Musika

Juan Gorostidi

2023.12.20

Juan Gorostidi

Xorien ihesa: hegaztiak euskal kantagintzan

Xori bat pausatzen da ene leiho hegian

Etxahun Iruri, ‘Goizian argi hastian’

Hegazti herrariak pausatu dira leihoan

Joseba Sarrionandia, Mikel Laboak kantatua

 

Hegaztia giza jendearen alderik sotil edo izpiritualenaren sinbolo unibertsala da; indar garaiezinak edo eternalak fenix hegaztiaren edo suge hegadunaren (antzinako Mexikoko náhuatlen Quetzalcóatl), grifoen edo dragoien irudi hegadunez osatuak dira. Kristautasunak uso batez irudikatu du Jainkoaren izaera izpirituala, eta bake-nahia, uso zuri batez izan da irudikatua.
“Esperantza zerbait lumaduna da, ariman pausatzen dena” idatzi omen zuen Emily Dickinsonek, eta gure lirika herrikoian –euskal ekialdean batez ere– hegaztiek etengabeko presentzia dute: Xoxo beltza, Xori erresinula, Urzo luma grisa, Basoilarra, Orhiko txoria, Eperrak, Belatza, Arranoa… XX. mendeko bigarren erdian bada kantu bat euskaldun guztiek dakitena, Joxan Artzeren poematxotik Mikel Laboak musikatu eta munduan zabaldu dena, Txoria, txori, alegia: kirol-estadioetatik zeremonia intimoenetara, guztien ereserkia bilakatu da: “…eta nik, txoria nuen maite”.

Baina kantatzen ditugun txori horiek ideia bera adierazten al dute han eta hemen, orduan eta orain? Antzeko jarrerarekin egiten al diegu gorazarre hegaztiei “hegoak ebaki banizkion…” edo “xori erresinula udan da” kantari ari garenean? Ezetz iruditzen zait, eta nire inpresioa da beste hainbat kontutan bezala, gure esparru kulturalean ere zenbait haustura gertatu direnez azken hamarkadetan, hegaztiekin dugun tratatzeko erak haustura horien isla ere badirela. Inpresio horren bueltan, txoriei kantatzeko lau ikuspuntu bereiziko ditut hemen:

1. XX. mende aurreko kantu zaharrena (gehienetan egile ezagunik gabekoena).
2. XX. mendeko bigarren parteko hainbat poeta eta kantarirena.
3. Mende berriarekin (XXI.a) lotu litekeen trataera garaikidea.
4. Hurbilketa mistikoena.

I. TXORIAK EUSKAL KANTU ZAHARRETAN

Nola kantatzen du ürzo luma gris gaxua edo xori erresinula üdan da kanthari melodia ederretan ari denak? Esango nuke kantu horietan erabateko identifikazioa gertatzen dela kantariaren eta hegaztiaren artean. Txoria eta kantaria bat eta gauza bera dira. Halere, ahots ezberdinek hartzen dute hitza bere baitatik, kontraesankorrak askotan haien artean, eta, zenbaitetan, elkarrizketa bat sortzen da sentimendu ezberdin horien artean. Goizian argi hastian da horren adibide bat: lehenbizi, “pozik bizi naiz, ez dut zure kantuaren beharrik” esaten dio kantariak txoriari; ondoren, “tristerik naiz, ezin zu gabe bizi”, eta, azkenik, “dolütan niz othe zaionez nik errana gaitzitü”. Xori erresinula-n, berriz, kantariaren eta xoriaren arteko elkarrizketa dugu: “Neguan ezta ageri; baldinba ezta eri!” lehenak, eta xoriak: “Amak ützi nündizün bedats azkenian; geroztik nabilazü hegalez airian. Gauak jaurtiki nündizün sasiño batetara, han züzün xedera, oi! ene malürra!”. Sentimendu aldakorrak, auhenak, erreguak, promesak…

Bestalde, bizitza arriskuz beteta dagoenez, baita hegaztientzat ere, ez al da hobe segadez eta etsaiez betetako mundu basatian kaiolako bizitza segurua? Hori da Martin Darrupek 1877an osaturiko bertso sortan ondorioztatzen duena: “Gaztea nahi bada egon segurean, ez dadiela eror nik egin hutsean; bainan asmu hoberik harturik buruan, deskantsuan egon bedi kaiola ongi zerratuan”.

II. HEGAZTIAK ETA ASKATASUN-EGARRIA

Darruperen bertsoak ezingo ziren inolaz ere kantatu XX. mendearen bigarren aldean abiatu ziren kantaldi jendetsuetan. Ahobatezko izpiritu batek batzen zuen jendetza kantu berrien magalean. Errealismo onargarri bakarra, txoria txori kantuan laburbiltzen zen “hegoak ebaki banizkio, nirea izango zen… baina horrela ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria nuen maite”. Poematxo hori Donostiako jatetxe bateko ahozapian inprimaturik aurkitu omen zuen Laboak, Joxan Artzek 1969an argitaratutako lehen poema-liburutik hartua(1). Baina, ordura arte modu horretan adierazten ez zen askatasun-nahia aldarrikatzeko modu nabarmen hori ahobatezkoa gerta zedin, distantzia berri bat eraiki behar izan zen, bi operazio semantikotan adierazten dena. Batetik, txoria ez naiz ni, zu baizik, eta, gainera, libre behar zaitut, ez dizkizut hegoak ebakiko. Bestetik, beste era bateko distantzia gertatzen da, abstrakzio mota bat ahalbidetzen duena: “Hegazti herrariak pausatu dira leihoan,/ argia eta itzala bereizten diren lekuan,/ argia eta itzala leihoan pausatu dira,/ hegazti herrariak” dio Laboak(2) berak, Sarrionandiaren poema kantatuz: argia eta itzala hegazti herrariak (lirateke).

Kantu zaharretan ez zen halako baieztapen abstrakturik gertatzen. Inpresioa dut mundu zaharreko jendea ez zela horren boteretsu sentitzen, “txoriarekin zer egin beharko litzatekeen” erabakitzeko. Txoriarekin identifikatzen zen. Are eta gutxiago adierazten zuen modu esplizitu batean hegaztiaren sinbologia (leihoa, argia eta itzala…). Zerbait gertatu zen munduarekiko –gauzekiko, gainontzeko bizidunekiko– genuen harremanean, eta gai bihurtu ginen, orduan, gure ustezko ahala erabiliz, haien esanahia eta betebeharra adierazi eta kantuz ere aldarrikatzeko. Gizaki arranditsu bat agertzen da hor, larderiatsua ere badena; eta distantzia arranditsu horretan bere buruari gezur txiki ala handiak esateko gai sentitzen da. Kaiola-kartzelak suposatzen duen segurtasunaren eta askatasunak berekin dituen arriskuen artean zaharrek sentitzen zuten larritasun berbera bizi du, baina erabakimenez jantzita, argi du, ustez, hautua.

III. ERREALISMO BERRI BAT

Badira ordea beste bide batzuk, ez direnak sortzen erabateko identifikaziotik, ezta jarrera arranditsu horretatik ere. Distantzia ezberdinez irudia erabiltzeko gai sentitzen gara eta ez diegu tamaina horretako gezurrik esaten geure buruei: “Txorien zai daramagun arren urtaro osoa, saiak baino ez zaizkigu hurbiltzen lekura… Larritasun minez erraturiko habian erroturiko txoriak gara, egia eta itzala beltzak ditugunak. Hegan atera aurretik…” kantatzen du Anari desesperatu batek Habiak eta Gu kantuetan, gure kantarien artean beste esateko era bat zabalduz(3). Edo horren desesperatua egon gabe, argiaren eta itzalaren arteko muga –egia eta itzala, haren kasuan– beste modu batera interpretatuz: “Harri bat bota lurrera eta txoria altxatu hegan; zuri, bi pasa zaizkizu bizkar gainean: bat zuria, egia; bestea beltza, itzala. Itzalak ukitzen gaitu, eta hitzak, promesak, hegan. Badira ordea, txori beltzak, beleak, egia eta itzala berdin dituztenak, horregatik beti binaka hegan…”(4).

Anariren kasua berezia da, argigarria. Bere kantuetan hegaztiek eta haien inguruko sinboloek izugarrizko presentzia dute: bere lehen bost diskoetan (1997 eta 2013 bitartekoak) hamaika kantutan agertzen dira (lautik batean), azkeneko bietan desagertzeko. 2000koak Habiak du izena, eta hurrengoan, Zebra-n, hamar kantuetatik bostetan agertzen dira hegaztiak. Ia etengabeko presentzia horrek bere aurreko belaunaldiak txorien sinbologiari eman zion zentzua aldatzeko erabaki argi bat bilatu duela pentsarazi dit.

Laboaren azken diskoak, hil baino hiru urte lehenagokoak (2005), Xoriek 17 du izena, eta bertan ere, aurreko guztiari ematen zaion erantzun bat sumatzen da. Txoria txori ikonikoa du azken pieza, baina hitzik gabe, biolontxeloa nagusi duen moldaketan. Aurretik, Xoxo beltza, Ungarettiren Agonia, Negua (François Coppéeren Txorien heriotza, Atxagak errezitatua) eta, azken kantu berri gisa, Sarrionandiaren Xorien ihesa. Anariren hurbilketatik askoz gertuago dago azken Laboa hori, erabateko malenkoniak gailendua: “lurpian sartu nuen xoxuen kantua” gogoratzen digu, edo galeperra bezala, “hegan egiteko gogoa galdu ondoren, itsasoa zeharkatu eta gero, lehen sasien ondoan pausatuz” hiltzen dena. Eta, amaitzeko, “zuen begiak, eta zuen etxeetako leihoak, eta zuen eskuak zabaltzen dizkiezue; xoriak laudatu egiten dituzue, lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue…” errepikatuko digu behin eta berriz, “baina xoriak zuengandik beti ihes doaz” argitu baino lehen. Horiek dira Laboak utzi zizkigun azken hitz grabatuak.

IV. HEGAZTI MISTIKOAK

Azkenik, alde batera utziz sentimendu kontraesankorrei lotua zegoen kantu zaharren identifikazio anbibalente hura, edo errealismo garaikidea –zer esanik ez distantzia arranditsu hura–, bada identifikazioa muturrera eramaten saiatzen denik ere. Ekialde eta mendebaldeko tradizio mistikoetan oso presente egon da hegaztien eta izpirituaren nahi gorenak lotzeko joera. XII. mendeko Farid al Din Attar Persiako poetak Txorien elkarrizketa idatzi zuen, eta San Joan Gurutzekoa mintzatu zen Hegazti bakartiaren bertuteez: “Hegazti bakartiaren ezaugarriak bost dira: lehena, gorenera doala; bigarrena, konpainiarik ez duela, ezta bere izaerakoa; hirugarrena, mokoa airera zuzentzen duela; laugarrena, kolore zehatzik ez duela; bosgarrena, leunki kantatzen duela…”(5).

Juan Goytisolok Hegazti bakartiaren ezaugarriak izenburuko nobela, hitzokin amaitzen du: “hegaldia abiarazten du geldirik egoteari utzi gabe, distantzia txikiena ere egin gabe bidaiatzen du, ezer baino hurbilago dago eta ez du inolako espaziorik zeharkatzen, kolore guztiak harengandik datoz baina ez du kolorerik, Ekialdean habia egiten du Mendebaldean bere lekua hutsik utzi gabe, zientziak sorginkeriatik datoz eta musika-tresnarik perfektuenak haren oihartzun eta erresonantzietatik, suz elikatzen da eta luma bat janzten duenak haren eskuinaldean onik irtengo da sugarretatik, berezko brisa haren hatsetik ateratzen da eta horregatik maitaleak bihotzaren misterioak eta pentsamendu intimo eta sekretuenak azaltzen dizkio
baina txioek, kantuek, pioek, modulazioek, urrumek, abiatzeko kontsignak zabaltzen dituzte, zurrumurru itsuek, hegalen mugimenduek haren ahotsa itotzen dute, martxa handiaren hasiera iragartzen dute
bertsoak kopiatzeko denbora besterik ez zuen izan
bakarrean bizi zen
eta bakarrean, du habia egin
bakarrean daroa
bere maiteak soilki,
bakarrean hau ere maite-zauriz min
gainerako hegaztiekin hegan egin baino lehen, eta osatutako liburuaren orriak behin betiko itxi”(6).

Euskal kantuaren tradizioan, Zuberoako Basa ahaideak(7) dira identifikazio mistiko horretatik hurbilen leudekeenak. Belaunaldiz belaunaldi kantatuak eta transmitituak izan dira, eta haietako zenbait, ezagunenetakoak (Arranoa, Belatxa…), bertsio ezberdinetan grabatuak izan dira azken hamarkadetan(8). Ez dute hitzik, eta esan ohi da mendietan kantatzeko direla, muino batetik bestera, oihartzunak eta beste norbaiten erantzunak ere jaso ahal izateko. Hegaztien hegada omen dute inspirazio-iturri nagusi.

 

Oin-oharrak

1) Isturitzetik Tolosan barru, Artzeren lehen poema-liburua. Garai bertsukoa da Benito Lertxundiren Txori txikia epikoa, 1974ko Oro laño mee batek… diskoan lehenik eta gero beste hainbatetan grabatua.
2) 1994ko Hamalau diskoa zabaltzeko erabiltzen du kantua, hasierako Bat Hiru eta Lau Bost izan zirenetik nahiko urruti. Sarrionandiaren Lili batekin abiatu zuen (1989ko Hamabi diskoan) poematxo hauen seriea.
3) 2000ko
Habiak diskoan eta 2005eko Zebra-n.
4)Txori beltzak
kantua, Zebra diskoan.
5) Ikus Luce López-Baralten Para la génesis del pájaro solitario.
6)Goytisolok berak erabiltzen duen puntuazioa erabili dut itzulpenean. Jatorrizkoa: “
emprende el vuelo sin dejar de estar inmóvil, viaja sin cubrir la menor distancia, se aproxima y no recorre espacio alguno, todos los colores dimanan de él pero carece de color, anida en Oriente sin que su lugar en Occidente quede vacuo, las ciencias proceden de su encantamiento y los instrumentos musicales más perfectos de su eco y sus resonancias, se alimenta de fuego y quienquiera que prenda una pluma de sus alas en su costado derecho saldrá indemne de las llamas, la brisa natural brota de su aliento y por ello el amante le revela los misterios del corazón y sus pensamientos más íntimos y secretos pero trinos, cantos, gorjeos modulaciones, zureos, transmiten consignas de partida, impacientes rumores, movimientos de alas ahogan su voz, anuncia el comienzo de la gran marcha
sólo tuvo tiempo de copiar aprisa sus versos

en soledad vivía

y en soledad hay puesto ya su nido

y en soledad la guía

a solas su querido

también en soledad de amor herido

antes de volar con las demás aves y cerrar definitivamente las páginas del libro ya compuesto”. (“en soledad vivía…” Cántico Espiritual ezagunaren 25. kantuaren zatia da. Horren itzulpenean, Aita Onaindiaren bertsioari jarraitu diot).
7) Ikus
Basa Ahaide, Haratago 2023.
8) Beñat Axiarik
Arranoa deitu zion bere 1988ko diskoari, eta basa ahaide horrekin abiatzen da. Geroago, Jean Mixel Bedaxagarek Belatxa deitu zion 2015eko lanari. Azkenik, 2023an, Julen Axiarik, Haratago taldearekin eta Maddi Oihenart edo Mathieu Mendizabalen kolaborazioarekin, disko hirukoitza grabatu du, Basa ahaide izenekoa, kantaera honen adibide zabal eta garaikidea dena, era berean.

 

 

 

 

 

 

 

ETIKETAK:euskal kantagintzaJuan GorostidiTxoriak