gogotsu gaude”.

Bilbokoaz gain, beste sei kontzertu iragarri ditu taldeak Euskal Herritik kanpo: apirilaren 22an Logroñon, 23an Madrilen, maiatzaren 14an Torrelavegan, 15ean Valladoliden, 20an Zaragozan eta 21ean Bartzelonan.

 

ETIKETAK:Zea Mays