Musika

badok

2023.04.12

badok

Willis Drummond, Soulfly, Mice eta Habia taldeek ere joko dute EHZn

Aurten EHZn izango diren talde gehiagoren berri eman dute gaur jaialdiko antolatzaileek, ohar baten bidez. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra egingo dute 27. EHZ Euskal Herria Zuzenean, laugarren aldiz Irisarrin (Nafarroa Beherea). «Aniztasuna» izango da aurtengo jaialdiaren indargunea: «askotariko estilo eta unibertsoetatik» datozen artistak elkartuko dira egitarauan, antolatzaileen hitzetan.

Habia 1

Agertoki nagusian ariko dira, gaur jakinarazi dutenez, Willis Drummond, AKts, Soulfly, Madmadmad eta Mandarine. Willis Drummondek Hala ere diskoa aurkeztuko du; AKtsen musika elektronikoak «entzuleak harrituko ditu»; ikusmina piztuko du Soulflyk ere, Max Calaverak 1997an sortutako metal taldeak —Sepultura taldearen sortzaileetako bat ere bada Calavera: talde horrek iaz jo zuen EHZn—; punkaren eta funkaren artean ariko da Londresko Madmadmad taldea, bestalde; eta rapa ekarriko du Okzitaniako Tolosako Mandarinek.

Irisarriko plazan joko duten hiru euskal talderen berri ere eman dute: Alarma Morea runba taldea, Habia folk hirukotea eta Mice rock taldea ariko dira han.

Talde hauek ere izango dira EHZ, antolatzaileek martxoan esan zutenez: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare. Gainera, Ertza dantza konpainiak Otempodiz obra emango du.

Laster zabalduko dute Ospitalea zentroan egingo diren mintzaldiei eta mahai inguruei buruzko informazioa.

Jaialdiak 500 laguntzaileren beharra izango du: «auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea» dira haren oinarrizko balioak, oharrean adierazi dutenez. Izena emateko bidea zabalduko dute maiatzaren hasieran, ehz.eus webgunean.

Gaurtik aurrera, hiru eguneko abonamenduak salgai daude webgunean, 50 euroan. Egunez eguneko sarrerak maiatzaren 31n ipiniko dituzte.

ETIKETAK:aKtsAlarma MoreaEHZHabiaMiceWillis Drummond