Musika

Urko Ansa

2022.03.01

Urko Ansa

Txomin Artola (Lemoa, 2022.02.18)

Baliteke Txomin Artolaren ibilbidea amaiera aldean egotea. Are gehiago, iaz Et Incarnatus orkestra lagun zuela argitaratu zuen Et Incarnatus est disko-liburutzarraren aurkezpenek haren azken agurra izan behar zuten. Gauzak horrela, eta gure zorionerako, badirudi haren seme Urbil Artolak emanaldi batzuek egitera animatu duela, eta horri esker joan ahal izan genuen haietako batera. Etorkizun hurbilera begira, momentuz beste bi emanaldi ere programatuta dauzkate, biko formatuan pentsatzen dugu, baina pozik egoteko motiboak badauzka Artolaren jarraitzaileak.

Txomin Artola

Txomin Artola eszenatokietara itzuli da hainbat urteren ostean (Urko Ansa)

Kotxepin aretoak berak, baita eraikin osoak ere, zurezko altzari berri-berrien usaina dauka: egurrezko egitura moderno eta era berean klasikoak liburutegi zein kultur etxe zerbitzuak eskaintzen ditu, besteak beste. Oker ez bagaude, iaz inauguratu zen, baina ia hamar urteko prozesu parte hartzailea izan du, diseinua bera ere eztabaidaren erdian ipiniaz, eta herriarentzako kultur eskaintza bizia eta esku-hartzailea proposatzen du. Eraberritutako baserri honen izena Kotxepin Bengoetxea (1949-1987) kultur eragilearen omenez jarrita dago.

Aretora hurbildu ginenean Urbil ikusi genuen momentuan lasaitua hartu genuen: kontzertu intimoa izango zen, bai, baina Txominen semearen presentziak sostengu eta kalitate musikala bermatuko zigun. Txomin bera gai izango zen bakarrik edozein emanaldi aurrera ateratzeko, horren zalantzarik ez daukagu, baina Urbilen presentzia eta teknikak esperientzia oraindik aberatsagoa izango genuela argi uzten zuen. Hasieran sorpresatxoa hartu genuenik ere ez dugu ukatuko, nahiz eta Txominen ibilbidea ikusita abaniko zabala bermaturik egon. Hala bada, folk amerikar usaina zuen doinu batekin hasi ziren, bi gitarren arteko tiki-taka animosoarekin batetik, eta country musikatik asko duen Bob Dylan onenaren errezitaldi pizgarriarekin bestetik. Beatlesen “Rocky Raccoon” apartaren aire batekin, 1988ko Berriz arte LP bikain hartako lehen kantuaz ari gara: “Izen ala ez izen”. Hasiera itzela inondik ere. Gainera, jatorrizko bertsioak dauzkan atabalen faltan Txominek berak aurrez grabatutako erritmoa martxan jarri zuenez, ezin hobeto geratu zitzaien.

Artolak azaldu zigun nola bere ama iparraldekoa zen, eta Espainiako Gerra Zibila hasi zenean bere aitak iparraldera ihes egin behar izan zuen. Han, beste askori gertatu zitzaien moduan, Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zuen. Iparraldean, Frantziako irratiak entzun zituen Txomin gazteak. Horrela, Beatles ezagutu zuen, gero New Yorkeko folk musika (Bob Dylan, Simon & Garfunkel…) eta noski, chanson françaiseko artista guztiak, batez ere Georges Moustaki. “Xarmegarri zira”-ren zati bat kantatu zigun, hain goxoki… Oso gazterik Ingalaterrara bidaiatu zuela kontatu zigun, eta aipatu kanta (euskaraz kantatu zuen lehena) Londresen nola interpretatu zuen. Lurralde haietan zela iritsi zitzaion soldaduzkara joateko ordua, eta zalantza batzuren ondoren, itzultzea erabaki zuen. Saharan urtebete egin zuen.

Gutxi gorabehera garai hartan (1966an hain zuzen ere) Ez Dok Amairu ikusi zuen lehen aldiz Irunen, eta beste askok bezala, orduantxe hartu zuen euskaraz kantatzeko erabakia. Artolak esan zigunez, gure hizkuntzan egindako kantu gutxi ezagutzen zituzten sasoi hartan. “Goizeko euri artian” klasikoa kantatu zigun orduan, berak egindako lehen kanta. Aldiz, kantu hau ez zen bakarkako bere lehen diskoan argitaratuko, Haizea taldearen lehenengoan baizik. Ez Dok Amairuk ekarri zuen modernotasuna oinarri izan zuen gure protagonistak, eta beste eremu batera eraman, hain zuzen ere amerikar kutsu handiko sustraidun folkera. Zer esanik ez Urbilen lap steelak hamaika trikimailu erregalatu zizkigula, berriz ere.

“Txomin eta Urbilen gitarrek zeinen ondo elkar hartzen zuten konturatu ginen, soilik urte askotako elkarlanak ekar dezakeen bat-etortze magikoa izan baizen”

1990eko hamarkadan Amaia Zubiriarekin egin zituen hiru LP arrakastatsu haietatik ere bi kantu entzuteko aukera izan genuen, biak ere lehenengo diskokoak (Folklore sorta 1, 1991): lehenik “Intxauspeko alaba” malenkoniatsua eta geroago “Brodatzen ari nintzen” hunkigarria. Eta bien tartean, Artolaren debut diskoko bi pieza ahaztezin: “Alargunaren negarra” eta “Txakurren partia” mitikoa, eta agian bere errepertorioko ezagunena. “Alargunaren negarra” kantuan zer edo zer gaizki zihoala ohartu ginen. Ez genekien zergatik, baina Txominek kantatzen jarraitzeko arazoak zituen. Azkenik, “ezin dut” esan eta jotzeari utzi zion. Kantuaren tristetasunak negarrari ezin eustera eraman zuen. Dakizuenez, kantuak 21 arrantzaleren heriotza du ardatz, eta Txominek oso barnean bizitzen ditu itsasoa eta marinelen kantuak. Gogora dezagun bere aita Fernando arrantzalea zela eta haren poesiekin osatu zuela lehen diskoa Txominek: Olaxta (1975).

Esan gabe doa “Txakurren partia” ere biziki hunkigarria izan zela. Hori alde batera utzita, azken honetan Txomin eta Urbilen gitarrek zeinen ondo elkar hartzen zuten konturatu ginen. Soilik urte askotako elkarlanak ekar dezakeen bat-etortze magikoa izan baizen. Ondoren, lehen aipatu dugun erromantze zaharra eta tragedia: “Brodatzen ari nintzen”. Haizea taldeak arrakasta handia izan zuen, baina Txomini ez zion kantu berriak egiteko denborarik ematen, eta taldea utzi eta bakarkako bigarren lanari ekin zion: Belar hostoak (1978). Bere aitaren poesiak musikatu ondoren Walt Whitman poeta estatu batuarrarengan jarri zituen bere begiak. Lan horretatik bakarra eskaini zigun Lemoan: “Lur osoaren erasoak”.

Disko hartatik bakarra eskaintzeak harritu gintuen, baina hurrengo lanetik ere (Ttakun ttakun) bakar bat entzun ahal izan genuen: “Bahoa urrutirat”. Kantu honen hitzak —baita disko osokoak ere— urtebete lehenago hil zen Gotzon Aleman poetarenak ziren. Maitasunagatik hil zela kontatu zigun, bere bikoteak utzi eta bihotzekoak jota. 25 urte bakarrik zituen. Berriz arte diskora bigarren eta azken jauzia “Ibiltariarena” abestiarekin egin zuten. Joserra Gartziaren hitzekin egina, musikari dagokionez Pazifikoko irla txikiren bateko (adibidez, Hawaii) ukitua daukala azaldu zigun Artolak. Urbil berriz ere aipatu behar dugu hemen, bere artea, teknika, gustu ona… beti ere kantuaren zerbitzura eta notak beti bere neurrian eta gehiegizko esposiziotik urrun, slidea jotzeko daukan teknika eta sentimenduak atentzioa ematen dute berehala.

Urbil eta Txomin Artola

Urbik Artolak lap steel gitarrarekin lagundu zion aitari. (Urko Ansa)

Txominen beste disko zoragarri bat (zoritxarrez kantu berriekin atera zuen azkena) 1995eko Zurartean dugu. Lan hartatik bi harribitxi eskaini zizkigun: “Iragana eta geroan” eta “Maiatzaren egun berdeetan”. Bi kantuokin Txominen sentiberatasuna zein ahotsaren kalitatea begien bistan geratzen dira. Eta sakoneko beste kontu bat azaleratzen dute: zer gertatuko litzateke kantuok ingelesez Erresuma Batuan edo Estatu Batuetan argitaratuko balira? Joserra Gartzia berriz aipatu zuen gure protagonistak, segidan. 1997an erakunde batek kantu bat egiteko enkargua egin zion Artolari. Aberria behar zuen izan kantuaren ardatzak, eta Joserrari deitu zion lan horretarako. Hark letra oso eder bat bidali zion, baina hitz poetiko haiek sakonegiak iruditu zitzaizkion Artolari, eta publikoak ulertuko ez zituela iruditu zitzaion. Orduan Joserrak bigarren testu bat idatzi zuen, eta musikariak Dylanen estiloko doinua batu zionean, kantu oso ezagun bat izan zuen ondorio: “Aberriaren mugak”.

Kantu horrekin erretiratu ziren, eta Txominek maskara jantziko zuenaren keinua egin zuen agurrari sinesgarritasuna emateko. Ikuslegoaren barre-algarak aipagarriak izan ziren, bai momentu horretan zein emanaldi osoan zehar Txominek istorioak kontatzeko eduki zuen maisutasunagatik. Publikoa maneiatzeko erakutsi erraztasunak harritu gintuen. “Ixil ixilik” aukeratu zuten, gure protagonistak 1986ko Txuriko disko luzean argitaratu zuen kantu herrikoia. Hemen jendearen parte hartzea intentsua izan zen, eta ikuslegoak behartuta berriz ere taularatu zirenean ere nabaritu zen. Berriz ere “Goizeko euri artian” aukeratu baitzuten azken agurra emateko. Azkenik, ordu eta hogei minutu eta hamabost kantuko (bat errepikatuta) emanaldiaren ostean erretiratu ziren. Publikoaren txalo zartak entzunda, beste lauzpabost kanta gustura hartuko lituzketela argi geratu zen. Eta bai, iazko disko-liburuak azken agurra izango zela zirudienean, bere seme Urbili eskertu behar diogu nolabaiteko itzulera hau. Noski, espero dugu bere ibilbideak jarraikortasun bat edukitzea eta gutxien-gutxienez Viktoria Eugenia, Principal, Gaiarre edo Arriaga antzokietan merezi duen moduko despedida handi batekin agurtzea. Kantu berriak egingo dituen ala ez ez dakigu, baina esan gabe doa hori gertatzen bada hor izanen garela.

ETIKETAK:LemoaTxomin ArtolaUrbil ArtolaZuzenekoak