2018.10.26
Uda joan eta giro hotzagoa hastearekin batera itzuli ohi dira enarak hegoaldeko lur epelagoetara. Aurten, baina, urri amaierarekin iritsiko dira enara kantuak Euskal Herrira, 2princesesbarbudes talde katalanaren bidez. Enaren kontuak disko-liburu ilustratua plazaratu berri dute Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin eta, lana aurkezteko, hainbat kontzertu egingo dituzte Euskal Herrian. Gaur emango dute lehena, Arrasaten (Gipuzkoa); Hernanin (Gipuzkoa) izango dira bihar, eta Iruñean heldu den astean. Hiru emanaldi horien ondotik, abenduan itzuliko dira enarak Euskal Herrira.
Helena Casas eta Marc Marce dira bi printzesa bizardunak. Aspalditik dabiltza musikaren munduan murgilduta; beste talde batzuetan aritu ziren lehenago —Pomada taldeko kidea izan zen Casas, eta biak elkarrekin aritu ziren gero Conxita taldean—. Azken urteotan, baina, 2princesesbarbudes proiektuarekin dabiltza buru belarri, musika lasaia edo koxkorra deitzen dutena eginez. 2015. urtean Gaueko entziklopedia koxkorra plazaratu zuten —aurrez, katalanez argitaratua—, eta gauari lotutako hitzak, doinuak eta giroak bildu zituzten lanean. Ordukoaren bidetik, ilustrazioz betetako liburu batek eta jostailuzko musika tresnak joz sortutako 11 kantuk osatzen dute lan berria.
«Disko berri bat egitea pentsatzen ari ginela, leiho handi bat zuen etxe batean bizi ginen, eta, pareko etxean, enaren habia batzuk zeuden», azaldu dio Marc Marcek BERRIAri. «Udaberri oro iritsi, eta hegan eta kantuan hasten ziren auzo guztian, eta pentsatu genuen proiektua haien inguruan osatzea». Ikuspegi jostalariz, oporretan dabiltzan eta giro eguzkitsuaz gozatzen duten gizakiak balira bezala tratatzea erabaki zuten. Berehala etorri zitzaizkien enaren inguruko istorioak: nondik nora dabiltzan oporretan, zer jaten duten, nola egiten dituzten habiak, zer amets dituzten… «Enarekin eta, oro har, hegaztiekin interesatzen hasi ginen; ornitologoekin ere izan ginen gehiago jakiteko. Baina, gero, kantuetan egiazko informazio asko dagoen arren, geure hitz jokoak eta txantxak egin genituen. Aurreko diskoa poetikoagoa zen, eta, ildo hori baztertu gabe, umore kutsu handiagoa jarri nahi genion lan honi, kontzertuetan entzute maila desberdinak egon daitezen, eta haurrek ez ezik helduek ere goza dezaten. Txantxa asko helduei begirakoak dira; beste batzuk haurrek ere ulertuko dituzte…».
“Esentzia popa da, baina kantuetan estilo ezberdinak agertzen dira, guk gogoko ditugunak: folka, cumbia, Jamaikako erritmoak, ekialdekoak, ye-yeak, rockeroagoak”
Behin istorioak zehaztuta, doinuak ere «nahiko azkar» joan zitzaizkien sortuz. «Sortze prozesuaren parterik erraz edo dibertigarriena da guretzat. Lehenik hitzak egin, eta ondoren hasten gara doinuak sortzen. Eta erraz, azkar joaten da dena». Jostailuzko musika tresnak baliatzen dituzte beti: pianotxoak, ukelelea, xilofonoak, marakak, jostailuzko bateria bat, eskusoinu txiki bat… Oraingoan, horiek ez ezik, «hiru sokako gitarratxo elektriko bat eta baxu akustiko arrosa txiki bat» ere gehitu dituzte, kantuei pop kutsu handiagoa emateko eta, aretoetan ez ezik, aire libreko kontzertuetan ere bestelako soinu bat lortzeko. Dena den, pop doinuak ez ezik, bestelako estiloak ere nahastu dituzte. «Esentzia popa da, baina kantuetan estilo ezberdinak agertzen dira, guk gogoko ditugunak: folka, cumbia, Jamaikako erritmoak, ekialdekoak, ye-yeak, rockeroagoak… Baina gero musika tresnek bateratzen dute dena».
Berez, bi dira printzesa bizardunak, Casasek eta Marcek sortzen baitituzte hitz, doinu nahiz irudiak. Baina ikuskizunaren arabera, beste printzesa bizardun batzuk ere batu izan zaizkie emanaldietan. Ikuskizun berrian, Marc Poch eta Toni Vilaprinyo ere ariko dira zuzenekoetan. «Dokumental ornitologiko bat balitz bezala» osatu dute ikuskizuna, «off-eko ahots eta guzti», Marcek irriz azaldu duenez; «Apur bat antzeztutako kontzertua izango da». Afrikatik iritsi berri diren lau enara igoko dira agertokira, eta, pixkanaka-pixkanaka, beren istorioak kontatuko eta kantatuko dituzte.
Bi euskal sortzaile diskoan
Berez, Sempre de vacances izenburupean 2015eko neguan kaleratu zuten diskoaren euskarazko egokitzapena da Enaren kontuak —gaztelaniara eta frantsesera ere moldatu zuten—. Kantuetako hitzak egokitzeko Uxue Alberdiren laguntza izan dute, eta kantu bati ahotsa ere jarri dio idazle eta bertsolariak. Hark eta Casasek eginiko lana nabarmendu du Marcek. «Helena filologoa da, euskara urte askoan ikasi du, eta eskuz esku egin dute lan biek».
Alberdirena ez ezik, Joseba Tapia-ren parte hartzea ere izan dute diskoan —aurreko lanean ere parte hartu zuen musikariak—. «Musikari handia da, eta aspaldiko laguna. Bigarren ahotsak grabatu zituen, eta oso pozik gaude».
DATOZEN EMANALDIAK