Musika

Iñigo Astiz

2018.02.16

Iñigo Astiz

Urakana igaro ostean

«Lehen diskoa grabatzean, izerdi besterik ez nuen egin estudioan, eta, oraingoan, dantzan egin dut kanta bat grabatzen ari nintzen bitartean». Detaile horrekin esplikatu du Izaro Andres musikariak (Mallabia, Bizkaia, 1993) 2014an Om diskoa kaleratu zuenetik orain Eason diskoa kaleratzera heldu den arte bizitako aldaketa. Nolabait ere, atera egin zen lehen lana, eta, aldiz, atera egin du bigarrena, Eason. «Kontzienteago» jokatu duela dio. Bazekien, adibidez, hamar kanta sartu nahi zituela, bazekien oraingoan ere Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Oriol Flores musikariak alboan nahi zituela, eta bazekien Donostiari eta maitasunari kantatu nahi ziela. Eta kontzienteago izateaz gainera, sekula baino askeago aritu dela ere aitortu du. Gozatzen. Aske. Une batez, oharkabean, estudioan dantzan hasteraino. «Aurkitze bat kontatu nahi izan dut disko honetan, neure buruaren aurkitzea».

Izaro Andres musikariak 'Eason' diskoa kaleratu du, bere ibilbideko bigarren estudio lana

Izaro Andres musikariak Bilboko Arriaga antzokian egin zuen atzo diskoaren aurkezpena, martxoaren 8an bira hasiko duen leku berean. (Jon Rozadilla)

Musikariak onartu duenez, gain egin dio zenbaitetan Om diskoarekin lortutako arrakastak. Udan ahotsa galtzera ere heldu zen, eta antsietatea ere izan duela aitortu du. Kantu eskolak hartzen hasi da geroztik, eta bere ahotsa hobeki ezagutzeko aukera eskaini dio horrek. «Lurrera ekarri dut», azaldu du abeslariak. «Orain ezagutzen dut nire tresna, eta hobeto eta erosoago nago ni neu ere. Urakana gertatu eta gero nago bareago. Entzuten dut orain Om, eta neure burua entzuten dut beldurtuta bezala, barrurantz. Egia da disko hura barrurantz begira eginda zegoela, eta hau da gehiago kanporantz begirakoa. Uste dut ahaldundu naizela neure burua ezagutu dudalako».

Eta baretze hori ere igar daiteke disko berriko abestietan eta kantaeran, Izarok dioenez. «Diskoan ikusten dut sosegu bat eta baretasun bat». Blues bat grabatzera ere animatu da, esaterako, eta aurreko diskoan baino nabarmen gehiago dira doinu dantzagarriak ere. «Disfrutatzea laga diot neure buruari, eta laga diet ingurukoei ere».

Garrantzi handia izan du Donostiak prozesu horretan, eta horregatik egin dio erreferentzia hiriari diskoaren tituluan. «Hiriarekin maitasun-gorroto istorio bat izan dut», azaldu du. «Hasieran zen nahiko gorrotozkoa, eta gero hasi nintzen hiria maitatzen, eta bertan bizitzen geratzea erabaki dut. Kantak egitean ez nintzen ohartu, baina orain ohartu naiz, diskoa dela omenaldi bat Donostiako gure pisukide etxeari, momentu gogorrak bizi izan ditugulako bertan, eta hiriak aterpea eman zigulako. Dolu batek eduki ditzakeen aldaketak erakutsi nahi izan ditut».

Donostia da diskoko abestietako hitzetako gaietariko bat, maiz agertzen da itsasoa ere, baina, Izarok zehaztu duenez, maitasuna da abesti gehienen gaia. «Maitasuna era zabalean ulertuta, ulertu behar den bezala», zehaztu du.

“Diskoa da omenaldi bat Donostiako gure pisukide etxeari, momentu gogorrak bizi izan ditugulako bertan, eta hiriak aterpea eman zigulako”

Grabazioan eta konposizioan ere izan du bere isla horrek. Eñaut Gaztañaga teknikariarekin egin dituzte grabazio lanak Gaztain estudioan, Zestoan (Gipuzkoa), eta «plazera» izan dela esan du Izarok. «Jende pila bat dago oso gauza umilekin oso gauza onak egiten dituena. Super ondo pasatu dut». Taldekideei ere inoiz baino gehiago utzi die abestietan sartzen. Eta aipatu du hori frogatzen duen datua ere: «Sintetizadoreei beldur diedala egiten dute broma musikariek, sortzen dugun soinuari ahalik eta leialen izatea gustatzen zaidalako». Oraingoan, ordea, taldekideek konbentzitu dute sintetizadore bat sartzeko. Eta Izarok berak egin du oraingoan broma: «Laga dut neure burua, eta sintetizadore bat dago diskoan. Baina bakarra».

Zuzenekoen harrera beroa
Ohiko taldeak ez ezik, Jesus Bustosek ere hartu du parte diskoan tronpetak sartuz, eta Xabier Zeberiok ere biolina eta biola grabatu ditu. Bestalde, Garazi Esnaola tekla jotzaileak lagunduko dio taldeari zuzenean.

Aurreko lanean bezala, oraingoan ere euskaraz, ingelesez eta gazteleraz abestu du musikariak, baina euskara izan da bizkarrezur nagusia, zehaztu duenez. «Lehen diskoa egin nuenean, Kalifornian bizi izan nintzen denbora batez, eta, orduan, ingelesak presentzia handiagoa zuen. Oraingoan, euskarak dauka ia presentzia dena, eta mantendu da nire bizitzako hizkuntza proportzioa».

Orain «paniko prozesuan» dagoela dio. Martxoaren 8an abiatuko du diskoaren aurkezpen bira, Bilbon, eta, besteak beste, Donostian eta Gasteizen ere izango da martxoan. Emanaldia baino bi hilabete lehenago jadanik salduta zeuden Viktoria Eugenia antzokiko sarrera guztiak, eta 100 inguru baino ez dira gelditzen beste bietarako. «Oso hunkituta nago. Super astiro mugitzen gara hemen musikarako eta kulturarako, eta hainbesteko mugimendu hori ikustea benetan da berezia».

ETIKETAK:Eñaut GaztañagaGarazi EsnaolaIker LaurobaIzaroJesus BustosJulen BarandiaranOriol FloresXabier Zeberio