Musika

badok

2022.01.27

badok

‘Vulk ez da’ estreinatu dugu, Vulk-en disko berria

Hiru urteko geldialdi eta hausnarketaren ondoren, bihar argitaratuko du Vulk taldeak bere lan berria, Vulk ez da (Montgrí), formatu digitalean. Euskarri fisikoan berriz, otsailaren 14an ikusiko du argia, 12 hazbeteko binilo formatuan. Tarte honetan kide aldaketa bat izan da taldean, Jangitz Larrañagak hartu baitu Javier Marcoren lekua baterian, eta horrek inflexio puntu bat ezarri du taldearen garapen artistikoan, euskara bihurtu baita abesti berrien hizkuntza. Hortaz, hirugarren diskoan —Beat Kamerlanden (2017) eta Ground for dogs (2018) iritsi ziren aurretik— ingelesa baztertu du Bilboko post-punk laukoteak eta abesti guztiak euskaraz grabatu ditu. Diskoa argitaratu baina egun bat lehenago hemen entzun dezakezu, esklusiban.

Aitor-Mendilibar-V1

Jangitz Larrañaga + Andoni de la Cruz + Julen Alberdi + Alberto Egiluz = Vulk. (Aitor Mendilibar)

Berako (Nafarroa) Atala estudioan zuzenean —lau kideek batera joz— eta soinu analogikoa erabiliz grabaturiko 11 kantu “erraietako” biltzen ditu diskoak. “Kantuok adiskidetasunari eta amodioari buruz hitz egiten dute ikuspegi existentzial batetik, eta gizateriaren indarkeriara hurbiltzen gaituzte errealitatearen ezintasunetik”, Montgrí diskoetxeak azaldu duenez. Bere burua ukatu —hori adierazi nahi du izenburuak— eta hazten jarraitzeko tabula rasa egin du laukoteak disko berrian. Larrañagarekin batera, Andoni de la Cruz (ahotsa), Alberto Egiluz (baxua) eta Julen Alberdik (gitarra) osatzen dute Vulk.

Diskoaren zuzeneko grabazioa promozioko bideoklipetan ere islatu nahi izan du Vulkek, kantuak berriz grabatuz ikus-entzunetarako. Horiei esker hiru abesti ezagutzen genituen orain arte —”Lanaren kanta”, “Mailua” eta “Vulk ez da”—,  baina iazko azaroaren diskoaren aurkezpen moduko bat egin zuten Bilboko Zinebi jaialdiaren barruan. Gaurtik aurrera disko osoa dastatu dezakegu, eta laster zuzenekoetan entzuteko aukera ere izango da.

→ Ikusi Vulken Euskal Herriko kontzertu agenda.

ETIKETAK:MontgríVulk