Musika

badok

2020.06.08

badok

Zea Mays eta Lou Topetek Viktoria Eugenian joko dute

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak ostiralean irekiko ditu ateak, COVID-19k eragindako osasun krisiaren ondorioz hiru hilabete itxita eman ondoren. Zea Mays taldeak eskainiko duen kontzertuak emango dio hasiera egitarau berriari. Emanaldi horretarako sarrerak hemen eros daitezke. Iaz argitaratutako Atera diskoa aurkeztuko du Bilboko laukoteak 20:00etan hasiko den emanaldi horretan. Disko horretako “Hiri eri” abestiaren bideoklipa zabaldu berri du taldeak.

Bi aste geroago, hilaren 28an, Lou Topet igoko da Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara. Abesti bat gutxiago disko-liburuan eta Pete Seeger kantariaren omenez egindako lanean oinarritutako emanaldia eskainiko du Oier Aranzabal buru duen taldeak, eta gonbidatu berezi bat batuko zaio, Joseba Irazoki gitarrista hain zuzen ere. Kontzertu horretarako sarrerak ere salgai daude jada.

Beste bi kontzertuk osatzen dute Viktoria Eugenia antzokiaren pop-rock musika eskaintza hilabete honetan: McEnroe taldeak La distancia diskoa aurkeztuko du ekainaren 21ean, eta ekainaren 25ean Gaztea maketa lehiaketaren finala jokatuko da bertan. Deñe, Kilimak, Klermoon eta Raitx taldeak dira finalistak.

Kontzertuotan aforoaren erdia baino ez da erabiliko, alegia, 391 eserleku. Sarrerak zenbatuak izango dira eta publiko zein langileen zirkulaziorako protokoloak finkatuko dira. Ikusleen kantuan begira, antzokiaren kanpoaldean ilarak markatuta egongo dira eta bi metroko distantzia zaintzen dela ziurtatuko dute hainbat langilek; sartu aurretik oinak lanpasean garbitu beharko dituzte desinfektatzeko eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu; eta nahi duenak eskuragarri izango du tenperatura hartzea.

ETIKETAK:DeñeDonostiaJoseba IrazokiKilimakKlermoonKontzertuakLou TopetRaitxViktoria Eugenia antzokiaZea Mays