2016.04.28
Bi kantuz osaturiko singlea plazaratuko dute Joseba Irazoki eta Lagunek maiatzean, Madrilgo Acuarela diskoetxearekin. Bi kantuak “intentsitate handikoak, basatiak, lirikoak eta zirraragarriak dira”, Jesus Llorente Acuarelako arduradunaren hitzetan. Aurrerapen gisa, “Udaberriko eguzki” abestia entzun dezakezue hemen.
Berako abeslari eta gitarristaren aurreko diskoa, Joseba Irazoki eta Lagunak, grabatu zuten ia musikari berberek hartu dute parte single berrian: Felix Buff (bateria), Jaime Nieto (baxua), Ager Insunza (gitarra, pedal steel-a eta biolina), Iban Urizar (klarinetea, teklatua) eta Ibai Gogortza taldekide berria (saxofoia). Biniloaren A aldeko kantua “Irudipena” da eta Xabier Gantzarainen testu baten adaptazioa dira hitzak. “Udaberriko eguzki”-ko hitzen egilea berriz, Beñardo Goietxe da. Singlearen grabazioa Berako Atala estudioan egin dute, Iñigo Irazokirekin.
Singlearen zuzeneko aurkezpen ofiziala maiatzaren 13an izango da, Madrilen, FotomatonBar aretoan, Ornamento y Delito taldearekin batera. Gaur egun beste hiru musikarik osatzen dute Joseba Irazokiren zuzeneko taldea (Felix Buff, Jaime Nieto eta Ibai Gogortza), eta Acuarelaren arabera, “Estatuko rock independentearen mugetatik haragoko distira duen zuzenekoa” eskaintzen du laukoteak.
Euskal Herrian, hurrengo kontzertuak, datorren larunbatean (hilak 30) Basauriko MAZ jaialdian eta igandean (maiatzak 1) Donostiako Thanks Jimmi jaialdian izango dira.