2019.01.07
Elkar diskoetxeak Gabonak direla eta argitaratu duen Ur berri, urte berri disko gozagarria zuzenekoetara ere eraman du Igelaren Banda-k aurkezpen gutxi batzuetan. Bixente Martinez buru duen jazz hirukoteak bost abeslariren laguntzaz grabatu dituen 15 kanta hauek nahiko edo guztiz ezezagunak dira entzuleria zabalarentzako, baina hala ere Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak itxura polita erakusten zuen larunbat arrats epel honetan, dezente sarrera saldu baitziren.
Bixente Martinez izan da diskoaren bultzatzaile nagusia: Gabonetako kopla eta kantuen bilketaz, musikaren hautaketaz, jatorrian osorik ez zeuden testuen borobiltzea eta osatzeaz eta musika berrien sorkuntzaz arduratu da. Dokumentazio eta ikerketa lanak oso ezagunak ez diren abestiak berreskuratzea ekarri du, eta horri guztiari forma emateko Igelaren Banda izan du lagun, beti ere berak moldatu edo konposatutako eskemetatik abiatuta. Horrez gain, punta-puntako bost abeslari beterano (Natxo De Felipe, Maddi Oihenart), heldu (Mikel Urdangarin) eta gazte (Izaro, Maite Larburu) bildu ditu, emaitza aski erakargarri eta atsegina lortu arte.
Puntual atera ziren oholtzara musikariak: Oskorri taldean ibilitako Xabier Zeberio (biolina, biola, nyckelharpa), Julen Izarra (saxo tenorra eta sopranoa), Benito Lertxundi eta beste hainbatekin jotzen duen Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), eta Hasier Oleaga bateria jotzaile bikaina. Bost musikari guztira. Hortaz, Igelaren Bandaren bertsio zabalago bat ikusi ahal izan genuen, Xabier eta Julenen sartzearekin. Bixente Martinez, Igelaren Bandan egoteaz gain, Izukaitz, Oskorri eta Hiru Truku-n ere aritua da, eta taula gainean patxada eta zuzendari dohainak erakusteaz gain, artista eta kanta guztiak aurkeztu zituen, banan-banan. Diskoko 15 kantuez gain sorpresatxoren bat ere espero nuen, baita hura hasiera-hasieratik jaso ere, “Eternala” izeneko (eta oraindik argitaragabeko) instrumental batekin hasi baitzuten emanaldia. Jazz kutsukoa, magikoa eta Igelaren Bandaren hain gustukoa, beroketa baino zer edo zer gehiago izan zen. Kantuen ordena diskoarekiko ezberdina izango zela ere nahiko garbi neukan, baina zein formatu erabiliko zuten? Abeslariek txandaka abestuko al zuten? Denek batera?
Bixente Martinezek Mikel Urdangarin aurkeztu zuenean, laster ulertu genuen abeslari bakoitzak diskoan abesten duena zuzenean defendatuko zuela. Mikelek “Hasiko naiz”, “Ai, hau gabaren preziosoa!” —hau Natxo de Feliperekin batera— eta “Gabon etxekoandre” kantatu zituen. Kontzertuaren hasierak zailak izan ohi dira, eta hemen denak urduri xamar zebiltzan arren, zornotzarrak bere ukitu pertsonala maisutasunez azaldu zuen. “Gabon etxekoandre”, Aita Donostiak Arraiozen 1911n “Aingeru batek dio” izenarekin jaso zuena, nonbait Pepe Artola bertsolariarenak diren bertsoekin kantatua dago. Horra hor Bixentek egin dituen hainbat osaketa lanen adibide bat.
Maddi Oihenart “Hirur erregereki” kantarekin hasi izana ez zen kasualitatea izan, Charles Bordes musikari frantsesak Zuberoan jaso baitzuen XIX. mendearen bukaeran. Julen Izarraren saxofoiak eta Xabier Zeberioren biolinak, nota agudo bezain hunkigarriak direla medio, lortzen duten sinbiosia aipagarria da benetan. Kanta honetan, eta are gehiago “Iletargi ilargia” eta “Arboletako argiek” ederretan, Oihenartek bere dohainak erakutsi zizkigun: beti zuzen, sentikor eta tinbre zoragarri baten jabe, mikrofonotik urrundu eta gerturatzean lortzen duen efektua profesionalen lana da. Azken kantu hori —Maddik soilik Bixente, Hasier eta Amaiurrek lagunduta interpretatu zuena— Sebastien Hiriarten kantutegian argitaratu zen “Erregeak zaudezela” izenarekin, bertso bakarrarekin ordea. Kantuari bertso berriak jartzeko, Bixentek Andoni Egañari deitu eta hark egin du letra osoa, abestiari izen berria jartzeaz gain.
Natxo de Felipek sasoi onean segitzen duela begi bistakoa da. Bere karisma, presentzia eta umorearekin berehala lortu zuen ikuslegoarekin konektatzea
Bixentek “Natxo, barrura!” esan bezain pronto, Natxo De Felipe azaldu zen makil handi batekin, eta txaketa dotore eta pajaritaz jantzita. Nonbait, Donostiara etortzeko jantzirik egokiena topatu zuen. Hau eta beste txantxa batzuen artean, “Agur Jesus, Maria, Jose” erritmikoari ekin zion. Bere karisma, presentzia eta umorearekin berehala lortu zuen ikuslegoarekin konektatzea. Oskorri duela hiru urte desegin zenetik bera ikusi gabe geunden, eta Natxok sasoi onean segitzen duela begi bistakoa da. Gero, makilarekin lurra jotzen segitu eta musikariei begira jarri zen. Kanta amaitzean, esku zartak itzelak izan ziren. “Birjina gaztetto bat”, euskaldunok ez dakigun arren, gure gabon kanta dela azaldu zigun Martinezek. Lehen aipatu dugun Charles Bordesek jaso zuen Zuberoan, eta beranduago Sabine Baring-Gould apaiz anglikanoak ingelesezko itzulpen bat egin zuen. “Gabriel’s message” mundu osoan oso ezaguna da gaur egun. “Hogeitalaua gabongaua”-ren inguruko azalpenak Natxok berak eman zituen: Resurrección Mª Azkuek Cancionero General Vasco-n bildua, Anton Latxak Oskorrirekin grabatu nahi izan zuen (berak konposatutako hitz eta errepikarekin) baina —hemen Natxok, barrez, Bixente seinalatu zuen— baten batzuek atzera bota zuten eta Oskorrik ez zuen inoiz kantua argitaratu. Oraingoan Igelaren Bandak kantu hau errekuperatu egin du. “Egunen batean disko bat aterako dut, ‘nere lagunek zaramara botatako kantuak’ izenarekin”. Kantua 5 x 8 bat dela azaldu zigun, “baina punturik gabekoa”. Zortziko bati buruz ari garenez, Natxok ez zuen aukera alperrik galdu txantxetan “gure himno nazionala” dela adierazteko. Txalo-zaparrada handi batek agurtu zuen bilbotarra.
Izaro bere momenturik onena bizitzen ari da. Ukitzen duen guztia urre bihurtzen duela dirudi, eta bere ahotsaren nortasunak eta oholtza gainean erakusten duen naturaltasunak edozein erronka aurrera aterarazten diote. “Nora zoazen erran daztazu”, diskoa ixten duen kanta, izan zuen abiapuntu, eta berarekin soilik Bixente Martinez eta Xabier Zeberio izan zituen jotzen. Diskoan bi ahotsetan egiten duen arren, bakarka dotore geratu zitzaion. Gero, musikari guztiak lagun zituela, “Urteizu jentea”-ri ekin zion. Oraingoan mikrofonoa eskuetan hartu zuen askeago mugitzeko, kontzertu osoan hori egin zuen bakarra izanik. Hemen Maite Larburuk lagundu zion koruetan, nahita neurritsu egon bazen ere. “Urteberri-egun ona” izan zen Izaroren gailurra. Abestiari sekulako indarra eman zion, eta Hasier Oleagaren atabal kolpe eta talde osoaren erritmoak bultzatuta kontzertuko momenturik bizienak eskaini zizkigun. Mikroa esku artean edukita, askatasun osoz mugitu ahal izan zuen, eta mugimendu edo dantza txiki batzuk aski izan ziren giroa bereziki animatzeko. Abesti honen zati instrumental guztia ere gogoangarria izan zen. Txalo-zaparrada luze batek agurtu zuen Mallabiko abeslaria.
Emanaldia puntu gorenera heldua zela uste genuenean, Maite Larburuk egindako erakustaldiak hankaz gora jarri zizkigun eskema guztiak. Taularatu, eta solemnitate handiz niretzat ezezaguna den instrumentu bat (egurrezko kaxatxo bat, akordeoia bezala apur bat ireki eta itxi egiten zuena) ondo kokatu, mikroa bere neurrira jarri, eta isiltasun luze baten ondoren aurkeztu zuen bere burua. “Adan formadu zanian”-i atera zion dirdira aipagarria izan zen benetan, eta bere taulagaineko dohaiak azaleratzen hasi zen. Gorputz-espresio iradokitzailea, neurri batean Amaia Zubiria ere gogora ekarri zidana, abestia bizitzeko modua eta transmititzeko gaitasuna harrigarriak izan ziren, oso bereziki “Beruska duna tuze” kantan. Ikusgarria benetan abestiari eman zion piperra eta gatza, eta oholtza gainean erakutsitako atrebentzia. Erritmo aldaketek, grazia bereziz jantzitako gorakadek, beherakadek, eta amaierako ahots-erakustaldiak guztiz konkistatu ninduten. Kantu honen jatorria bera oso kuriosoa da: “Verbum caro factum est” latinezko esaldiaren aldaera bitxia da, eta Fulgencio Sagardoi izeneko 9 urteko mutilak 1935 inguruan kantatu zion Rodney Gallop folkloristari Uztarrotzen. Amaitutakoan, Maitek keinu polita bota zion Igelaren Bandari: “Ez dakit printzipeak edo printzesak garen, baina Igelak muxu eman digunetik igel bihurtu gara”. Maite gero eta biziago eta animatuago nabari zitekeen, eta amaiera goren-gorenean egin zuen, “Hela, hela!”-rekin. Diskoko izarra, kanta hau jada mundu guztiak ezagutzen duela esango nuke. Nafarroan oraindik leku batzuetan mantentzen den tradizio baten isla da: herriko gazteek urte berriaren lehen ura eskaintzen dute etxez etxe, gabon sariaren truke. Diskoa lehen aldiz eskuetan izan nuenean, kantu hau entzun eta berehala Olatz Zugasti-ren Ur goiena, ur barrena… diskoko izen bereko kantuaz oroitu nintzen, hain zuzen ere Urdiain inguruan jaso baitzuen bere garaian Resurrección Mª Azkuek. “Hela, hela!”-k antzeko terminologia darabil: “Etxe honetako zaldun gazteak hamalau urre zintzarri”. Eta hark: “Etxe honetako nagusi jaunak poltsea txintxirrinduna, zirarrez ezpataduna”. Dena den, bi kanta ezberdin dira.
Hala bada, eta haria galdu aurretik, Maitek ahotsarekin aparteko ñabardurak txertatzen zizkion melodia goxo horri erregistro aldaketak medio. Argi geratu zen mimo bereziz sentitzen zituela berari zegozkion hiru kantak. Gorenean amaitu zuen, esan bezala, eta ikuslegoa oraindik txaloka ari zela, azken kantu bat iragarri zuen Bixentek: “Hator, hator” izan zen, duela 4 urte hain justu hementxe bertan Gontzal Mendibil-ek bere emanaldia agurtzeko aukeratu zuen berbera, gau honetan parte hartu zuten musikari eta abeslari guztiek batera interpretatua. Maitek Natxo De Feliperen makila hartzeko aprobetxatu zuen, eta publikoak gustura parte hartu zuen artistekin batera kantatzen. Ordu eta erdiko gabon kontzertua izan zen, oso berezia, Gabonen izpiritua bereziki sentitzen ez dutenentzat ere oso gozagarria. Hala ere, zoritxarrez, Sopelan egin zuten kontzertuaren ondoren, hau izan da bigarrena eta azkena. Datorren urtean animatuko al dira besteren bat egiten?