2020.03.12
Thierry Bizkari abeslari eta perkusio joleak (Anhauze, Behe Nafarroa, 1976) bere bigarren diskoa kaleratu du, aldi honetan bere izenean. Muda izenburuko lanean “muda pertsonala zein artistikoa” aipatzen du Bizkarik pertsonaia ezberdinen bitartez. Bilboko Loraldia jaialdian egitekoa zen diskoa aurkezpen kontzertua, martxoaren 20an, baina koronabirusen krisiaren ondorioz bertan behera geratu da jaialdi osoa. Gaurdanik baina, diskoko hiru kantu entzun ditzakezu hemen.
Manez eta Kobreak lehen diskoan, bere sustraiak omendu zituen Bizkarik, bere aitatxiren izengoitia hartuz izen artistiko bezala. Lan horrek bere bizitzaren parte baten orrialdea pasatzerat lagundu zion, bere gurasoen baserriko premu kargua zurituz. Muda lanarekin berriz, kantari baxe nafartarrak bere barneko garapen pertsonala eta nortasun eraikitzea aipatzen ditu, eta prozesu hori alegiazko zein egiazko istorio batzuei esker kontatzen digu. Abestien letrak osatzeko, berak batzuk idazteaz gain, Uxue Alberdi, Jon Benito, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maia idazle eta bertsolarien laguntza jaso du.
Bizkarik azaldu duenez, abestietan agertzen diren pertsonaiak aldaketa fasean daude. “Haien bizitza aldatu nahi dute; batzuk lortu dute, beste batzuk ezin. Batek bere maitalea ezin utziz dabil, beste batek tatuaia bat egiten du bere gorputz bortxatua berreskuratzeko… Istorio horiek pertsona batzuen erresilientzia gaitasuna eta zoriontasun bilaketa jorratzen dute: bizitzaren gida hartu, amore eman, bestelakotu, naturaren zikloa eta urtaroen aldaketak jarraitzea da, bizitza da”.
Manez eta Kobreak diskoarekiko ezberdintasun nagusietako bat, instrumentazioan datza. Lan hartan metalezko haize tresnak ziren nagusi; orain aldiz, harizko instrumentuak aukeratu ditu Bizkarik kantuak janzteko: gitarrak, mandolina, kontrabaxua, biolontxeloa… Hiru musikarik lagundu diote grabazioan: Jeremie Garat —moldaketak ere egin ditu—, Amaiur Cajaraville eta Joel Merah. Zuzenekoetan ere hirukote horrek joko ditu instrumentuak, Thierry Bizkariren ahotsari eta kontakizunei leku zabal bat uzteko.
Loraldiako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da, printzipioz, diskoaren aurkezpen kontzertua, apirilaren 3an. Ondoren, Donibane Lohitzuneko Harriet Baitan (apirilaren 5ean) eta Iruñeko Erraldoien Txokoan (maiatzaren 14n) jotzekoa da Thierry Bizkari.