2020.04.07
Eibarko hainbat musikarik bat egin dute Zaldibarko zabortegian gertatutakoa —bi langile desagerturik daude otsailaren 6an izandako luiziaren ondorioz— argitzeko eskaerarekin eta abesti bat sortu eta grabatu dute. “Zaborrezko munstroa” du izenburu abestiak, Kokein taldeak eta Miren Narbaizak (MICE) sortu dute musika eta Txakur Gorria kolektiboak jarri dizkio hitzak. Abestiaren grabazioan, aipatutakoez gain, Maite Arroitajauregik (Mursego). Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), David Karbak eta Jokin Bergarak ere hartu dute parte, besteak beste. Jarraian ikus dezakezu abestiarekin egindako bideoklipa.
Horrela dio kantuak:
Zaborrezko munstroak
oka egin digu,
gauak dira suzkoak
gezurra ari du.
Nondik dator usaina?
Zenbat hitz karratu…
Ez da arriskurik baina,
leihoak zarratu.
Herriak erantzunak,
erantzukizunak
behar ditu
Zaldibar argitu!
Gorbata mugimendu
aberats poseak,
miseria sortzen du
botere goseak.
Sortu dugun pozoia
datorkigu bueltan,
ez da kabitzen lohia
alfonbra azpietan.
Herriak Joaquin, Alberto
gertuko, etxeko
behar ditu
Zaldibar argitu!
Bizitza omen zen handiena
baina agian ez guztiena.
Herriak erantzunak,
erantzukizunak,
Joaquin, Alberto
gertuko, etxeko
behar ditu
Zaldibar argitu!