Musika

Xabier Erkizia

2019.03.14

Xabier Erkizia

Tapia eta Leturia Band: kanibalaren kanta

Izan zen garai bat joan den mendean euskal musikak konplexu zenbait gainetik kentzeko beharra sentitu zuena. Garaien islaren erantzukizuna bizkar gainean eraman zuen musika deseroso, gogor eta distortsionatu batek Euskal Herriko arrakasten zerrendak ia hamarkada batez bereganatu ondotik, batzuentzat azkarregi pasatu eta bertze batzuentzat motelegi jausi zen historiaren gainpisua, gero eta deserosoagoa bihurtu zen. Punk musikaren omnipresentziaren gainbehera sufrituak (oraindik guztiz desagertu gabeak), Euskal Herriko musika monolito izatetik ehunka puskatan zatitzera eraman zuen. Musika guzti horiek, edo gehienak behintzat, hor zeuden lehendik ere, baina orain, paisaia estaltzen zuen itzala ahuldu ahala, leku berriak eskatzen hasi ziren. Bazirudien belaunaldi berriak, belarri-gose berriak eta amets berriak asmatzeko momentua iritsi zela. Euskal musikaren soinu paisaia birformulatzeko garaia. Eta halakoetan gertatu ohi den gisara, berrasmatze prozesu horrek euskal musikaren kontraerran aunitz jarri zuen mahai gainean: ordura arte punkaren irreberentziak zeharo gaitzetsi izan zuen metal musikak ezusteko gorakada izugarria izan zuen (ia punk musikaren oinordetza hartzeraino!), musika elektronikoak agerpen inuxenteak egin zituen pixkanaka eta Euskal Herrian pop musika egiteak berekin zekartzan lotsak eta prejuizioak ahazten hasi ziren. 

Tapia eta Leturia Band

Tapia eta Leturia Band: goiko lerroan, Xabier Berasaluze ‘Leturia’, Joseba Tapia, Mikel Artieda eta Batiz; behean, Fernan Irazoki eta Fernando Leitza.

Euskarak eta euskal musikak joan-etorriko harreman arraroak izan ditu pop musikarekin. 60ko hamarkadan nekez hartu zion pultsoa, 70ekoan zainen indarraren erreibindikazioak ahalegin aunitz utzi zuen bidean, 80an punk musikak ebatsi zion gainerako lekuetan hartu zuen tronoa, baina 90eko hamarkadan, ezustean, trikitixak eman zion sarbidea. 

Joseba Tapia-k etxetik dakar musika. Ez du sekula ezkutatu, eta ez du sekula ezkututa ahal izan. Trikitixa eta kantua DNAn daramala erratea, metafora erabiliegia izateaz gain, bere kasuan egitan pertinentea da. 80ko hamarkadaren erdialdean diskoak argitaratzen hasi zenetik gaurdaino, musika ausarki egin du eta egiten du. Ausarki kopuruan, tamainan eta dimentsioan. Genero aldaketei beldurrik gabe, edozein egoeratan, harritzeko modukoa den eta aipatutako bere jatorri genetikoa salatzen duen naturaltasun bereziarekin. Ibilbide bizi hortan, berak eraman zuen trikitixa baserritik hirigunera (Juergasmoan akaso) eta erromeriako kioskotik, poliki poliki, rock eskenatokira (Dultzemeneoa-n). Eta berak bulkatu zuen trikitixa kalejiratik laborategira. Ez soilik maila sinbolikoan, baita teknikoan eta profesionalean ere. Eta Tapia eta Leturia Band, taldea eta diskoa, dira joan-etorri musikal guzti horien bidegurutze nagusi. Jakina, izan ziren triki-pop deitu zen fenomenoaren azpian kasu handiagoak, arrakastatsuagoak, komertzialagoak eta masiboagoak. Baina Joseba Tapiari belaunaldiagatik egokitu zitzaion arkitekto lana, eta bere eraikuntzetan Tapia eta Leturia Band izan zen, beharbada, bere sorkuntza guztien artean harrigarriena.

Koka gaitezen momentu batez: 1993. punkaren itzal ilunei begi berriz begiratu zien bertze talde batek, Negu Gorriak-ek, Tapia eta Leturia eraman zituen telonero gisara Suitzara eta Alemaniara. Rock fusionatuaren garaietan, trikitixa rock eskenatoki handietan tokia bilatzen hasi zen. Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze ez ziren bertze planeta batean bizi, haiek ere entzun zuten punk musika, entzun zuten crossover fusioa, eta Euskal Herriko plazak irabazi ondotik, ezusteko jauzi zoragarria egin zuten. Banda osatu zuten, rock banda. Beraien tamainako fusio rock banda: Mikel Artieda baxuan, Fernando Leitza baterian, Batiz gitarran eta Fernan Irazoki soinu mahaian. 

Funk erritmoko errosarioak, rock’n’roll diatonikoa, gitarra elektrikoz dantzatutako bals surrealistak, gitarra gogorrak gidatutako pandero doinuak, ska gastronomikoak, sarkasmoz elikatutako metal kanibalak, erromeria arabiarrak etabar luze zoragarriak lotsagabe nahasten zituen banda, eta diskoa.

Ziur aski zaila da horrelako kasu bat topatzea, ez soilik euskal musikan, alegia, musika estilo bat sortu eta bost urtetara akabatzea

“Zeharo disko ezberdina” edo “trikitixa eta panderoa baino gehiago” bezalako esaldi lotsati batzuk baino ez dira geratu garaiko musika kritiken hemeroteketan. Musikazaleen artean, ordea, katarsi gogoangarriak. 

Trikitixak eragindako hausturak (eta debekuak lehenbizi) eta punkarenak ondotik bizi eta gero, disko honekin leiho berriak baino (hori lehen ere egin zuten) atea zabal-zabalik utzi zuen Tapia eta Leturia Band-ek. Edo bertze modu batera esanda, “Hik lan eta nik jai” jotzerakoan triki-pop deituko zen eta soka luzea ekarriko zuen musika estilo berri bat asmatu bazuten, disko honetara iristerako beraiek asmatutako estiloa akabatu zuten.

Ziur aski zaila da horrelako kasu bat topatzea, ez soilik euskal musikan, alegia, musika estilo bat sortu eta bost urtetara akabatzea. Kanibalaren kanta.

Bertze iruzkin oso bat merezi duen Ero (Elkar, 1997) argitaratu, banda desegin eta hurrengo diskoa sagardotegi batean grabatu zuten Tapia eta Leturiak. Jada talderik gabe, estudiorik gabe, artifiziorik gabe, biluzik, trikitixa eta panderoa lagun bakar gisa hartuz. Eta orduan ere, norbaitek musika gogorra gitarra pisutsuen esklusiba zela uste bazuen, Tapia eta Leturiak, bikoteak, ez bandak, Euskal Herrian inoiz argitaratu den soinu gogorrenetakoa duen diskoa egin zuen. Hardcore hutsa: disko bikoitza, 51 kantu, ia bi ordu eta erdiko musika, zuzenean, post-produkziorik gabe eta gortzeko moduko bolumenean.

Adierazpen umil eta garbia, nostalgiarik gabekoa. Ozen eta zabal, ordura arte egindako bidearen leitmotiv-a onartu ez ezik, anplifikatzen zuena: sagardotegia da gure laborategia.

ETIKETAK:BatizFernan IrazokiFernando LeitzaJoseba TapiaMikel ArtiedaNegu GorriakTapia eta LeturiaTapia eta Leturia BandXabier Berasaluze 'Leturia'