2018.05.17
Hiruzpalau urteaz behin disko bat argitaratzeko ohitura gordez, bosgarren diskoa dakar besapean Markos Untzetak (Eibar, Gipuzkoa, 1970). Datorren astean aurkeztuko du Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak), Esku Hutsik taldearen laguntzaz grabaturiko lana. Azken urteetan zuzenekoetan lagundu dioten musikariek osatzen dute Esku Hutsik: Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa), Anjel Ituarte (baxua) eta Iñaki Belaustegi (bateria). Aurreko diskoetan kolaboratzaile ugarik janzten zituzten Untzetaren abestiak; oraingoan berriz, talde izaera indartu etu soinu oinarrizko eta zuzenago baten alde egin du musikari gipuzkoarrak.
Bakarka grabaturiko disko, hala doinuetan nola hitzetan, gordin eta ilun bat argitaratu ostean —Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak, 2014)—, erregistroz aldatu eta argitsuagoa eta itxaropentsua den lan batekin itzuli da Markos Untzeta. Horren adibide da diskoari izenburua ematen dion abestia. Untzetaren biografia musikalean ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu Eguzki gorri bat-ek: rock amerikarra, bluesa, folka, countrya… Tom Petty, Neil Young edota Lucinda Williamsen oihartzunak igarri daitezke haren konposizioetan, baina influentzia horiek guztiak bere nortasunaren galbahetik pasatzeko trebezia eta heldutasuna erakutsi du Untzetak beste behin.