2025.01.09
Urtean zehar hainbat sorpresa jasotzea ia-ia normala bihurtu da: talde honen edo bestearen sortzea, desegitea edo itzulera, estilo aldaketak, kolaborazio mota ezberdinak… e.a. Dena den, denboraren tunelean atzera 35 urte edo gehiago egin eta sorpresatxo hau topatuko du euskal musika zaleak 2024ko uztan: 1989an banatutako Ondarroako (Bizkaia) Tu-K taldea itzuli egin baita. Beren garairako (1985-1989) musika ezberdina eta bizarroa egiten zuten arrakasta edukitzeko, baina taldearen amaierak Piztiak-en sorrera ekarri zuen, eta hau bai ezagunagoa egin zela 1991n lehen diskoa argitaratu zutenetik 2022an (momentuz) azkena atera zuten arte.
Garai hartako maketak berreskuratu eta hamairu pieza harrigarridun binilo bikoitz batean argitaratu dituzte orain, baita haietako azken hiru kantuak lehen aldiz grabatu ere. Emaitza, erritmo kutxa, baxua eta gitarra bakarrik erabiltzen zuen talde batentzat, harrigarriki sendoa da, ematen hasi diren zuzenekoak bezala. Lehena Durangoko Azokan eman zuten (Plateruenako Ahotseneko emanaldi motz hura) eta bigarrena hementxe bertan, Uhagon Kulturgunean. Piztiak taldearekin ere jo izan dute areto honetan.
Garai zaharretatik Txomin Uribek (gitarra, ahotsa) eta Josu Aranbarrik (baxua, ahotsa) jarraitzen dute, hots, Piztiak taldearen nukleoa bera izan denak. Aldiz, eta erritmo kutxaz gain, orain Txominen seme Markel Uribe daukate bigarren gitarran. Gainera, zuzenekoetan solorik gehienak berak egiten ditu. Gauzak horrela, eta beraien berezitasuna altxor bihurtuta, kantuek digitalizatuta eta bermasterizatuta soinu benetan potentea lortu dute bai diskoan zein zuzenekoetan. Guzti hori diapositiba emanaldiek borobiltzen dute, orokorrean eszenatokia nahiko ilun badago ere.
Eguerdiko ordu batean izan zen emanaldia, eta ez da lehen aldia izan Uhagonen, ekainean Ezezez taldearekin ikusi genuen moduan.
https://www.badok.eus/musika/garra-kutsakorra-ezezez-taldearen-zuzenekoaren-kritika/
Formatu honek badakartza bere arriskuak, baita aukera sorta paregabea ere: oraindik ikuslegoa ohitzeke dagoela egia den arren, alternatiba benetan interesgarria daukagu asteburuko planak antolatzeko, baita (bai musikariek zein ikuslegoak) egun berean kontzertu gehiago eman edo ikusi ahal izateko ere.
Ordu laurdeneko atzerapenarekin abiatu ziren, eta emanaldi indartsu, neurtu eta sentikorrean diskoko hamairu kantuak eta beste bi ere eskaini zizkiguten: intro instrumental bat, eta amaitzeko, inoiz grabatu ez duten Sirimiri indartsua. Introaren ondoren, bete-betean sartu ziren binilo bikoitzean Existentzia kantuarekin. Markel Uriberen punteoak erakutsi zuen bere protagonismoa hazten doala, lehenengo Piztiak taldearen azken biran, eta orain Tu-k-ren bira hasi berrian, bigarren planoan mantentzen bada ere. Itsuen begiradak-ek Josu Aranbarriren karisma guztia erakutsi zuen, eta iluntasunean jarraitu genuen Argi gorrizko faroa sarkor eta iradokitzailean. Kantu honetan Josuren ahotsa eta baxua izan ziren protagonista.
Gitarrak gutxi entzuten zirela konturatu ginen ordurako, nahiz eta Norbait (beraien kantu motzena eta akaso gogorrena) oso boteretsu geratu zitzaien, Markelen soloa nagusi eta errepika arraro bezain gustagarria zirela medio. Markelek egin zuen Azken? Kantuko solo nagusia ere. Besteak baino zertxobait baladistikoagoa, taldearen etapa ezberdinen arteko eboluzioa edo akaso talka ere erakusten duen horietakoa dugu. Josuk eta Txominek txandaka egin zituzten ahotsak, bien artean sortzen duten magia eta karisma berezi guziarekin. Ia berrogehi urte daramatzate musika munduan, eta sobera nabaritzen da esperientzia horren eragina.
Egia da Betiko ametsak kantuaren bukaeran baxua apur bat saturatua entzun zela, baina bere poesia zoragarria eta musikarien dirdira pertsonalak aurrera atera zuen, inolako arazorik gabe gainera. Poesia aipatu dugu, eta azken kantu hori Txominena den arren, badaude bere anaia Kirmen Uriberen zazpi letra disko honetan. Guztiak kantatu zituzten noski, eta akaso gehien harritzen gaituena da, hain gaztea zelarik nola egin zituen sakontasun honetako hitzak, eta haiek espresatzeko modua hain naturala izatea. Ordurako (1986. urtea, gutxi gora behera), bere anaia Txomin eta Josu Aranbarri konturatzen hasiak ziren Kirmenen talentuaz. Piztiak taldearentzat ere hainbat egin zituen Kirmenek, taldeak azken urteetan independentzia lortu zuen arren. Kirmen presente egon zen Markinako kontzertu honetan, beste ondarroar batzuk bezala.
Poesia hori destroyerra da Zeharka-n, adibidez (musika bezala), eta iradokitzailea The Sun Lies Down-en. Azken kantu horretan sartu zuten egurra zitala izan zen, gero baina Behiala-rekin erritmoa jeitsi zuten, nahiz eta hazten doan kantua den eta ohi bezala goiaren goian amaitzen duen. Jarraian, Piztiak taldearekin ere grabatu zituzten bi harribitxi: Pornografiaz liluragarria eta Beltza dantzagarria eta erdi diskotekeroa. Emanaldiaren goranzko bidea geldiezina izango zen hemendik aurrera, eta klasiko moldea eta izpiritua daukan Plaiko hatxetan guztiz lehergarria suertatu zen.
Eta diskotik jotzeko geratzen zitzaien bakarrarekin agurtu gintuzten: Beste uri bat besterik Txominen boterearen erakusle izan zen. Ikuslegoarekin komunikazioa bilatu zuten bai berak zein Josuk, eta azken honen baxu sarkorrak, Txominen kemenak, poseak eta lurrean belauniko jarritako posturek bere semearen gitarrakin konexioa bilatu zuten momentuoro. Zalaparta handi honen erdian esan ziguten agur, nahiz eta publikoaren eskariei jarraituta azken bis bat ere eskaini ziguten: inoiz grabatu gabeko Sirimiri apur bat sinplea baina azkarra, motza eta boteretsua.
Laurogehi bat minutuko deskargak formatuaren beraren berezitasuna, musikarien kalitatea, kantuen gantxoa eta ia ahanztutako doinu hauen balioa agerian utzi zuen. 1989an desegin zen taldea, bi maketa argitaratu ondoren. Arraroegiak ziren. Beti esan izan da Jotakie ata Doctor Deseo bereziegiak zirela garai haietarako, baina Tu-K taldearen historia askoz ere lurperatuago geratu da, orain arte bederen. Egin duten apustua handia da eta kontzertuetara joaten direnak zein diskoa entzuten dutenak konturatuko dira haren balioaz.