Musika

badok

2022.04.21

badok

Verde Pratok ‘Jaikiera’ singlea kaleratuko du maiatzean

Verde Pratok bi kanta berri kaleratuko ditu maiatzean Jaikiera izenburua duen single baten barruan. Londresen finkaturiko Hegoa Diskak zigiluak argitaratuko du zazpi hazbeteko biniloan eta argitalpen mugatu batean. Mikel Acosta irundarrak euskal musika esperimentala argitaratzeko sortutako zigilua da Hegoa Diskak, eta orain arte Angel Katarain, Estralurtarrak eta Atanas Akerstraren lanak kaleratu ditu.

Captura de pantalla 2022-04-21 a las 11.17.19

Verde Prato abeslari eta musikaria.

Plan B music diskoetxeak azaldu duenez, esnatzearen inguruko ideia dute ardatz bi kantu berriek. “Mundu leunena” abestiak pertsona baten barne munduaz hitz egiten du, eta “Herria esnatzen” izenekoak berriz, herri bateko egunsentia deskribatzen du. Jaikiera-ren tonua “tragikoa” baina aldi berean “goxoa” dela azaldu du Madrilgo diskoetxeak, eta Ana Arsuagaren ahotsa erdigunean dagoela, “koherentzia eta emozioa ematen dituen osagai nagusia da”. Kondaira eder hura diskoa bezala —euskarazko diskorik onenaren Etxepare saria jaso berri du lan horrek Espainiako MIN sarietan—, Jon Agirrezabalagaren El Tigre estudioan grabatu du Arsuagak single berria.

Jaikiera azala

Ana Arsuagak berak margotu du singlearen azala.

Jaikiera maiatzaren 6an argitaratuko da, baina bezperan Donostian joko du Verde Pratok, Dock of the Bay musika dokumentalei buruzko jaialdiaren barruan. Ondoren, Bartzelonako Primavera Sound eta Bilboko BBK Live jaialdietan parte hartuko du.

ETIKETAK:Hegoa DiskakVerde Prato