Musika

Ainhoa Larrabe

2018.10.05

Ainhoa Larrabe

Urteetan bilatutako doinuen leherketa

Diskoaren lehen abestia: Nekatu naiz”. «Kantuan azaltzen dut nola nekatu naizen behin eta berriz harri bera bidean aurkitzeaz, eta nola gorabehera asko izan ditudan nire musika ibilbidean». Orain artekoak atzean utzi dituela dio Iñaki Etxezarraga Etxe musikariak (Berriz, Bizkaia, 1984), eta istorio berri bat idaztera datorrela seigarren diskoarekin. «Abesti indartsuagoak eta rockeroagoak egiteko beharra nuen, eta energia izugarria sartu dut abesti guztietan». Prozesutik abiatuta jarri dio diskoari izena: Supernova. Zazpi kantuz osatu du lana, eta bizitako aldaketa irudikatu du. «Eztanda». Bihar aurkeztuko du diskoa jendaurrean, Durangoko Plateruena (Bizkaia) antzokian egingo duen kontzertuan.

8600192

Zazpi kantu ditu Iñaki Etxezarraga ‘Etxe’-ren ‘Supernova’ diskoak. (Aritz Loiola / Foku)

«Aldaketa nabarmenekin dator disko berria». Bakarka aritzea utzi, eta taldean ari da orain Etxe, eta sortu dituen doinuetan eragin du horrek. «Azken hamar urteotan sortu ditudan bi diskoetan ezagutu nauenak bakarka ezagutu nau, akustikoan; eta askok sorpresaz hartuko dute disko berria horregatik». 2004. urtean abiatu zuen bakarkako bidea berriztarrak, eta bere seigarren lana du Supernova.

Iban Gurrutxaga, Xabier Barrenetxea eta Iban Larreburu musikariak izango ditu aldamenean abiatu berri duen proiektuan. Baina ez da berrikuntza bakarra. Estreinakoz, Bilboko Taom estudioetan ekoitzi eta grabatu du diskoa, Jagoba Ormaetxea musikariaren laguntzarekin. Orain arte egin duen diskorik helduena du esku artean, musikariaren esanetan. «Beti amestu izan dudan diskoa egitea lortu dut. Gaztetatik bila aritu naizen soinu, estilo eta kantu motak aurkitu ditut, bai Jagobari [Ormaetxea] esker, eta bai inguruan ditudan musikariei esker».

Euskal musikari gorazarre
“Arma, tiro, pum!” izeneko kantua aukeratu du diskoaren single gisa. Hala dio: «Zuentzat dira abesti honen lerroak / ezin dira ito eztarri indartsuak / hontarako jaio eta honengatik hilko naiz / ta zure eskutik beldurrik gabe bizi». Hainbat euskal abesti historikoren esaldiak hartu, eta elkarren artean lotu ditu abeslariak, puzzle bat balitz bezala. Asmo eta mezu argia du piezak: euskal rocka goraipatzea.«Euskal musikaren zalea izan naiz txikitatik, eta iruditzen zait egungo gazteek oso gutxi kontsumitzen dutela euskarazko musika. Nire pertzepzioa da, eta hortik abiatuta erabaki nuen abestia sortzea. Euskal musikariak omendu nahi ditut, eta gazteei helarazi nondik datorren gaur egun entzuten duten euskal rocka».

Ildo beretik jo du Let’s Rock the Night” abestiaren zentzua azaltzeko. «Iruditzen zait gaur egun, gau giroetan, nahi baino rock gutxiago entzuten dela, eta hori helarazteko asmoarekin sortu nuen kantua».

Miren Amuriza bertsolariak idatzitako abesti bat ere badu diskoak. Herrikideak dira Amuriza eta Etxe, eta buruan zebilkion ideia bati hitzak jartzeko eskatu zion abeslariak bertsolariari. «Jakina da naturak, oztopoak jarri arren, bere bidea egiten duela, eta, ideia horri tiraka, gizakiaren naturaltasunari oztopoak ez jartzeko ideian egin nahi nuen indar abestian». Uholdeak” izeneko abestia sortu du Amurizak. «Uholdearen metafora erabiliz, oso ondo irudikatu du buruan nuena».

Autoekoizpena
Beste abesti batean egin du geldialdia. Rosario Flores abeslariaren “Qué bonito” euskaratu du Etxek: Zein ederra”. «Zuzenean askotan ikusi dut Flores, eta asko miresten dut abeslari gisa». Bizipen pertsonaletatik jo du berriztarrak. «Nire anaia Floresen oso zalea zen, eta, abeslariak bezala, anaia galdu nuen nik. Lotura berezi bat izan dut horregatik». Gitarrarekin probak egiten hasi, eta “Qué bonito” abestia euskarara itzultzea erabaki zuen. «Abeslariarekin berarekin egoteko aukera izan nuen, eta egindako bertsioa ere erakutsi nion. Niretzat plazera izan da lan hau, eta niretzat oso kantu berezia da diskoan».Zuri, zuk, berak…” abestia ere izan du ahotan. «Bizi diskoan kaleratu nuen, ama guztiei eskainitako abestia, eta orkestrarekin berriz grabatzeko proposamena egin zidan Ormaetxeak».

Finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez atera du aurrera seigarren diskoa, eta Etxe Musika izeneko egitasmoa jarria du martxan. «Aurreko diskoa kaleratu nuenean, autoekoizpenaren alde egin nuen. Egia da lana izugarria dela, prozesu guztiaren gainean egon behar duzulako, eta, era berean, autoproiektu bihurtzen dela eta kudeaketa guztia norberaren gain geratzen dela». Autoekoizpenerako hautu horren harira sortu du Etxe Musika. «Ez da diskoetxe bat, ezta enpresa bat ere. Nire proiektu pertsonala da. Bere garaian erabaki nuen diskoetxe eta manager lanak alde batera utzi eta nire kabuz aritzea. Ildo horretan sortu dut Supernova, eta horri erantzuten dio Etxe Musika egitasmoak ere. Aurrerantzean, askotariko egitasmoek izango dute lekua».

ETIKETAK:EtxeIban GurrutxagaIban LarreburuIñaki EtxezarragaJagoba OrmaetxeaMiren AmurizaRosario FloresXabier Barrenetxea