Musika

badok

2017.11.15

badok

Willis Drummond: argazki liburua eta Josebaren agurra

Hainbat albiste eman ditu gaur ezagutzera Willis Drummond taldeak. Alde batetik, Jon Iraundegik azken 10 urteetan taldeari egindako argazkien bilduma bat argitaratuko du, eta horrekin batera bi kantu berri jasotzen dituen binilozko singlea. Horren harira, sei kontzertu emango ditu laukoteak abenduan eta urtarrilean, eta horiek izango dira Joseba Baleztenak taldearekin emango dituen azkenak. Izan ere, Willis Drummond uztea erabaki du gitarristak, bere bakarkako lanari arreta handiagoa jartzeko “eta beste proiektu batzuetan gehiago inplikatzeko”, taldeak azaldu duenez.

unnamed-11

Jon Iraundegik duela hamar urte ezagutu zuen Willis Drummond, EHZ jaialdian, eta egun hartatik aurrera hasi zen taldea segitzen. “Urteak pasatu diren heinean, taldearen bide laguna bilakatu da, baita gehiago ere: lagun bat, sinpleki”, azaldu du taldeak. Banizu Nizuke elkarteak argitaratuko duen argazki liburuak 200 irudi bilduko ditu, baita Willis Drummondeko kideek eta kide ohiek idatzitako zenbait testu ere. Binilozko single batek osatuko du liburua.

Argazki liburuaren kaleratzea ospatzeko, sei kontzertu eskainiko ditu Willis Drummondek abenduan eta urtarrilaren hasieran. Hainbat arrazoi tarteko oso kontzertu bereziak izango direla iragarri du taldeak. “Errepertorio berezi bat landuko dugu, kontzertu luzea eskaintzeko, gure diskorafiaren itzulia eginez noski, berriz sartuz aspalditik jo gabe diren kanta batzuk, baita taldearen historian bereziak izan diren bertsione batzuk, Neil Young & Crazy Horserenak kasu”. Kontzertu hauekin lotutako albiste nagusia baina, Joseba Baleztenaren agurra da. Lau urte eta gero gitarristak taldea uztea erabaki du bere bakarkako ibilbidea “lehen planoan” jartzeko —laster disko berria kaleratuko duela iragarri du taldeak berak— eta “beste proiektu batzuetan gehiago inplikatzeko”.

Kontzertu hauen ostean zabalduko den “ziklo berriaz” ez du ezer aurreratu nahi izan taldeak. “Nahiago dugu momentuz ospakizunean zentratu… Ospa dezagun liburu hori, ospa ditzagun bertan agertzen diren 10 urteak, baita Josebarekin konpartitutako azken urte hauek ere, eta ospa dezagun zuekin, elkarrekin hastapenetik bizitzen dugun abentura hori…”.

unnamed

 

ETIKETAK:Banizu NizukeJon IraundegiJoseba B. LenoirJoseba BaleztenaWillis Drummond