2023.02.16
«Azken urteotan, nabarmen handitu da emakume musikarien kopurua. Oholtzatik kanpo, ordea, egoera bestelakoa da». Horixe nabaritu du azkenaldian Nerea Loron La Furia rap kantariak: «Musikaren industria nahiko maskulinizatuta dago». Hutsune hori betetzeko asmoz sortu du Mimosa Bulegoa, Kata Garciarekin elkarlanean. Nagusiki manager gisa egiten dute lan, baina, batik bat, musikarekin lotura duten proiektu feministak bultzatzea dute xede. Gaur egingo dute aurkezpen jaia, Bilboko Bira kulturgunean, 20:00etan.
2016. urtean abiatu zuen proiektua La Furia musikariak, baina urte batzuk igaro ondoren ezagutarazi zuen: «Uste dut emakumeok, sarritan, inpostorearen sindromea izaten dugula: gauza asko egiten ditugu, baina ez ditugu lantzat hartzen». Musikariak bi hilabeteko bira bat antolatu zion Rebeca Lane musikariari, eta hari esker hasi zen buruari bueltaka: «Egiten nuena lana zela esan zidan; hari zor diot proiektu hau abiatu izana».
Zehazki, 2019an sortu zen Mimosa Bulegoa. «Unibertsitatean nirekin ikasitako Katarekin elkartu nintzen musika jaialdi batean, eta ohartu ginen produkzioaren alorrean begirada feminista baten falta zegoela», kontatu du La Furiak. Hala hasi ziren lanean, asmo argi batekin: «Diskurtso feminista presente dago egun, eta pozik nago taula gainean emakume asko daudelako, baina haien ibilbideak gizonezkoen eskuetan daude nagusiki; hau da, ohiko eredu patriarkalaren menpe». Egoera hori aldatzeko asmoz abiatu da Mimosa Bulegoa: «Uste dut beharrezkoa dela diskurtso feminista eta, bereziki, lan egiteko modu feministak egotea kudeaketan eta erabakiak hartzeko eremuetan».
Musika arloarekin lotura duten proiektu feministak sustatzen dituzte bereziki, baina bestelako helburu batzuk ere badituzte: «Arte eta kultura feminista bultzatzen du Mimosa Bulegoak: sormen prozesuak laguntzen eta balioesten ditu, eta gizarte eraldaketa sustatzen du, LGTBIQ ikuspegiarekin eta ikuspegi feministarekin».
Izenak berak ere proiektuaren izaerari egiten dio erreferentzia: «Pertsona zaurgarrietan jarri dugu arreta, eta haiek zaindu eta babestu nahi ditugu, eroso egon daitezen». Baina bestelako esanahi batzuk ere baditu: «Landare basati bat ere bada mimosa, koktel baten izena ere bai… gauza askori egiten dio erreferentzia».
Proiektu ugari
Gaur iluntzean izango da aurkezpen jaia, Bilboko Bira kulturgunean. «Denbora da proiektua abiatu genuela, baina ospatzeko garaia iritsi zaigu», kontatu du La Furiak. Musika, koktelak, jatekoa eta «sorpresaren bat edo beste» egongo direla aurreratu du musikariak, eta herritar orori egin dio bertaratzeko deia: «Ondo pasatuko dugu».
Haren ondotik, beste hainbat ekitaldi dituzte esku artean dagoeneko. Besteak beste, Irantzu Varelaren Señoricidio bakarrizketa estreinatuko dute martxoaren 10ean, Iruñeko Zentral aretoan; Irene Colladok eta Elisa Callek talk show bat egingo dute; eta La Sinsorga Bilboko espazio kultural feministarekin elkarlanean arituko dira. «Ikuspuntu feminista izango duen jaialdi bat ere ari gara prestatzen, baina aurrerago emango dugu horren berri», aurreratu du musikariak.