2022.03.04
Virenque taldeak prest du bere lan berria. Austral izenburua du eta udaberrian kaleratuko du, taldearen hamargarren urteurrenarekin batera. Lan horretako “Erantzunen atzetik” abestia estreinatu dugu gaur.
Iruñeko hirukotearen bosgarren diskoa da Austral, eta aurrekoa bezala, Usura (2019), Ultramarinos Costa Brava estudioan grabatu dute Santi Garcia ekoizlearekin. Taldeak azaldu duenez, Virenqueren ibilbideari buruzko gogoetak jaso dituzte sei kantu berrietan —horietako bi dira euskaraz— eta horrek “punk-rocketik inoiz baino gertuago” egotera eraman ditu, “maskarak kendu eta inoiz arrakastarik izan ez duen talde baten istorioa” azalduz.
Eneko Leza (baxua), Iker Fernandez (bateria) eta Eneko Zabalza (ahotsa eta gitarra) dira Virenqueko kideak. Hainbat taldetan ibilitakoak dira aurtetik ere, horietatik ezagunena Izaki Gardenak. Taldeak ingelesa erabili zuen lehen bi diskoetan —Foundations EPa (2014) eta Journey (2015)—, ondoren gaztelania hartu zuen hizkuntza gisa —Interbellum (2017) eta Usura— eta lan berrian heren bat osatzen dute euskarazko abestiek.