2021.02.05
Argitalpenetan oso emankorra izaten ez den urtarrileko hilabetea atzera utzi ondoren, otsailean hainbat izango dira lan berriak kaleratuko dituzten talde eta bakarlariak. Horietako batzuk, orain arte bildu ditugunak, aletuko dizkizuegu hurrengo lerroetan.
Lehenengoa Arima taldearen bigarren diskoa izan da. Gaur bertan argitaratu du Bonberenea Ekintzak zigiluak Muskizeko (Bizkaia) hirukotearen Biluztasunez jantzita. Aurrekoa bezala, lan laburra da, sei kantuz osatua, eta maxi LP/CD formatuan kaleratu du Tolosako gune autogestionatuak. Duela hilabete batzuk atari honetan argitaratutako elkarrizketan Paule Bilbao abeslari eta gitarristak zioenez, taldearen “esentziari eusten” saiatu dira bigarren lan honetan, baina kantuak “landuagoak nahiz konplexuagoak” dira. Diskoari hasiera ematen dion “Orbainak” abestiaren bideoklipa dugu horren lekuko.
Otsailaren 14an helduko da Chill Mafia taldearen lehen mixtape-a, Ezorregatik x berpizkundea. Iruñearrek bi abesti plazaratu dituzte aurrerapen gisa, “Zure kebapa” eta “Gazte arruntaren koplak”, eta azken horren bideokliparen harira polemika handia piztu da aste honetan bertan.
Eneritz Furyak da hil honetan lan berria kaleratuko duen beste egileetako bat. Irungo abeslariak Emadan izenburua ipini dio kantu bilduma berriari, eta CD eta LP formatuetan argitaratuko du otsailaren 18an. Lan berriko abestiak konposatzeko erak “elektronika industrialera edo R&Bra gerturatzen gaitu, Eneritzen beste lanetan dagoeneko ageri ziren slowcore edo post-folk aztarnak alde batera utzi gabe”, dio diskoaren promozio orriak. Duela aste batzuk “Emadan” abestiaren bideoklipa zabaldu zuen Furyak-ek eta “Sinkropedazioa” abestia ezagutu dugu aste honetan. Diskoa aurkezteko lehen kontzertuak datorren astean izango dira, zehazki otsailaren 11n Bilboko Indie + Festibalean (EHUko Mitxelena aretoan), eta 14an Azkoitiko Matadeixen.
Otsailaren 19an bi disko argitaratuko dira. Alde batetik, Buru Arin rap abeslariaren Amets gaiztoak, amets goxoak. Ibon Navas bilbotarraren bigarren lana da —Haziak argitaratu zuen 2017an—. Bestetik, Leihotik mundua kaleratuko du Serge bakarlariak. Eraso! taldeko abeslariaren kasuan ere bigarren diskoa da —Enarak itzuli dira lanarekin (2019) hasi zuen bakarkako bidea—, baina oraingoan berak idatzi ditu diskoko kantu guztien letrak, batenak izan ezik.
Otsaileko azken egunetan beste bi nobedade iritsiko dira. Don Inorrez, Imanol Ubedaren proiektua, bigarren lan luzearekin itzuliko da hilaren 25ean. Esku hutsik du izenburu diskoak, eta aurrerapen gisa “Barre ala negar” abestia zabaldu du.
Hurrengo egunean, hilaren 26an, Ibil Bedi taldeak Beltxarga beltza kaleratuko du. Kasu honetan ere bigarren lana du Nafarroako taldeak eta aurrerapen gisa “Basozain” entzun daiteke jada plataforma digitaletan. Martxoaren 13an Iruñeko Katakrak liburudendan aurkeztuko du disko berria zuzenean.