Musika

badok

2022.09.12

badok

Udazkeneko nobedadeak iragartzen hasi dira

Iraila iristearekin batera udazkeneko nobedadeak iragartzen hasi dira euskal diskoetxeak. UsoPop zigiluak, esaterako, Orbel taldearen disko berriaren argitalpen data eman du ezagutzera. Lur hezea izenburua du Baionako laukotearen bigarren lan luzeak eta azaroaren 4ean izango da kalean, biniloan zein euskarri digitalean. Medicines Time Records diskoetxearekin elkarlanean argitaratuko du UsoPopek Orbelen diskoa. Azaroan bertan hasiko da zuzenean aurkezten, Frantziako estatuan, eta oraingoz lau data daude iragarrita Euskal Herrian: abenduaren 2an, Miarritzen (Atabal aretoa), 11n Durangon (Durangoko Azoka), 17an Hondarribian (Psilocybenea) eta urtarrilaren 5ean Gasteizen (Jimmy Jazz).

Orbel-Promo-MMXXII-43

Orbel laukoteak azaroan kaleratuko du ‘Lur hezea’.

Elkar diskoetxeak ere  prest du udazkeneko nobedadeen zerrenda eta bertan, besteak beste, Arima Soul taldearen lehen disko luzea (Arima du), Lorelei-k 25. urteurrena ospatzeko  grabatu duen diskoa (Ekografiak), Pier Paul Berzaitz zuberotarraren lan berria (Uharte bat) eta Eñaut Elorrietaren bakarkako hirugarren lana azaltzen dira. Lau disko horiek urrian ikusiko dute argia, eta azaroan berriz, helduko dira Gari & Maldanberaren zuzeneko diskoa, Ines Osinagak Joseba Jaka bekaren laguntzaz Kuba eta Euskal Herriaren artean ondutako egitasmoa, Kristonak-en lehen lana, Imanol Larzabali eskainitako bilduma eta Txomin Artolaren Belar hostoak diskoaren berrargitalpen berezia, jatorrizkoaz gain Urbil Artolak talde baten laguntzaz egindako berrinterpretazioa ere jasoko baitu.

Adarretatik 2022: Arima Soul

Arima Soulen lehen lan luzea da ‘Arima du’.

Horiez gain, udaberrian argitaratutako bi lan —Etxekalte taldearen Nor da norbera? eta Mikel Laboa eta Artze anaien Ikimilikiliklik— LP formatuan plazaratuko ditu Elkarrek irailean, hala nola Fermin Muguruzak zuzendutako Black is Beltza II: Ainhoa filmaren soinu banda.

Bonbereneak ere eman du abendua bitartean argitaratuko dituen lan berri. Urte berezia da Tolosako etxe autogestionatuarentzat, 20 urte egin baititu Bonberenea Ekintzak zigiluak. Hortaz, nobedadeen artean badira zenbait berezitasun. Esaterako, Joseba Irazoki eta Lagunak eta Pettiren arteko kolaborazioa, abenduaren 2an argitaratuko dena. Aurretik iritsiko da Rodeo laukotearen Hybris lan berria, azaroaren 10ean. Zestoarrek aurten kaleratzen duten bigarren diskoa izango da, urte hasiera Moira plazaratu baitzuten.

Azaroaren 24an kaleratu du Ama Sayk Ero bomb, hamar hazbeteko EP eta CD formatuetan. Eta azkenik, Elle Belga bikote asturiarraren Lagunak iragarri du Bonbereneak azaroaren 3rako, hau ere hamar hazbeteko EP eta CD formatuetan.

Azkenik, Forbidden Colours diskoetxeak MICEren Lautada bigarren lan luzea argitaratuko du irailaren amaieran euskarri digitalean eta urriaren 14an biniloan.