Musika

Andoni Imaz

2018.12.27

Andoni Imaz

Urrats bakoitzeko, biziago

Hasieratik nabaritu da anbizioa Nøgen taldearen proiektuetan. Zerbait aurkezterako, eman beharreko hurrengo pausoan jarria dute gogoa, eta gustatzen zaie beren lanaren inguruko xehetasun guztiak ondo zaintzea. Kasualitate kate batek aldaketak eragin ditu taldean, baina joan den azaroan aurkeztu zuten lehenengo lan luzea: Liv til døden (Airaka). Taldearen beraren jarrera definitzen du diskoaren izenerako aukeratu duten leloak (Hil arte bizi), eta, jendaurrean modu berezian aurkezteko, birako lehen kontzertua emango dute gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean.

NOGEN_-_'LIV_TIL_DODEN'

Olatz Cuevas, Alex Irazusta, Eider Saez, Markel Idigoras eta Jokin Gilisagasti, diskoaren aurkezpen egunean, Donostian. (Jon Urbe / Foku)

Donostian kokatuta dago Nøgen taldea, eta bi urteko ibilbidea du dagoeneko. Haien izena lau haizeetara zabaldu zuten iazko udan kaleratutako Lys EPko doinu folkie-k. Hiru kantuz osatutako lan horrek eman zuen etorriko zenaren berri, eta Liv til døden-eko bederatzi abestiek berretsi egin dituzte taldearen asmoak eta gaitasunak.

Aurtengo otsailetik maiatzera grabatu zuten diskoa, Usurbilen (Gipuzkoa), Haritz Harregiren estudioan. Aurreko lan laburrarekin ez bezala, ondo lotuta eraman zuten dena. «Zer nahi genuen jakinda joan ginen, baina ez nola nahi genuen», esan zuen Alex Irazusta gitarra jotzaileak diskoaren aurkezpenean. Horregatik, eskertu egin dute Harregi teknikariak haiekin egindako lana.

Egun, bost kide ditu Nogenek: Olatz Cuevas (baxua), Jokin Gilisagasti (bateria), Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), eta Eider Saez (ahotsa). Diskoko kantuetan, ordea, Ane Negeruelarena da ahots nagusia. Halere, ez ziren bakarrik aritu, hainbat musikariren kolaborazioak izan baitzituzten. Guztien artean bereziena, “Ez da ondo aterako” abestian Espainiako La M.O.D.A. (La Maravillosa Orquesta del Alcohol) taldeko zenbait kiderekin egindakoa. «Abestia sortzen ari ginenean konturatu ginen behar zuela haien ukitu magikoa», esan zuen Idigorasek. «Haien atzetik joan ginen, stalker modura. Kontzertu batera joan, hitz egin, materiala erakutsi, eta onartu egin zuten». Haiez gain, Garazi Esnaolak teklatua eta sintetizadoreak jarri ditu “Enarak”, “Keari” eta “Gertu” abestietan; Julen Idigorasek, programazioak “Oxigenoa”-n; Jone Laspiurrek, ahotsa “D&D”-n; Antton Telleriak eta Esnaolak, perkusioa “Loreak eman arte”-n; eta Izaro-k eta Serrullak, ahotsa eta, hurrenez hurren, xilofonoa eta gitarra elektrikoa “Gertu”-n.

Azaroan aurkeztu zuten Liv til døden, baina Durangoko Azokara arte ez zuten salgai jarri formatu fisikoan. Taldekideek han eman zituzten egunak, eta jaso zuten «jendearen feedback-a», Idigorasen hitzetan: «Jendea gure postura etortzen zen, eta haientzat ezagunak ziren gure aurpegiak; berotasun handia nabaritu genuen». Ahotsenean ere jo zuten, bigarren urtez, eta bete egin zen karpa, jendea kanpoan geratzeraino. Erritmo handiko kontzertu bat eman zuten, amaiera berezi eta guzti: «”Gertu” abestia publiko artean jo genuen, eta oso hunkituta geratu ginen».

Hil arte bizi esamoldeak taldearen esentzia jasotzen du, Gilisagastiren ustean. Taldean jotzen hasi zenetik sumatu duen «pasioa» nabarmendu du. «Gauza asko kontra» izan dituztela uste du, baina gogoa hurrengo urratsean izan dute beti: garajean entseatzen ari zirenean, grabaketan pentsatzen ari ziren; grabatzean, noiz eta nola aurkeztu, nahiz eta Negeruela atzerrian egon urte erdiz; itzultzean, diskoa grabatzeko prest zuten; estudioan jakin zuten Negeruela bera kanpora joatekoa zela ikastera. Eta, une oro, aurrera egitea erabaki zuten: «Nogen inoiz gelditzen bada, ikatza edo egurra bukatu zaion tren bat delako geldituko da, eta ez guk gelditu dugulako».

Atzera begiratu gabe
Idigorasek Danimarkan egonaldi bat egin zuenean hasi zen dena. Ukelelea eraman, eta han hasi zen abestiak sortzen. Artean, harremanetan zegoen Irazusta gitarrista eta lagunarekin, eta abestiak trukatzen zituzten. Idigoras itzuli zenean, biak elkartu ziren, eta Maddi Olariaga gehitu zitzaien. Kontzertu pare bat eman zituzten hirukote gisa, baina Olariagak taldea utzi behar izan zuen, eta orduan batu zitzaien Negeruela. Proiektua sendotzeko, baxuak mesede egingo ziela pentsatu zuten, eta Cuevas elkartu zitzaien 2016ko udazkenean. Hurrengo urtea Gilisagastirekin hasi zuten, eta 2017ko maiatzean grabatu zuten Lys, harrera ona izan zuen lan laburra.

Aldaketaz aldaketa joan da taldea, eta, disko luzea grabatu berritan, ahots nagusirik gabe geratu ziren. Diskoan grabatutakoa zuzenean defendatuko zuen ahotsaren bila aritu ziren, eta, Negeruelak esanda, probara aurkeztea erabaki zuen Eider Saezek. Ordutik, bere egin ditu taldearen melodiak, eta kide bat gehiago da egun.

Sarrerak aspaldi amaitu ziren gaur Antzoki Zaharrean egingo duten kontzerturako. «Orain arteko bereziena» izango da, Idigorasen hitzetan: «Formatu berezia eta bakarra izango da; ez gara soilik bost izango». Ordu eta erdiko emanaldia egingo dute, abesti eta eszenaratze landuekin, «esperientzia osoan pentsatuta». «Inflexio puntu bat» izango da taldearentzat, egindako bideari begiratu eta hemendik aurrerakoa markatzeko.

ETIKETAK:AirakaAlex IrazustaAne NegeruelaAntton TelleriaEider SezGarazi EsnaolaIzaroJokin GilisagastiJone LaspiurLa M.O.D.A.Markel IdigorasNogenOlatz CuevasSerrulla