Musika

badok

2021.09.10

badok

Xabier Castillo ‘Xeberri’ hil da, abeslari eta bikoizlea

Xabier Castillo Xeberri abeslari eta bikoizle durangarra (Bizkaia) 73 urte zituela hil da. Abeslari gisa egin zen ezagun: 1973. urtean bakarkako disko bat kaleratu zuen, eta Iparragirreren hitzekin egindako lehen lana izan zen. Ondoren, Amets taldeko partaide izan zen —Gizona izeneko diskoa kaleratu zuen 1975ean— Gontzal Mendibilekin batera aritu zen harat eta honat, eta 1976. urtean Zaurietatik dario lana grabatu eta plazaratu zuten.

Xeberri

Xabier Castillo ‘Xeberri’.

IZ diskoetxeak kaleratu zuen lan hura, eta Castillorekin eta Mendibilekin batera, Carlos Montero, Asier Loroño, Jose Oliver eta E. Duarte musikariak ere parte hartu zuten diskoan. Behin lana plazaratuta, urte eta erdiz plazaz plaza aritu ziren biak ala biak, eta guztira 200 kontzertutik gora eman zituzten, besteak beste. Gero, banandu egin ziren haien bideak, eta biek beren proiektu pertsonalekin jarraitu zuten.

Castillo bikoizketaren munduan murgildu zen, eta aurpegi ezagun askoren ahots eta emozio iturri izan zen urte luzez. Ezagunenetako bat, agian, Dragoi Bola marrazkietako Yamtxa pertsonaia da: haren ahotsa bikoiztu zuen, eta hasierako Goazen lagunok! aurkezpen kantu ezaguna ere hark abesten zuen. Horrez gain, beste hainbat pertsonaiaren ahotsa ere izan zen; izan ere, lanbide horretan aritu zen 30 urte inguru.

ETIKETAK:AmetsGontzal MendibilXabier CastilloXeberri