Musika

Fred Berruet

2021.03.25

Fred Berruet

Zarama – “Dena ongi dabil” (Elkar, 1987)

Punkak Estatu Batuetan eta Ingalaterran eztanda egin eta 10 urtera, Zaramak Dena ongi dabil izeneko hirugarren diskoa atera zuen. LP erabakigarria, aitzineko lanek ezarri langa altua erraz gainditu zuena. Atzera begirada bat egin diezaiogun punk-rockak Euskal Herriari inoiz eman dion lan handienetarik bati.

ZARAMA  Dena ongi dabil

Roberto Mosok egin zuen ‘Dena ongi dabil’ diskoaren azala.

‘Bostak bat‘ eta 80ko hamarkada bukaerako oihartzunak
80ko eta 90eko hamarkadetan, herriko besten karietara antolatu kontzertuaz gain, Sarako (Lapurdi) musikazaleok bi hitzordu nagusi genituen urtetik urtera errepikatzen zirenak. Bata, Herri Urrats bezperako kontzertua zen. Ipar Euskal Herriko ikastolen hitzordu nagusiaren bezperan, ehunka gazte biltzen ziren Senpereko aintzirara hurbildu aitzin. Beste hitzordua, hamar bat egun lehenago Olhain ikastolak eta Etxola Gaztetxeak antolatu Gau Pasa genuen. Zarama behin baino gehiagotan aritu zen hor. Santurtziarrek anitz maite zuten Ipar Euskal Herrian jotzea eta hemen gaindi jarraitzaile fidel andana bat baitzituzten. 1994an taldea despeditu zelarik, Roberto Mosok zera aitortu zuen Euskaldunon Egunkaria-ri eskaini elkarrizketa batean: “Egun gehien mintzen nauena hori da, Ipar Euskal Herriko ekitaldiak uztea, oso giro polita, kantaldiak ondo antolatuak. [...]. Giroa konparaezina da erabat. Jaietan daudenean batez ere, asko maite dut beste aldea”.

Maiatzaren Lehenaren bezpera batez beraz, Bostak bat diskoa (1989) aurkeztera etorri zitzaizkigun. Eszenatoki gainean taldea bikain ari da. Mosoren mugitzeko modu desartikulatua guztiz liluragarria zaigu. Bere ahots mehe, garden eta nahastezina zuzenean preziatzea, eztiaren pare da gure nerabe belarrientzat. Ahots indartsua du, baina melodikoa eta oso sentibera ere bai. Barneraino hunkitzen zaituen horietakoa.

Taldeak punk jarrera dauka, baina estereotipoetan erori gabe: “Do it yourself leloak gauza askotarako nirea jarraitzen du izaten. Arlo estetikoak ez zitzaizkidan eta ez zaizkit horrenbeste interesatzen”, kontatu zuen Mosok berak 2013ko Entzun! disko-liburuan.

Ordukotzat, Zarama talde heldua zen. Bere eginbeharra ederki kontrolatzen zuen. Bere indarraz seguru agertzen zen. Alta, taldeko abeslariari disko hura ez zitzaion hainbeste gustatu. “Hutsik geratu zen diskoa”, idatzi zuen 2004an Hilargi Ediciones argitaletxearekin kaleratu Loreak Zaraman-Rock erradikal egunak liburuan. Iduriz, bere taldekideek ez zuten iritzi hori partekatzen. Konforme, Zaramaren rock-opera partikularra sortzeko saiakerak porrot egin zuen. Halere, diskoaren soinua garbiagoa, poperoagoa, mihi gaiztoek erranen lukete “bigunagoa” izanik ere,  Robertok inoiz baino hobeki abesten du eta diskoak kantu zoragarriak biltzen ditu. Berak salbatuko lituzkeenak —”Bostak bat” eta “Dominus Bobiskum”— baino askoz ere gehiago.

Jakina. Bostak bat-ek desabantaila handi bat bazuen: Dena ongi dabil erraldoiaren ondotik zetorren.

1987an taldeak bere hirugarren diskoa atera zuelarik, jadanik 10 urte iragan ziren punka Ingalaterran eta Estatu Batuetan lehertu zenetik. Nazioarte mailan mugimendu apurtzaile hura iragana zen jadanik. New wave-aren oihartzunak ere itzaltzera ari ziren. Punk-hardcorearen eta rock independentearen garaiak ziren, baina bereziki urte luzeetan mamitutako hip-hoparen eztanda gauzatzear zegoen. Music for the Masses (Depeche Mode), Sister (Sonic Youth), You’re Living All Over Me (Dinosaur Jr), Come On Pilgrim (Pixies) edota Songs About Fucking (Big Black) diskoen urtea izan zen, baina baita Yo! Bum Rush the Show (Public Enemy), Rhyme Pays (Ice-T) eta Paid in Full-ena (Eric B. & Rakim) ere.

unnamed

Zarama, Irunen 1986. urtean emandako kontzertu batean. (Jon Iraundegi)

Hasiera kalapitatsuetatik, maisulana grabatzeraino
Euskal Herrian aldiz, M-ak bezalako talde bakan batzuk bide berriak urratzen hasiak baziren ere, punkak bere urte hoberenak bizi zituen. Kortatu eta Hertzainak indar betean zeuden eta Zaramak berak 10 urteko bizia izanik ere, hots, eternitate bat bizi erritmo frenetikoa aldarrikatzen zuen mugimendu “iragankor” batentzat, bere disko hoberena ematekoa zuen oraindik.

70eko hamarkadako hastapen biziki zalapartatsuen ondotik, hasieratik musika tresnarik jotzen jakin gabe ere Sex Pistols-en herrialdetik doinu berri aldarrikatzaile eta zirikatzaile haiek Euskal Herrira ekarri eta euskaraz jorratzeko egitasmoa zeukan talde aitzindari gazteak, Egin Rock bezalako lehiaketa desberdinetan parte hartu eta azkenean Indarrez (Discos Suicidas, 1984)  lehen diskoa grabatzeko parada izan zuen.

Dena ongi dabil iritsi zenerako ordea, zorionez, egoera ez zen taldearen hasierako bera. Orduko gatazkak baretu eta rock uhinak Euskal Herri osoa estalia zuen. Gainera, taldea ongi egonkortua zen Roberto Mosorekin ahotsean, Txus Alonso eta Tontxu Tabaresekin gitarretan, Javier Alvarezekin baxuan eta Ernesto Alabarekin baterian. Esku bateko bost eriak nola, Zaramako kideak sekula baino gehiago lotuak ziren elkarri eta hori apailatzen ari ziren kantuetan nabarituko zen.

Bere hirugarren kapitulu diskografikoarekin, boskoteak argi zeukan aitzin-urrats kualitatiboa eman nahi zuela. Bere garaia iritsia zela konbentziturik, eztainezko ezteiak ospatzeko aldaketa bat nahi zuen. Horretarako, Discos Suicidas utzi eta lan berria Elkar diskoetxearekin kaleratzea erabaki zuten. Jose Mari Goikoetxea arduratzen zen orduan zigiluaren eta musikarien arteko harremanaz. Ordurartekoei alderatuta, luxuzkoak ziren baldintzak eskaini zizkien: estudioan, behar zuten denbora guzia hartzen ahalko zuten, bide gastuak eta jatekoa etxeak ordainduko zituen eta gainera Elkarrek zabalkunde ona eta salmentetan puxketa on bat eskainiko zien. Zaramak lehen aldiz ikusi zuen beraz zer zen “arduraz eta presarik gabe grabatzea”, idatzi zuen Roberto Mosok Loreak Zaraman liburuan.

Teknikoki ere, taldea 10 urte lehenago baino askoz trebeagoa zen. Aldaketak aldaketa, hamarkada oso bateko esperientzia zeukan eta bere maisulana grabatzeko prest zegoen.

Estrategia aldaketa emankorra
Estrategia aldaketa emankorra suertatu zen. Elkar diskoetxeak bultzada handia eman zion diskoari. Geroztik gainera, behin baino gehiagotan berrargitaratua izan da. Hala nola, Hertzainak, Itoiz edo Errobi taldeekin egin bezala, 2000. urteen hasieran taldearen sei CDak kutxa batean bilduak argitaratu zituen. 1997an jadanik, Egin egunkariak, Euskal rockeroak CD sortan, Dena ongi dabil urte haietako modako euskarrian lortzeko aukera eskaini zuen. Biltzen dituen abesti gehienak Zaramaren ezagunenetakoak baldin badira ere, ez da taldeak gehien saldu duen diskoa.

Bizkaitarren hirugarren manifestua, Indarrez indartsuan eta garaian puri-purian zegoen Landetako Du Manoir estudioan grabatutako Gaua apurtu arte gaizki ulertuan (Discos Suicidas, 1985) entzundako potentzial guzia berrestera etorri zen, eta bistan da, Jean Phocas soinu-teknikariak ere horretan zer ikusia izan zuen. Instrumentu bakoitzak bere tokia badu hemen. Gitarrek, baxuak, bateriak, ahotsak, koruek eta gainerako ekarpenek, denek ongi sonatzen dute, denak ongi bereizten dira. Bizkitartean, soinua ez da garbiegia. Rock’n roll disko bati eskatzen zaion zikintasun puntu hori ere badauka. Orokorki, produkzioa mamitsuagoa eta modernoagoa da eta ia 35 urte iragan badira ere, grabaketa ongi baino hobeki zahartu da.

Ahotsa ere aitzineko lanetan baino hobeki zaindua izan da eta ordurarte ezagutzen ez genion alde grabeago bat hartzen du tarteka. Eta funtsezkoena beharbada: konposizioak eta melodiak arrunt inspiratuak dira. Emaitza? 35 minutu eskaseko punk-rock LP zuzen baina aberatsa, hainbat kantu ahaztezin utzi dizkiguna. Dena ongi dabil hastetik buru entzun behar da. Badira diskoak bakarrik horrela entzuten direnak, zain barneko injekzio baten moduan hartzen direnak. Roberto Moso erredaktore-buru lukeen garai hartako (ezkerreko) egunkari batean murgilduko bagina bezala entzun behar da. Are gehiago, talde askok ukatzen zuten Euskal Rock Erradikala hura ez da ulertzerik Zaramaren diskografian eta bereziki monumentu honetan osorik murgildu gabe.

‘Dena ongi dabil’ hastetik buru entzun behar da, Roberto Moso erredaktore-buru lukeen garai hartako (ezkerreko) egunkari batean murgilduko bagina bezala

Lanak halako energia kutsakorra dauka. Punkaren garraztasunaren eta popera hurbiltzen diren melodien arteko oreka perfektua da. “Azken portua”-ren punk-rock ilunetik, “Atsoa eta pekinesa” basati eta zuzeneraino, “Erreginen tronua”-ren rock’n rolletik iraganez, aitzineko lanetan baino erritmo aniztasun gehiago bada. Zentzu horretan, Dena ongi dabil amaitzear zegoen 80ko hamarkado punkaren aldaera berriak barneratuak dituen disko bat da. “Kilikiliz ‘kil’ nazazu” da seguraski aniztasun hori hobekien ilustratzen duen kantua. Aski bitxiki, fox-trot giro batean murgilarazten gaitu, Jabier Muguruzaren akordeoiaren laguntza beti preziagarriarekin. Kantuak oroitarazten digu umoreak beti lekuren bat izan duela Zaramaren abestietan. Ez. Punkak ez du beti seriosa izan beharrik.

Himnoak, barra-barra
Txapela kentzeko modukoa da. Obra zabaltzen duen “Ordaindu eta ixilik”-etik “Dena ongi dabil” kantu mitikoraino, guti dira horrelako aniztasuna eta era berean hain koherentzia handia duten diskoak. Kantu bakar bat ere ez da bestearen antzekoa eta, halere, denak oso Dena ongi dabil dira.

Tindersticks taldearen Distractions disko berriari buruz, Stuart A. Staples kantariak zera aitortzen zuen berriki: “Disko bat egitea, bidaia bat da hasiera eta bukaera batekin. Kontaketa berezi horretan tokirik aurkitzen ez duten kantuak damurik gabe baztertuak dira. Hoberenak ere bai”. Disko handirik ez kantu handirik gabe, dena-den. Eta hemen horietarik barra-barra baditugu. Zer erran larunbat arrats bateko manifestaldi aitzineko giroaz ari zaigun “Bihotzak sutan” sutsuaz eta garai hartako Euskal Herria hobeki ezagutzeko ezinbesteko dokumentua bilakatu den bideo-klipaz? Hamabi urte berantago, Gasteizko Betagarri taldeak kantua bertsioneatu zuen 80ko hamarkadako hainbat kantu enblematikoren bertsioz osatu 80/00 diskoan. Urteak airez-aire zeharkatu dituen Zaramaren ikurretarik bat da, honezkero.

Eta zer konta langileen egunaren bezperan, ez bakarrik Saran baina Euskal Herriko hainbat plazatan ere halako oihartzun berezia hartzen zuen eta LParen “Kontra” aldea zabaltzen duen “Maiatzaren Lehena” abesti panfletoaz? “Belaunikaturik bizitzea baino, beti izango da hobe zutik amaitzea, lurra izan beharko lantzen duenarentzat, munduko langile elkar gaitezen ba”. Bere aldetik, aski argi gelditu ez balitz, “Atsoa eta pekinesa” biziak ere mutil hauek klase borrokarako benetan prest direla oraindik garbiago uzten du. Kantu hauek edozeinen barneko iraultzaile sen izkutua zartarazteko gaitasuna duten molotov koktelak dira. Garai bateko egiazko ereserkiak, 80ko hamarkadako soinu bandaren ezinbesteko pasarteak.

Kantu hauek edozeinen barneko iraultzaile sen izkutua zartarazteko gaitasuna duten molotov koktelak dira. Garai bateko egiazko ereserkiak

Musikariek komunikabideek guti lantzen dituzten gizarte arazo batzuk aipa ditzakete. Egokitu zaien garaiko kronikatzaileak izan daitezke. Aldaketa sustatzeko parada badute. Zarama horretan aritu da ere, irrati libre edo fanzine baten gisa, errealitate ezkutatu hori lau haizetara ezagutarazteko asmoz. Oroitu behar da Roberto Moso lanbidez Radio Euskadiko kazetaria zela orduan. Prentsaurrekoetara joaten zen, manifestaldiak jarraitzen zituen. Lanbideak urrezko ekaia eskaintzen zion kantuen gaiak aurkitzeko eta beren hitzak moldatzeko orduan.

Argi da. Punk musikaren bortizkeria eta bapatekotasuna ezin hobeki uztartzen ziren bizkaitarrek zabaldu nahi zituzten mezuekin. Modu horretan, Dena ongi dabil disko politiko bat bezala ikus daiteke. Salaketak egiten ditu, Roberto Mosok berak landu azal ikusgarriak ere hori erakusten du, disko honekin konzientziak iratzartzera etorri direla. Baina dena ez da galdua. Mundu berri baten itxaropena ere aldarrikatzen dute.

Punk musikaren bortizkeria eta bapatekotasuna ezin hobeki uztartzen ziren zabaldu nahi zituzten mezuekin. Disko politiko bat bezala ikus daiteke

Egia. Dena ongi dabil-ek beldurrik gabe aurre egiten zien gehiegi luzatzen ari zen transizio demokratikoaren garaiko kezka nagusiei. Baina ez hori bakarrik. Taldekideen eta bereziki Roberto Mosoren kezka pertsonalei ere oihartzun egin die. Hor dago adibidez, ezinezko amodioaz ari zaigun “Euritan” ilun eta hunkigarria. Hori izan zen Egin egunkariak 1987ko Bat, Bi, Hiru… Hamar! bildumarako hautatu zuen kantua. Harribitxi bat, zorionez bilduma historiko hari esker belarri gehiagotara iristeko aukera izanen zuena.

Letra gehienak Moso jaunak berak idatzi zituen, Granada ondoko Santa Fe herrian, taldea inguru haietan jotzen ibili zen garaian. Orokorki, Euskal Herri industrialaren karriketako usaina baldin badute ere, aski bitxiki, gehienak bake giroan eta naturarekin bat eginez sortuak izan dira. Azpimarratzekoa da “Kilikiliz ‘kil’ nazazu” eta “Erreginen tronua”-renak Jesus Etxezarraga eta Jorge Cerratorenak direla, hurrenez hurrez. “Azken portua”ren hitzak berriz, Edorta Jimenez poetarenak dira. Zaramako kideak jada ez hain euskaldunberriak izanik ere, Jon Etxebarrik eta Idoia Jauregik lagundu zituzten hitzak euskara literario batetik karrikako euskara txukun eta jator batera pasatzen. Taldeak gauzak ahal bezain ongi egin nahi zituenaren eta disko honekin zuen anbizioaren froga bat gehiago.

Disko bat baino gehiago
Dena ongi dabil diskoa, baina “Dena ongi dabil” kantua ere. Lan osoari izena ematen dion epilogo ironikoa, Iosu Exposito Eskorbuto taldeko kide eta Zaramaren baxu jole ohiak sortu zuen. Militarren urrats-hotsekin hasten den kantua Eskorbutok berak bertsioneatu zuen gazteleraz eta urte batzuk beranduago MCD talde bilbotarrak ere bai. Kantu hau eta bide batez diskoa ixten duten irrati soinu artxiboak biltzeko, taldeak Robertoren Radio Euskadiko lankideen laguntza izan zuen. Horrela, Armando Duquek muntatu zuen obra ezin hobeki borobiltzen duen azkeneko soinu muntaketa hura, John Waynek 1960ko The Alamo filmean independentziari egin gorazarre famatua eta guzti.

Hori guti balitz, Expositok beste kanta bat egin zion Zaramari: “Elkarrekin” punk-rockeroa, lagun bat galbidean izateak sortzen duen atsekabea kontatzen duena. “Elkarrekin jaietan, bataila guztietan, une txar eta onetan, ta orain etsi duzu”. Puzzleko ezinbesteko bi pieza, katedraleko bi zutoin, Staples jaunaren erranak ederki konfirmatzera datozenak.

Dena ongi dabil maisulanaren ondotik, estudioko beste hiru disko eta “Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun” hit-a etorriko ziren. Gauzak zer diren. Musikalki punk-rocketik hain urrun izanik ere (Kamerun baino askoz urrunago), hain segur Zaramaren kantu ezagunena da gaur egun. Berantago, 1995eko Santurtziko despedida eta 2009ko itzulera izan ziren.

Idoloak ez dira hain erraz hiltzen. Lapurdin, 2012ko Herri Urrats goaitatu behar izan genuen Zarama oholtza gainean berriz ikusteko. Denborak bere lan gupidagabea egin du. Bezperan Gau Pasarik ez. Ikastolaren alde patata frijituak prestatzea tokatzen da aurten. Momentu batez txandatik ihes egitea lortu dut halere. Errepertorioan, nola ez, Dena ongi dabil-eko abestiek ohorezko tokia badute. “Euritan”-en lehen akordeak entzutean, bihotza tinkatu zait. Erraz ez, baina idoloak noizbait hil daitezke. Kantuak gelditzen dira, ordea. Lehen aldiz entzun genitueneko karga emozional berarekin. Betirako.

ETIKETAK:BetagarriDiscos SuicidasElkarHertzainakItoizJabier MuguruzaKortatuM-akRoberto MosoZarama