Musika

Urko Ansa

2021.01.19

Urko Ansa

Urko (Donostia, 2021.01.17)

Egun eta gertaera berezietako giroa zen nagusi antzokirik ederrenaren kanpoaldean: neguko igande arratsa bazen ere, ezohikoa eta, seguruenik, historikoa zen ekitaldi baten aurreko minutuak ziren bertaratutakoentzat. 20 kanta, 100 minutu eta 400 ikusentzule, horra kontzertuaren zenbakiak, gutxi gorabehera. 72 urte beteta, Josean Larrañaga Urko abeslari donostiarrak zeresan handia dauka oraindik, baina horrez gain eredu gisa hartu beharko litzatekeen planteamendua egin zuen: bere zuzeneko errepertorioan batere ohikoak ez diren kantuak (haietako batzuk zuzenean lehenengo aldiz) interpretatuko zituen.

10586534

Josean Larrañaga ‘Urko’, Viktoria Eugenia antzokiko emanaldian. (Andoni Canellada / Foku)

Euskal kantagintzaren recordman-a dugu Urko, ez dago hori auzitan jartzerik. Bereak dira euskaraz egindako diskorik salduenetako batzuk. Sakonki-k 70.000 disko saldu zituen 1976an, eta Hemen gaude-k 80.000 hurrengo urtean. Beti aipatu izan da faktore politikoak horretan izan zuen eragina: Hemen gaude zuzenean grabatu zen, eta garai hartan kantaldiak ia mitinak ziren, are gehiago Urkoren kontzertuetan. Horrek meritua kentzen dio salmenta maila horri, askoren ustetan. Baina 1982ko Donosti maitia diskoak ez zeukan osagarri hori, eta 75.000 ale saldu zituen, arranopola! Arrakasta horiez gain, musikari onenekin inguratu da beti, eta soinu baldintzarik onenak betetzea exijitu du, 1979tik aurrera behinik behin.

Bere katalogoan ezkutatuta dauden pieza bereziak espero genituen; kontzertuaren izena bera Ezezagunak zen, eta ezagunenetako gutxi batzuk soilik joko zituela iragarria zuen. Gure buruari planteatzen genion lehen zalantza zera zen: ezezagunak, norentzat? Publiko zabalarentzat, Urkoren zaleentzat, garaikideentzat? Bestalde, Urkok ezezagunak baino kanta gehiago ditu ezagunak. Horretaz hitz egingo dugu ondorengo lerroetan, baina sorpresa mordoa egon zela aurreratuko dizuet.

Urkok Viktoria Eugenia antzokian bakarka eskaintzen zuen lehen emanaldia zen, alde batetik. Pandemiaren erruz besaulki mordoa kenduta zeuden, eta segurtasun neurriak era zorrotzean eta profesionalki bete ziren, bai emanaldiaren aurretik, baita gero ere. Ikuslegoa ere ez zen ilunpean egon, segurtasun neurriak ondo betetzen zirela egiaztatzeko edo. Orotara, 400 pertsona bakarrik sartu zitezkeen aretoan. Bete zela uste dugu, eta bestela ez zen urruti ibiliko.

Piano sentibera batek sarrera lanak egin zituen. Javier Perez Azpeitiaren eskuak ziren; kontzertuaren momentu klabe guztietan zuzendari musikalaren papera bete zuen eta pianoa bi kantetan soilik utzi zion Iñaki Salvadorri. Sorpresa, ordea, lehen kanta izan zen: oholtzan agertu zenetik txalo zartadak jaso zituen protagonista nagusiak “Usurbilgo eliza” kantatu baitzuen, ezezaguna izatetik aski urrun dagoena. Hurrengo minutuak gaueko onenetakoak izango ziren, bere rock errepertorioko harribitxi batzuekin. “Herriaren alde” zirraragarria izan zen, Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata-ren saxofoi kartsua, Igor Telletxearen atabal kolpe zehatzak eta Ruben Caballeroren gitarra elektriko hilgarriarekin. Banda osoaren koordinazioa eta indarra apartekoa izan.

Venezuelako Lerman Nieves baxu joleak eserita jo bazuen ere, presentzia handiko nota grabeak iltzatu zituen kanta guzietan. Bandaren soinua zehatza, koordinatua eta aski egokia izan zen, nahiz eta Rubenen gitarra elektrikoak ez zuen behar bezalako indarra erakutsi: soinu oso apala izan zuen, ia indarrik gabekoa. Hori izan zen akats bakarra, teknikariei leporatzeko moduko beste arrazoirik ez baitzen egon. Gainera, Rubenen koruak kalitatezkoak eta boteretsuak izan ziren.

“Kaioen amodioa”-k jarri zion kontrapuntua: dotorezia irradiatzen duen pieza sentibera, erromantikoa eta exekuzio perfektua izan zuena. Delicatessen, goitik behera. Jorge Pachecok perkusioa jotzez gain hainbat tramankulu erabili zituen, abestiei behar duten ñabardura guztiak emateko, eta Satxa Soriazuren teklatuak, pianoak bezainbesteko protagonismoa izan ez bazuen ere, geruza iradokitzaile eta guztiz zoragarriak gehitu zituen. Lehen mailako zazpi musikarik osatutako banda, bakoitza bere estiloarekin, guztiek bat egiteko modu ikusgarria lortu zuena. Ruben, Pirata eta Igor kantu rockeroenetan gustura sentitu zirela argi dago, baina lur orotariko ibilgailuen moduan, estilo anitzetara moldatzen dira.

Gaueko bigarren sorpresa: Akelarre taldeko Ina Goikoetxea gitarrista Urkoren disko klabe guztietan (baita zuzenekoetan ere) partaide izan zen. Horrez gain, konposizio batzuetan ere parte hartu zuen, haien artean harribitxi hau: “Zuretzat Galizia”, 1978ko singlea. Urkoren beste hainbat bezala, ereserki eta epikaren erdibidean kokatzen den tematika herrien arteko anaitasunari batzen zaio. Jatorrizko singlean entzuten diren gaiten ordez, Satxa Soriazuk teklatuarekin egin zituen efektuak, eta Urkok bereziki hunkituta kantatu zuen. Galizian askotan jo omen du abesti hau, baita hango telebistan ere, baina Euskal Herrian lehen aldia zen. Pribilegiatuak sentitu ginen berriz ere.

Olatu geldiezin honetan igota, “Besoak egan” aupada aparta izan zen. Rock boteretsua, gitarra eta saxofoi soloak, errepika mitikoa eta botere sentsazio geldiezina. Antzokietan rock-and-rolla zeinen ondo baliatzen den frogatzen duen horietakoa. Musikariak aurkezteko aprobetxatu zuen “Kanta behar nuke”, atsedenaldi moduko bat izan zen, rock piezen kontrapuntua, baina Pirataren saxoak berdin egiten zuen distira. Eta gorakada fase honi errematea emateko, “Ez dut nahi gehiago”. Hasiera leuna eta ondoren, rock eztanda eta Urkoren konposizioen handitasun guztia areto osoan barreiatuta. Rock zaleontzat momenturik onenak izan ziren, bestelako atmosferatan murgildu aurreko euforia uneak.

10586552

Zazpi lagunek osaturiko taldearen babesa izan zuen Urkok. (Andoni Canellada / Foku)

Urko canta a José Bergamín (1996) Urkoren azken estudioko lana izan zen. Urkok kontatu zigun nola Errepublika garaian Pablo Picassori Gernika koadroa egiteko enkargua egin zion madrildar hau Donostiara etorri zen bizitzera, eta Urkok Easo plazako etxetik ikusten zuen egunero Urbieta kaletik pasatzen. Bergamín 1983an hil zen eta 13 urte geroago grabatu zuen disko hau Urkok. Zailtasun asko izan omen zituen diskoa egiteko, baina ez zigun azalpen gehiagorik eman. Izan ere, berak esan zuen bezala, emanaldi honetan gutxi hitz egingo zuen musikari leku gehiago egiteko. Aipatu diskoko “¿Que no soy de mi tiempo?” jo zuen, eta negar malkoei eutsi ezinik aritu zen. Protagonista hain hunkituta ikusita, txalo zartadak kantua amaitu baina lehenago hasi ziren.

Bossa nova estiloko “Vinicius lagun” zoragarriaren txanda, gero. Hugo Silveira (gitarra brasileira), Dani (pandeiro brasileiro) eta Luis (cuica) hirukotea taularatu, eta teknika eta sentimendu handiko kanta interpretatu zuten. Urko bera bereziki eroso nabaritu genuen, ohi baino dantza gutxiago egin bazuen ere. Izan ere, azken urteetan izandako osasun arazoek, gaindituta egonik ere, zerikusia izan dezaketelakoan baikaude. Maitasun kantuetan abila, hainbat pieza jo zituen tematika horrekin, eta haietatik ederrenetakoa, “Natali”. Javierren pianoak kantu mota hauetan sekulako presentzia izan zuen, eta hain justu kantu honen ondoren erretiratu zen, bi kantetan bere lekua Iñaki Salvadorri uzteko. “Nor nintzen ni” eta, batez ere, “Donostiako hiru damatxo” ezagunen artean sartu beharrekoak dira, baina Iñakik ukitu jazzistikoa eta martxa aparta sartu zizkien, batez ere bigarrenari. Horrekin batera, saxofoiak  bizitasun aparta eman zion amaierako zati instrumental gogoangarriari.

Iparragirreren “Oi! Nere zoragarria” berriz ere Javierren pianoaren dotoreziak jantzi zuen, eta “Zu ere maite izan zaitut” Goiherri (1979) disko ahaztu hartara egindako bigarren jauzia izan zen. Abesti berri txukun bat, bere ibilbidearen adierazgarria den “Txakolina” aurkeztu zigun orduan, beste hainbatek bezala traza kostunbristak eta klasiko izateko osagai guztiak dauzkana. Lermanek kontrabaxua erabili zuen, baxu elektrikoaren ordez, kantu honetan. Atzerakontua hasia zen jada, eta berehala harribitxi gehiago entzuteko esperantza zapuztu zitzaigun. Ez genuen, beraz, “Gora gure errege” edo “Jamaika irratia” bezalako kantu lehergarriez gozatzeko paradarik izango, baina azken lau kantuekin emanaldia klimaxera iritsi zela onartu behar dugu, eta ez dakigu ikuslegoak kantu “ezezagun” gehiago entzun nahi zuenik ere.

Agurtzeko, egunean bertan konposatu zuten kantu bat eskainiko zigutela esan zigun Urkok txantxetan, eta “Guk euskaraz” ereserkiari ekin zioten. Lehen aldiz publikoa kantuaren erritmora txaloak jotzen eta kantatzen jarri zuen. Harrigarria da bere ibilbidean jendea pizteko ahalmena duten kantuen kopurua, inondik ere. José Bergamínen omenezko diskora bigarren eta azken jauzia, “Por qué” polita bezain hunkigarriarekin. Honekin bai, agurtu gintuen: “Ez dakit noiz arte, baina eskerrik asko etortzeagatik, bihotz-bihotzez”. Eta amaitu baino lehen jaitsi zen teloia. Erdian pantaila bat zeukan, eta bere diskoen azalak atera ziren, pianoak eta bandak jotzen jarraitzen zuten bitartean: Sakonki diskotik Biltzen bildumarainoko portadak agertu ziren. Oroimenerako, Bergamínen esaldi bat: “Existir es pensar, y pensar es comprometerse”. Hau guztiak “Por qué” kantuaren nota epikoekin lagunduta; benetan hunkigarria.

Bisetan, “Maite, maite, maite” eta “Azken txanpa”, Iñaki Salvador soinua jotzen, eta bandak emanaldi osoan erakutsi zuen zehaztasun eta profesionaltasuna nagusi. Teloia behera, eta igo zenean, Urko, bere zazpi musikariak, Iñaki Salvador eta Hugo Silveira, hamarrak zutik agertu ziren, azken agurra emateko.

Nahi baino lehenago amaitu zen, baina seinale ona da hori. Errepertorioagatik bakarrik, kontzertu historikoa izan zen. Lekuagatik, oroitzeko modukoa. Eta alboan izan zituen musikariengatik, aparta. Beti kanta berdinak jotzera “behartua” egon den artistarentzat ere aski estimulatzailea izan zen. Bere ondarearen erakustaldi bat izan zen bide batez, nolabait justizia egin diona, eta azken hausnarketa bat egitera naramana: Gure lagunei, Goiherri edo Urko canta a José Bergamín diskoetako kantuak entzuteko horrelako kontzertu berezi bat antolatu behar bada, noiz entzungo ditugu berriro kantu horiek? Ez al da apur bat tristea? Baliteke, baina ikuslegoak agintzen du, eta zoritxarrez, euskal artistekin ere hori gertatzen da: betiko kantuetatik harago joateko borondate gutxi dago.

ETIKETAK:AkelarreIgor TelletxeaIna GoikoetxeaIñaki SalvadorJose BergaminJoxean LarrañagaKontzertuakLerman NievesLuis Mari Moreno 'Pirata'Ruben CaballeroSatxa SorirazuUrkoZuzenekoak