Musika

Iñigo Astiz

2022.12.07

Iñigo Astiz

Urdangarin orkestra

«Nik sinatzen dut lan hau, baina sentitzen dut ni naizela hemen lan gutxien egin duena; ni saritu moduan nator». Mikel Urdangarin musikariak 25 urte bete ditu musikagintzan aurten, eta bere ibilbideari errepasoa ematen dion disko berezia kaleratu du, aurten, justu, mendea betetzen duen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin: Badena eta ez dena. Bingen Mendizabalek moldatu ditu kantak orkestrarako, eta Iker Sanchez Silva aritu da zuzendari lanetan, eta, hain zuzen ere, kide izan dituen lagun horien lana nabarmendu nahi izan du Urdangarinek diskoaren aurkezpenean.

Mikel Urdangarin musikaria, Badena eta ez dena diskoarekin. (Oskar Matxin / Foku)

«Bizitzak sarri erakusten du/ badena eta ez dena,/ inoiz latz hartu banindu ere,/ gaur gozo hartu nauena». Badira hiru aste abestitik hartu du musikariak diskoarentzako izenburua, eta, dioenez, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin lan egin ahal izatea ezin une gozoagoa izan delako izan da. «Amets baten gailurra da. Egia bihurtu den ametsa. Hainbeste urte daramaten abesti propioak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuta entzutea ohore handia da».

Guztira, hamabost kanta ditu diskoak, eta Urdangarinen kanturik ezagunenetako batzuk ere badira tartean: Euria ari du; Bazkalosteko kafea; Anek idatzi dit zutaz; Munduari begiratzeko modu bat; eta Kideari, kasurako. Horiez gainera, badira aurrez sekula argitaratu gabeko bi kantu ere. Urdangarinek Kirmen Uriberen letrarekin osatutako Kontatu berriz da haietako bat, eta Mendizabalek diskoa zabaltzeko konposatutako Obertura da bestea.

«Argitasuna». Urdangarinen hitzetan hori izan du kantak aukeratzeko iparrorratz nagusia. «Ez nuen nahi dirdira huts izaterik, baina ibilbide argitsu aberats bat nahi nuen. Eta uste dut jadanik Bingenek [Mendizabalek] are argi gehiago txertatu diola berezko argitasuna zuen errepertorio horri».

Normalean filmetarako soinu bandak egiten ditu Mendizabalek, baina gustuz onartu zuen Urdangarinen moldaketak egiteko erronka. Aspaldiko lagunak dira biak, izan ere. Konpositoreak zehaztu duenez, moldaketak jatorrizko abestiez «bestelakoak» izan zitezen saiatu da, «beste irakurketa bat» izan zezaten, eta pozik geratu da emaitzarekin. «Entzuleak deskubritu egingo ditu kantak: hasiko da entzuten, ez du jakingo zein den, eta bat-batean, ttak!».

Duela urte eta erdi jarri zuten abian proiektua. Kontzertua eman zuten elkarrekin, esaterako, Bilboko Aste Nagusiko lehen egunean orain diskoan bildutako errepertorioarekin, eta irailean ere izan ziren Getxoko Muxikebarri aretoan (Bizkaia). Eta zuzenekorako egindako entseguak eta lana baliatu dute diskoa grabatzeko ere.

80 musikari baino gehiago biltzen ditu orkestrak, guztira, eta denek batera grabatu dituzte abestiak. Sanchezek gidatu zuen orkestra saio horietan ere, eta, azaldu duenez, musikariak taldeka grabatzea izaten da ohikoena halakoetan, baina zuzenekoen sentsazioari eutsi nahi izan zieten haiek. Euskalduna jauregian eta Gasteizko Ura estudioan egin zituzten grabazioak.

Entsegu dentsoak

Entsegu batzuk «estuak» eta «dentsitate handikoak» izan direla esan du Urdangarinek, eta diskoan parte hartzen duten sortzaile guztiek beren buruei jarritako exijentzia maila aipatu du Sanchezek horren motibotzat.

«Orkestra batekin aritzeak ez du ongi arituko zarenik bermatzen», azaldu du Urdangarinek. «Aukera hori alferrik gal dezakezu, eta batzuetan gertatzen da. Kasu honetan, denok baliatu nahi izan dugu 80 kideko orkestra batekin batera jotzeko aukera hori. Guztien artean kantak beste leku batera eraman dituzte, eta berpizkunde bat eskaini die horrek».

Otsailaren 25ean eskainiko dute hurrengo kontzertua Getxon (Bizkaia). Gainera, orkestrarako moldaketen partiturak ere prestatu dituzte, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez ezik, Urdangarinekin emanaldiak eskaintzeko aukera zabalduko die horrek beste orkestra batzuei ere. Maiatzean, esaterako, Aguraingo Musika Eskolako gazteekin batera arituko da zuzenean.

ETIKETAK:Mikel Urdangarin